Hamar urte igaro dira UPN Nafarroako Gobernutik kanporatua izan zenetik. UPN gobernuan ia 25 urtez egon ondoren, berrantolaketa bat egin behar izan zen alor instituzionalean. Bada, ordutik hona ezarritako antolaketa aztertzeko asmoz, ELAren Manuel Robles Arangiz fundazioak 10 urte UPN gabe txostena kaleratu zuen hilabete hasieran: kritiko azaldu da zerga sistemari, euskararen arloko politikei, etxebizitzari eta lan arloko neurriei dagokienez, besteak beste. Txosten hori aintzat hartuta, zenbait alorretako ordezkariak elkartu dira gaur Iruñeko Katakraken, 10 urte UPN gabe mahai inguruan, eta aztergai izan dute Nafarroan azken hamar urteotan egindako bidea. Nahiz eta 2015ean gertatutakoa «aldaketa politiko» izendatu zen, oraindik bide luzea dago egiteko, hizlarien ustez; eboluzio bat egon da UPNren sasoitik, bai, baina uste zen bezainbesteko aldaketarik ez.
Hutsik zeuden egurrezko aulkiak bete dira poliki-poliki. Hasieran, ELAren txostena eskuetan zuten zenbait lagun baino ez zeuden. Azkenean, baina, gela betez joan da, eta jendearen zurrumurrua, beraz, ozenduz. Erdigunean, sofa berde batean eta auki beltzetan eserita, hizlariak. Saioa Urriza mahai inguruaren moderatzaileak hartu du hitza, eta elkarrizketa hasi da, 10:30ean. 2015etik gaur egun arte Nafarroan egon diren aldaketei erreparatu diete, feminismoa, pobrezia, etxebizitza arloa eta kapitalismoa aintzat hartuz azterketa egiteko orduan, besteak beste.
Patxi Zamora Kontuz elkarteko eledunak «ospatu beharreko arrakasta» gisa ikusten du 2015eko gobernu aldaketa, UPNrekin egoera «tamalgarria» zela iritzita: «Politikoki oso leku aktiboan bizi gara: horregatik izan ziren mobilizazio asko, eta horri esker lortu zen garaipena». Zamorak aipatu du UPN Nafarroako Gobernutik kanporatu zutenekoa iltzatuta dagoela nafar askoren gogoan, eta «pozez» eta «ilusioz» hartu zutela; haren arabera, gertakari hark frogatu zuen bazegoela aukera paradigma politikoa aldatzeko. Hala ere, garaipenaren zapore gazi-gozoa du oraindik ahoan: «Egiten diren iraultza guztiek barne kontraesanak dituzte». Zamorak begi onez ikusten du 2015ean gertatutakoa, baina azpimarratu nahi izan du oraindik asko dagoela lantzeko: «Aurrerantzean ere, eliteak publikoki eta etengabe jarri behar ditugu zalantzan».
UPNren dinamika apurtu zenean Nafarroako elite horiekin zer gertatu zen sakonki ikertua du Ruben Lasherasek —NUPeko ikertzailea da, eta pobrezia du aztergai—: «2015ean, murriztu egin zen ondare handiak aitortu zituzten pertsonen kopurua, atzerrira joan baitziren, Suitzara». Nahiz eta askok ihes egin, multzo horretako zazpi dira Nafarroan aberastasun gehien dutenak, ikerlariaren arabera: 2.000 milioi euro inguru, hain zuzen ere.
Beraz, pobreziak okerrera egin ote duen galdetuta, Lasherasek argi du erantzuna: «Desberdintasunak okerrera egin du. Arazoa ez da pobrezia, aberastasuna desberdin banatzea baizik». Baina pobreziak ez die denei berdin eragiten, eta ikertzaileak azaldu duenez, batez ere migranteei, 16 urtetik beherakoei eta emakumeei eragiten die. Lasherasek adierazi du herritar horiei ez zaiela behar besteko laguntza ematen, eta, are, gizarteak gaitzetsi egiten dituela askotan; bide beretik, gogorarazi du pobrezia oinordetzan jasotzen dela: «Pobreziak harrapatu egiten ditu pobre bizi diren horiek, eta haien ondorengoak ere bai».
Atzera begira
Amaia Zubieta militante feministak, aldaketaz jositako bide bat ikusten du atzera begiratzean: «Feminismoari esker, gauza asko aldatu dira hamar urte hauetan. Baina aurrerapausoak egitea oso neketsua da, eta atzera egitea, oso erraza». Aurrerapen horiek funtsezkotzat jo ditu Zubietak, eta argitu UPNrekin «ezinezkoa» izango litzatekeela bide hori egitea. Urteetan garatutako legeak aipatu ditu, baina horiek aurrera eramateko egon diren zailtasunak ere: «Ohitura dago berdintasun egiturak eta politikak ezartzeko, baina, benetan aldaketa sakonak egiteko, ezinbestekoa da zeharkako politika garatzea, lege horiek benetan eragin dezaten». Adibide gisa aipatu du hurbileko erasoak identifikatzeko dauden arazoak: lagunen artean, familian eta lanean. Halere, adierazi du hamar urteotan feminismoak indar handia hartu duela Nafarroan, harro adierazi ere, eta gazte asko batu direla mobilizazioetara, parte hartzeko gogoz. Nolanahi ere, kezka ere agertu du Zubietak, zenbait joera faxista ere presente daudelako gazteen artean.
Aurreko hizlarien esanak entzun ondoren, Iker Narbona Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak hartu du mikrofonoa, eta horrela laburbildu du 2015etik Nafarroan izandako bilakaera: «Azken hamar urteetan, langile klasearen egoera okertu egin da etxebizitzaren esparruan. Gero eta zailagoa da etxebizitza bat eskuratzea, eta gure diru sarreren gero eta parte handiago bat baliatu behar dugu etxebizitza ordaintzeko». Etxebizitzaren krisia kapitalismoaren krisiarekin lotu du sindikatuko kideak, eta adierazi azken hamarkadan kuantitatiboki «hobekuntza» bat egonda ere etxebizitzaren egoera ez dela askorik aldatu: «Gaur egun boterean daudenek marko bereko politikak proposatzen dituzte, hau da, sustatzaileen eta alokatzaileen irabazi marjinari lotutako etxebizitza politikak». Eredu horrekin apurtzea proposatu du hizlariak, eta nahiko luke etorkizunean etxebizitzarako sarbidea doakoa eta unibertsala izatea.
Hizlariak entzun ondoren, ikusleen zurrumurruak kafearen eta bizkotxoen mahaira mugitu dira. Hor jarraitu du solasaldiak pixka batean, harik eta berriz ere egurrezko aulkietan esertzeko garaia iritsi den arte, hurrengo hitzaldia entzuteko.