Nafarroak ostalaritzako eta gaueko aisialdiko ordutegiak zabaldu nahi ditu ostiraletik

Neurriek Nafarroako Auzitegi Nagusiaren onespena beharko dute indarrean sar daitezen. Etxabeak zabaltzea ere baimendu nahi dute, eta garraioetako edukierak handitu.

Iruñeko San Nikolas kalea, gauez. JESUS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 13a
16:52
Entzun 00:00:0000:00:00

Izurritearen bilakaera onbidean dela iritzita, gaur egun ezarriak diren mugak leuntzeko asmoa iragarri du Nafarroako Gobernuak. Bihar helaraziko diete neurri berriak indarrean jartzeko eskabidea epaileei, ostiralean ezartzeko. Gobernuak aurreratu duenez, aldaketek ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren ordutegietan eraginen dute batik bat: ordubete atzeratuko dute ostatuen itxiera ordua; hau da, 02:00ak arte izaten ahalko dira zabalik. Lizentzia bereziak dituzten lokalek 03:00ak arte ematen ahalko dute zerbitzua; diskotekek eta dantzalekuek, 04:30ak arte. Orain arte gisan, debekatua izanen da barran kontsumitzea.

Gainera, neurriek epaileen onespena jasoz gero, etxabeen erabilera baimendua izanen da atzera ere. Dena dela, baldintza batzuk bete beharko dituzte: agiri bat helarazi beharko zaie Osasun Departamentuari eta tokian tokiko Udalari, erabilpen egokia eginen dela adieraziz.

Halaber, garraioan baimendua den gehienezko edukiera zabaldu nahi du Nafarroako Gobernuak. Zehazki, %75era handitu nahi dute muga, eta gogorarazi dute ezinbestekoa izanen dela aireztatze egokia bermatzea.

Edonola ere, neurriok Nafarroako Auzitegi Nagusiaren onespena beharko dute. Epaileek neurri sorta onetsiko balute, ostiralean ezarriko lirateke, eta irailaren 30era arte izanen dira indarrean, gutxienez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.