Nafarroako Gobernua aztertzen ari da Valtierrako alkateari salaketa jartzea, migratzaileen inguruko «gorroto adierazpenak» egiteagatik

Manuel Resa Valtierrako alkateak adierazi du migratzaileak «dirutza handia kostatzen» direla, eta migratzaile adingabeek «eskubide guztiak» dituztela, baina «betebehar bakar bat ere ez».

Manuel Resa, Valtierrako alkatea. VALTIERRAKO UDALA
Manuel Resa, Valtierrako alkatea. VALTIERRAKO UDALA
Isabel Jaurena.
2025eko abuztuaren 27a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Manuel Resa Valtierrako (Nafarroa) alkateak migratzaile adingabeei buruz egindako «gorroto adierazpenak» kritikatu ditu Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak. Errandakoak «onartezinak» direla adierazi du Ollok, eta migratzaile adingabeen gaineko gorrotoa sustatzen dutela. Halaber, horren inguruan Nafarroako Gobernuak nola jokatuko duen galdetuta, adierazi du aztertzen ari direla zer «lege ekintza» hartu ahal diren. 

Cadena Ser irratian egin ditu adierazpenak Resak, erranez migratzailek «dirutza handia kostatzen» direla: «5.000 euro hilabeteko». Halaber, erran du migratzaile adingabeek «eskubide guztiak» dituztela, baina «betebehar bakar bat ere ez».

Diru laguntzak

Ez da lehenbiziko aldia Valtierrako alkateak migratzaileen kontrako jarrera erakusten duena. Hain zuzen, jaiotzei lotutako diru laguntza batzuk jarri zituzten indarrean, eta horiek lortzeko baldintzetako batek hautsak harrotu zituen. Izan ere, diru laguntzak lortzeko, bertzeak bertze, gutxienez gurasoetako batek hogei urtez herrian erroldatuta egon behar du. Hori ikusita, Nafarroako Gobernuak laguntza horiei buruzko txosten bat eskatu zion Nafarroako Kontseiluari, baldintzak atzerritarrendako diskriminatzaileak izaten ahal zirela argudiatuta.

Bada, txosten horren arabera, laguntza horiek «zalantza larriak» erakusten dituzte «ordenamendu juridikora egokitzerako orduan». Halere, alkateak adierazi du horiekin aurrera egiteko asmoa duela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.