Nafarroako balorazio batzordeak estatu indarkeriaren beste 65 biktima aitortu ditu azken urtean, torturatuak gehienak

Martin Zabalzak azaldu duenez, 217 eskaera jaso dituzte, eta denera 106 laguni egin diete aitortza batzordea abiarazi zutenetik. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek batzordearen lana eskertu dute; UPNk eta PPk, aldiz, haren kontra egin.

Zabalza, gaur goizeko agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Zabalza, gaur goizeko agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko otsailaren 27a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako motibazio politikoko biktimen aitortzarako eta erreparaziorako batzordeak estatu indarkeriaren eta eskuin muturraren 65 biktima aitortu zituen iaz, Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza zuzendari eta batzorde hartako buruak jakinarazi duenez. Batzordeak, baina, badu lana oraindik ere, Zabalzak azaldu duenez, eskaerak ugaritu egin baitira urtez urte. Oraingoz, 217 eskaera egin dituzte, eta horietatik 106k jaso dute aitortza.

Estatuaren biktimak aitortzeko 16/2019 Foru Legeak ezarri bezala, Zabalzak Nafarroako Parlamentuan aurkeztu du batzordearen urteko txostena. Eta hark emandako datuek iradokitzen dute balorazio batzordea biktimen konfiantza bereganatzen ari dela egindako lanaren bidez. Izan ere, 2023an 50 aitortza eskaera jaso zituzten, 2024an 75, eta iaz 92.

Horiek horrela, batzordea lanean ari da eskari horietako bakoitza aztertu eta ebazteko. Memoria eta Bizikidetza zuzendariak azaldu duenez, taldeak bederatzi bilera egin zituen iaz, eta denera 71 ebazpen eman: 65 kasutan, aitortza ematea onetsi zuten, eta gainerako seiak atzera bota. Biktima gisa aitortutakoen artean, 44 gizon eta 21 emakume daude. Horietako bat tiroz hil zuen zerbitzuz kanpo zegoen polizia batek. Aitortutakoen arteko 55, baina, torturaren biktimak dira, eta ia denak (52) inkomunikatuta ere egon ziren atxilotu zituztenean.

Gainerako kasuak kalte psikologiko, fisiko eta materialak pairatutako biktimenak dira; tartean, eskuin muturreko talde batek tiroz larri zauritutako pertsona bat, Potasas enpresako lan gatazkan gomazko pilota batek jota begi bat galdu zuen bat, eta 1978ko sanferminetan tiroz zauritutako bat.

Aitortza ebazpenik jaso ez dutenei erreparatuz, berriz, Zabalzak azaldu du sei kasu horietatik lautan ez dela baieztatu «gertaeren eta eskatzaileak kontatutako kalteen arteko kausalitatea», eta beste bietan ebatzi zuten «adierazitako urraketak» ez zirela izan batzordearen aitortza jasotzeko adinakoak.

106 lagunek jaso dute aitortza: horietatik zazpi segurtasun indarrek hildakoak dira, 71 torturaren biktimak, eta gainerakoak kalte fisiko, psikologiko eta materialak pairatutakoak. Nafarroako Gobernuak guztira 1.815.000 euro inguru jarri ditu horiei erreparazio ekonomikoa emateko

Horrez gain, bederatzi prozesu eten egin dituzte behin-behinean. Zazpi kasutan, bestelako erakundeei egindako informazio eskaerak daude tartean. Beste bi espedienteei dagokienez, berriz, Auzitegi Nazionalean martxan den prozesu judizial bat izan da batzordea lana etetera behartu duena. Zabalzak azaldu duenez, auzi bat martxan da biktimatzat aitortzea eskatzen den pertsona horren desagerpenaren inguruan.

Denbora tarte zabalagoari erreparatuz, batzordea eratu zenetik 106 lagunek jaso dute aitortza: horietatik zazpi segurtasun indarrek hildakoak dira, 71 torturaren biktimak, eta gainerakoak kalte fisiko, psikologiko eta materialak pairatutakoak. Nafarroako Gobernuak denera 1.815.000 euro inguru jarri ditu horiei erreparazio ekonomikoa emateko. Era berean, oraindik 99 espediente geratzen zaizkie ebazteko: horietatik 64 tramiterako onartuak dituzte jada, eta 54 elkarrizketa ere egin dituzte.

UPN eta PP, legearen kontra

Batzordean, bi ildo nagusi azaleratu dira alderdien artean. Batetik, UPNk eta PPk ezbaian jarri dute batzordearen lana, eta adierazi estatu indarkeriaren biktimak aitortzeko legearen kontra daudela. UPNko Isabel Olabek adierazi du «indarkeria mota guztiak gaitzesten» dituztela, eta ondorioz, baita torturak eta tratu txarrak ere. Hortik aurrera, baina, ETAren indarkeriak pisu nabarmena hartu du haren hitzaldian: esan du 16/2019 legeak eta balorazio batzordearen lanak estatuaren eta ETAren biktimen arteko «desberdinkeria» sustatzen duela, azken horien kaltetan, eta EH Bilduren «kontakizuna» hauspotzen duela. Hain zuzen ere, ukatu egin du Euskal Herrian tortura «sistematikoa» izan dela.

UPNk eta PPk erabilitako beste argudio bat izan da estatu indarkeriaren biktimei ebazpen judizialik baliatu gabe egiten zaiela aitortza, eta bi alderdi horiek ez daude ados jarduteko modu horrekin. Hala adierazi du PPko Javier Garciak: «Uste dugu ezin dela biktima bat aitortu biktimarioa nor den zehaztu gabe. Errealitatea indargabetzen du, eta desberdintasunak sortu».

Gainerako alderdiek ez ezik, Zabalzak ere egin die kritika bi ordezkari horiei. Balorazio batzordeko buruak gogoratu die ETAren biktima gehienek ere administrazioaren bidetik jaso dutela aitortza, eta legearen kontra jartzea NBEren, Europako Batasunaren eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren irizpideen aurka jartzea dela, baita Espainiako eta Nafarroako legedien kontra ere. «Guk ez dugu kontakizunik egiten: guk giza eskubideen urraketen biktimak aitortzen ditugu», gaineratu du.

«Icebergaren tontorra»

Zabalzak esker oneko agertu da gainerako alderdiekin, eta pozik azaldu da «gehiengo soziala» ordezkatzen dutenek batzordearen lana babesten dutelako. Hain zuzen, nahiz eta bakoitzak bere ikuspegia izan azken urteetan jazotakoei buruz, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek goraipatu egin dute lan hori. Hala nola PSNko Javier Lekunberrik esan du «esparru demokratikoko borrokatik» kanpoko «gehiegikeria eta egoera jakin batzuk» izan zirela.

EH Bilduko Irati Jimenezek, berriz, adierazi du orain arte argitutakoa «icebergaren tontorra» besterik ez dela, eta biktima kopurua «izugarria» dela: adibide gisa, aipatu du patroi argi bat dagoela tortura kasuetan, inkomunikazio aldiarena. Jimenezek gehitu du batzordea biktimen konfiantza eskuratzen ari dela, eta horregatik ugaritzen ari direla eskaerak urtez urte. Horren harira, Egiari Zor eta Nafarroako Torturatuen Sarea egiten ari diren lana ere eskertu du.

Nafarroako Gobernuak jendaurreko bi ekitaldi egin ditu aitortutako biktima horiek omentzeko, eta Jimenezek Zabalzari galdetu dio ea beste bat egiteko asmoz den gobernua. Geroa Baiko Mikel Asiainek, berriz, beste aurrerapauso bat emateko eskatu du: galdegin du ekitaldi hori Nafarroako Parlamentuan egitea. Argudiatu du halako ekitaldiak egin izan direla han ETAren eta frankismoaren biktimekin, eta gauza bera egin beharko litzatekeela estatu indarkeriaren biktimekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.