Poliki baina gelditu gabe, aurrera doa Eliza Katolikoak Nafarroan immatrikulatutako ondasunen ikerketa. Gaur, NUKF Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak jakinarazi du dagoeneko 160 toki entitatek bat egin dutela federazioak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean abiaturiko prozesuarekin. Guztira, 1.027 ondasun bere izenean jarri zituen Elizak ikerketarekin bat eginiko herri horietan, eta immatrikulazio horiek guztiak argitu nahi dituzte. Oraingoz, 459 identifikatu dituzte, eta 108tan «zantzuak edo agiri bidezko ebidentziak» aurkitu dituzte, ondasun horien «balizko jabego publikoa sostengatzeko».
Ikusi gehiago
Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdik eta NUKFeko lehendakari Xabier Alkuazek eman dituzte prozesuaren nondik norakoak, bi erakundeen arteko hitzarmenari jarraipena egiteko batzordearen ostean. Agerraldi horretan azaldu dutenez, 160 toki entitate batu dira ikerketara: 62 udal, hamazazpi udal konposatu eta 82 kontzeju. «Horrek argi erakusten du tokiko erakundeek interesa dutela beren ondarearen egoera argitzeko eta hori defendatzeko tresnak edukitzeko», azaldu du federazioak ohar batean.
Ikerketa dokumentala
Udalen eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren arteko lankidetzak 2021. urtean du abiapuntua: urte hartan, Eliza Katolikoak Nafarroan immatrikulatutako 2.952 ondasunen zerrenda igorri zion parlamentuari, eta hari horretatik tiraka ari dira kasuak banan-banan aztertzen. «Bi erakundeen arteko lankidetzaren helburua da zehaztea immatrikulaturiko ondasun horien artean historikoki udal eta kontzejuena zen jabego publikoko ondarerik badagoen, eta jabego publiko hori berreskuratzerik badagoen», esplikatu dute NUKFko arduradunek.
Horretarako, «ikerketa historiko eta dokumentala» egiten ari dira udalerri eta kontzejuetako artxiboetan, eta baita Nafarroako Gobernuaren menpe daudenetan ere. Horrez gain, «erregistroko eta katastroko dokumentazioa» aztertzen eta «ondasun bakoitzaren ibilbide historikoari» jarraitzen ari dira ikerlariak, «frogak bildu eta ondasun horien balizko izaera publikoa egiaztatzeko».
Ikerketa 2025ean hasi zen ofizialki. Lehen fasean, 26 tokiko erakundetako 176 ondasun ikertu zituzten. «Kasu horietatik 79tan, frogak zeuden balizko jabego publikoa erreklamatzeko». Aurten, hitzarmena berritu dute gobernuak eta federazioak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 50.000 euroren ekarpena eginen du ikerketa eta dokumentazio lanak finantzatzeko.