Guztira 625 adingabe daude Nafarroako babes sistemaren zaintzapean

Nafarroako Gobernuak haurrak eta nerabeak babesteko etxe, erresidentzia eta bestelakoen sare bat osatua du, hainbat fundazioren laguntzaz. Barrik dauden 163 adingabe daude sistema horren barruan. Lau gazte migrantek euren esperientziaren berri eman dute.

Ndaye Seck, Taha Fatah, Souffiane Elarch, Yousseff Rahou, gaur, Nafarroako Jauregian. NAFARROAKO GOBERNUA
Ndaye Seck, Taha Fatah, Souffiane Elarch, Yousseff Rahou, gaur, Nafarroako Jauregian. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
Iruñea
2025eko azaroaren 11
15:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adingabe migranteak eskuin muturraren jomugan daude, eta gorroto mezuak ugaritzen ari dira sare sozialetan. «Kezkagarria zaigu ikustea gizartean ugarituz doazela adingabe hauen inguruko ikuspegi partzialak eta urrunduak». Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilaria jabetzen da gizarteak ez duela ezagutzen beharrak dituzten adingabeak babesteko sistema, baina egun 625 daude haren aterkiaren pean. Horietatik 126 bakarrik daude. Gainera, 18 eta 21 urte arteko beste hirurehun gazte zaintzen dituzte sistema horretako programen barruan.  

Haur eta gazte horiek guztiek egoera zaila eta konplexua dute, eta Maeztuk beharrezkotzat jo du gaur horren berri ematea komunikabideei. Kontseilariarekin batera izan dira Ines Frances Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendaria eta Amalia Cuartero Haurren, Nerabeen eta Familien Arloko zuzendaria.

Urtetik urtera, beharrak eta baliabideak handitzen ari dira. Duela hamar urte, 197 adingabe artatzeko tokia zuen babes sistemak, eta, egun, 546rentzako tokia dago —iaz, beste ehun postu sortu ziren—. Azken sei urteetan aurrekontua bi halakotu egin da: 25 milioi eurokoa zen duela sei urte, 50 milioikoa da aurten, eta, aurrekontu proiektuan, 66 milioi eurokoa izango da datorren urtean.

Arduradunek azaldu dutenez, babes sistemak hainbat geruza ditu. Oinarrizko zerbitzuek aztertzen dute noiz ez diren asetzen adingabe baten behar guztiak —materialak, emozionalak zein bestelakoak—, eta, arriskua ikusiz gero, familiarengandik bereizten dituzte. Bakarrik dauden adingabe migranteak zuzenean hartzen dituzte sistemaren barruan. Lehentasuna da harrera familia batek hartzea, baina, bestela, zentroak daude, eta sare oso bat. Egun, 260 adingabe daude harrera familien zaintzapean.

Maezturen arabera, azken urteetan Nafarroak nabarmen handitu ditu baliabideak. Zentroez gain, etxe eta erresidentzia sare bat dago, «haur eta nerabeek euren bizitza eta nortasuna berreraiki ditzaten hartan». Gobernuak hitzarmenak ditu hainbat fundaziorekin (Ilundain, Xilema, Nuevo Futuro, Ginso, Berriztu eta Kinso Aequelitas). Hezkuntza arloko ibilbideak ez ezik, kulturak eta kirolak ere garrantzi berezia dute. 

Testigantzak

Maezturekin batera izan dira Nafarroara bakarrik heldu ziren lau neska-mutiko ere, eta euren esperientziaren berri eman dute: Souffiane Elarch, Ndaye Seck, Taha Fatah eta Yousseff Rahou. 17 eta 18 urte artekoak dira denak. Fatah, kasurako, duela lau hilabete heldu zen Nafarroara, Marokotik Libiaraino kamioi batean bidaiatu eta handik ontziz Iberiar penintsulara sartu ostean: «Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan nago, eta futbol talde batean jokatzen dut».

Horietako bakoitzaren atzean istorio zail bat dago, baina irribarreari eusten diote oraindik. Ikasteko gogoa erakutsi dute, eta, kamerak eta kazetariak aurrean izanik ere, ez zen nabari urduri zeudenik. «Elektromekanika ikasten jarraitu nahi dut, goi mailako gradu bat atera, eta enpresa batean lan egin», azaldu du Elarchek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.