Atxilotu bat astindu, ukabilkatu eta jo zuen foruzain batek Tuterako (Nafarroa) polizia etxeko ziegan, 2025eko otsailean. Atxilotua aurpegia odoletan zuela utzi zuen, lurrean. Ondoan zegoen beste foruzain batek erasoa ikusi zuen, baina geldiarazi ez. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du bi poliziei ezarritako espetxe zigorra: bederatzi hilabeteko espetxe zigorra batentzat, eta sei hilabetekoa bestearentzat. «Kolpeek ez dute inolako justifikaziorik», adierazi du auzitegiak.
Nafarroako Auzitegiaren Bigarren Atalak apirilean emandako epaiaren kontrako errekurtsoak aztertu ondoren eman du ebazpena auzitegiak, bi polizien defentsak aurkeztutako helegiteak baztertuta. Hala ere, oraingo ebazpenaren kontrako helegitea jar daiteke Espainiako Auzitegi Gorenean.
Ikusi gehiago
Erasoaren egileak, 979 zenbakidun agenteak, atxilotua zegoen ziegan sartu, hura astindu, eta behin eta berriz jo zuen aurpegian, Nafarroako Auzitegiaren Bigarren Atalak frogatutzat jo zuenez. Gainera, arrastaka eraman zuen hanketatik tira eginez, bankutik lurrera botatzeko, eta lurrean utzi, eskuak girgiluz lotuta. Atxilotuak aurpegia odoletan zuela ere, ez zion jaramonik egin. Auzitegiaren arabera, jokabide horrek «menderatze arbitrarioa eta botere abusua» uzten ditu agerian, eta atxilotuaren osotasun fisikoaren aurkako erasoa ez ezik, osotasun moralaren aurkakoa ere bada. Izan ere, magistratuek nabarmendu dute biktima babesik gabe zegoela ziegan: ez zuen modurik erasoari aurre egiteko, ezta beste norbaiti laguntza eskatzeko ere.
Ziegetako segurtasun kamerek gertakariak grabatu zituzten. Atxilotuak, gainera, ospitaleko larrialdi zerbitzuetara jo zuen biharamunean. Han, hantura eta hematoma bat antzeman zizkioten sudur zubian, azala higatuta eskuineko eskapula inguruan, eta hematomak bi belaunetan.
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren arabera, erasoaren aurretik «probokazioak» izan ziren atxilotuaren eta foruzainen artean, defentsak argudiatu bezala, baina horrek ez ditu kolpeak justifikatzen. «Gerta zitekeena azal dezakete, baina inola ere ez justifikatu», ondorioztatu du auzitegiak. Erabilitako indarra ez zen «beharrezkoa», auzitegiak nabarmendu duenez, eta agenteek bazekiten atxilotuak jokabide gatazkatsuak eragin zitzakeen nahasmenduren bat zuela.
«Huts egin zuen bere karguari dagozkion betebeharretan»
Sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dioten agenteak, 570 zenbakidunak, ez zion kolperik eman atxilotuari, baina besteak emandakoak ikusi bai. «Erasoaren zuzeneko lekuko izan zen», dio auzitegiak. Foruzain horrek 26 urte zeramatzan polizia gisa, eta, beraz, «eskarmentu» nahikoa bazuen, autoan jasotzen denez. Horregatik, auzitegiaren arabera, foruzainak esku hartu behar zuen: «Zer gertatzen ari zen ikusita, 570 agenteak indarkeria eten zezakeen 979ari keinu soil bat edo ohartarazpen bat eginez gero», adierazi du.
Are gehiago: halakorik egin ez, eta ziega utzi zuen poliziak. Handik gutxira, beste eraso bat gertatu zen: atxilotua lurrera bortizki bota, behin eta berriz jo eta eskuburdinak jarri zizkion 979 zenbakidun foruzainak. Beraz, auzitegiak ebatzi du 570 agenteak «bere karguari dagozkion betebeharretan huts egin» zuela, eta berretsi egin du «osotasun moralaren aurkako delitu batengatik» jarritako sei hilabeteko espetxe zigorra eta bi urteko inhabilitazioa.
979 zenbakidun agenteak, berriz, bederatzi hilabeteko espetxe zigorra bete beharko du osotasun moralaren aurkako delituagatik, eta 600 euroko isuna ordaindu, lesio delitu arinagatik. Gainera, hiru urtez inhabilitatuta egongo da enplegu edo kargu publikoak betetzeko. Era berean, 979 zenbakidun agenteak 350 euro ordaindu beharko dizkio biktimari lesioengatik, eta beste 3.500 euro lesioen ondorioengatik. Bi agenteek, batera eta solidarioki, beste 4.000 euro ordaindu beharko dituzte kalte moralagatik. Nafarroako Gobernua erantzule zibil subsidiariotzat jo dute.
Hirugarren akusatuari, 1442 zenbakidun agenteari, ez diote erantzukizun penalik ezarri. Nafarroako Auzitegiak absolbitu egin zuen, eta Auzitegi Nagusiak ere ez du haren kontrako zigorrik ezarri.