Pobreziak hozkailua hustea ez ezik, osasunari ere kalte egiten dio. Hori da Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Nafarroako Elikagaien Bankuarekin (NEB) batera egin duen ikerketaren ondorio nagusia. Adierazi dute horrek agerian uzten duela elikagai bankuetako erabiltzaileen osasunaren eta populazio osoarenaren artean «osasun arrakala handia» dagoela.
Nafarroako Elikagaien Bankuko 350 erabiltzaile elkarrizketatu dituzte ikerketa egiteko; horietatik %70 emakumeak ziren, eta batez besteko adina 45,5 urtekoa. Lanak, gainera, Nafarroako testuinguru sozialean kokatu ditu datu horiek; Espainiako Estatuko per capita errentarik handienetako bati eusten dion arren, eta pandemiaren ondoren ekonomia nabarmen suspertu den arren, hazkunde hori ez da berdin iritsi herritar guztiengana.
Emaitzek erakusten dute Elikagaien Bankuak artatutako pertsonek adierazle okerragoak dituztela aztertutako alor guztietan, eta batez ere osasun mentalean eta min fisikoan. Hamar erabiltzailetatik seik baino gehiagok diote antsietatea edo depresioa pairatzen dutela, eta Nafarroa osoko biztanleek adierazitakoarekin alderatuta —hamar biztanletatik bi—, nabarmen okerragoa da datu hori. Era berean, %55,7k adierazi dute min edo ondoez fisikoa dutela, Nafarroako batezbestekoa baino hogei puntu gehiago. Halaber, muga handiagoak dituzte eguneroko jarduerak egiteko, mugikortasun arazo gehiago dituzte eta beren osasun egoeraren pertzepzio orokorra okerragoa da.