Hegan oinez izango da 2020ko Nafarroa Oinez ekitaldiko leloa. Hala adierazi dute Iruñean eginiko ekitaldian, gaur goizean. Lizarran egingo dute, urriaren 18an. Era horretan, Lizarrako ikastolaren 50. urteurrena ospatu nahi dute. Mende erdia euskara sustatzen. Lelo horrekin, erreferentzia egin diote Lizarratik pasatzen den Ega ibaiari, eta, oinez eginiko lanaren ostean, hegan egiteko ordua dela aldarrikatu nahi dute.
Lizarrako ikastolak haurren eskola indartzea du helburu, haur horien beharretara egokitzeko. Aurrera begirako helburuen artean dituzte eraikinaren jasangarritasuna eta ingurugiroarekiko babesa sendotzea ere. Horretarako, formakuntzarako estrategia egokiak martxan jarri nahi dituzte. «50 urteetan pausorik pauso bidea egin dugu, Lizarran euskaraz bizi eta hazi gara; orain abiadura hartu eta hurrengo 50 urteetarako hegan egin nahi dugu», adierazi dute Lizarra ikastolako ordezkariek.
Jaialdia oinarri zehatz batzuen baitan antolatuko dute. Batetik, antolatzaileek jakinarazi dutenez, euskara izango da ekinaldiaren ardatza: «Euskalduntze prozesuan ikastolak izandako protagonismoa funtsezkoa izan da, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu». Kooperatibismoa eta gizarte lana ere aipatu dituzte, eta nabarmendu dute ikastola «herriaren zerbitzura» jartzeko beharra dagoela. Jasangarritasuna, ingurunearekiko ardura izatea da jarri duten beste oinarrietako bat. Azkenik, etorkizuna izan dute gogoan. «Orain arte aipatutako oinarri guztiak bideratu ahal izateko, belaunaldi berriak behar ditugu, etorkizunean lorpenak segurtatzeko, eta erronka berriei eutsi ahal izateko», ohartarazi dute ordezkariek.
Nafarroa Oinez urte osora zabaltzeko asmoa ere agertu dute: «Nafarroa Oinez urte osoan zehar aurrera eramaten den proiektua da, nafar guztientzako ekimen ugari biltzen dituena». Azaldu dute ekintza horiekin euskararen «ezagutza» eta «erabilera» sustatu nahi dituztela. Besteak beste, Artea Oinez, Txikiak Handi, Guztiok Bagara eta Oinez Berdea dira urte osoan antolatzen dituzten egitasmoetako batzuk.
Argia ikastola, «harro»
Tuterako Argia ikastolaren ardura izan da aurtengo Nafarroa Oinez antolatzea. Urriaren 20an ospatu zuten, Izan argi lelopean. Ordezkariek eskerrak eman dizkiete jaialdira bertaratu eta «eskuzabaltasun osoz» lan egin zuten herritarrei. Eta gaineratu dute «harro» daudela egindako lan guztiarekin: «Euskara eta borondatezko lana eskutik joan dira; alde horretatik, balorazio positiboa egiten dugu».
Jaialdiaren ostean jasotako elkartasuna ere eskertu dute Argia ikastolako ordezkariek. Izan ere, egunean bertan eguraldi txarra egin zuen, eta, azaldu dutenez, ez zituzten aurreikusitako helburuak bete. Hurrengo egunetan, ordea, ikastolako komunitatea osatzen dutenek jendearen «babesa» sentitu zuten.