Nafarroako Gobernuak 2027an abiatu nahi ditu Etxabakoitzen 11.500 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko lanak

Lurralde Kohesiorako Departamentuak ikusgai jarri du Etxabakoizko hirigintza planaren moldaketa. AHTaren geltoki berriaren etorkizunari lotua dago proiektua.

Oscar Txibite kontseilaria, Maria Txibite lehendakariaren ezkerretara, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE
Oscar Txibite kontseilaria, Maria Txibite lehendakariaren ezkerretara, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko abuztuaren 20a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia hogei urte joan dira Nafarroako Gobernuak —garai hartan UPNren eskuetan— AHT abiadura handiko trenaren Iruñeko geltokirako lehen hirigintza plana diseinatu zuenetik. Bi auzori eragiten zien 2007ko proiektu hark, nagusiki: Sanduzelairi eta Etxabakoitzi. Sanduzelain, helburua zen egungo tren geltokia —eta hiriaren iparraldeko auzoak inguratzen dituen trenbide korapiloa— eraistea eta, haren ordez, milaka etxebizitza altxatzea; Etxabakoitzen, berriz, tren geltoki berri bat eraikitzea, Iruñera «aurki» iristekoa zen AHTarentzako. Inguru horretan ere zientoka etxebizitza eraikitzekoak ziren. 9.000, bi auzoen artean.

AHTaren Nafarroako korridorea eraikitzeko lanak atzeratu ahala, ordea, katramilatu egin zen Etxabakoizko hirigintza proiektua ere. UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatuta ere, atzerapenak bata bestearen atzetik pilatu zitzaizkien sustatzaileei. Maria Txibiteren gobernuak berriz heldu zion proiektuari iaz, eta bitan banatu zituen proiektuak: alde batetik, tren geltoki berriarena; eta bestetik, haren inguruko hirigintza proiektua.

Horrekin batera, handitu egin zuen planean jasotako etxebizitza kopurua: 9.000 inguru ziren jatorrizkoan, eta 12.194 berrian. UGEP horri zuzenketa ugari egin zizkieten udalek, eta, horiek jasota, proiektua moldatu du Lurralde Kohesiorako Departamentuak. Oscar Txibite kontseilariak gaur azaldu duenez, plan berria ikusgai izanen da 45 egunez, gobernu irekiaren webgunean. Denbora horretan, herritarrek eta erakundeek aukera izanen dute proiektua irakurtzeko eta iradokizunak egiteko.

Nafarroako Gobernuak 2026rako bukatu nahi luke UGEParen tramitazioa, eta, bestelako atzerapenik izan ezean, 2027an hasiko lirateke Etxabakoizko lanak. Lehen proiektua onartu eta hogei urtera, hain zuzen.

11.512 etxebizitza

Txibiteren esanetan, Lurralde Kohesiorako Departamentua «kontsentsua» lortzen saiatu da behin betiko dokumentua onartzeko bidean: «Gure lehentasuna izan da irizpideak eta ikuspuntuak bateratzea, Iruñerrian etxebizitza eskuragarri gehiago izan ditzagun».

Aurreko zirriborroari eginiko moldaketen artean, UGEParen azaleraren murrizketa aipatu du, 2.410.000 metro koadrokoa izanen baita aurrerantzean: aurreko bertsioan baino %4 gutxiago. Horrez gain, Zizur zendean eraikitzekoak ziren etxebizitzak kendu dituzte planetik, eta, horien ordez, hirugarren sektorerako eta merkataritzarako erabilera emanen diete lursail horiei. Horiek horrela, eraiki nahi duten etxebizitza kopurua ere murriztu egin da planaren azken bertsioan: 11.512.

AHTari buruz, Txibitek esan du gobernua «lanean» ari dela Iruñerriko AHTaren partzuergoarekin hitzartutakoa betetzeko, eta batzorde tekniko bat osatuko dutela «aurki», Etxabakoizko UGEParen «garapen orekatua bermatzeko». Kontseilariaren esanetan, txosten juridiko bat ere prestatzen ari da gobernua, eraiste lanen legezkotasuna aztertzeko, eta harremanetan da lanek kalte eginiko herritarrekin, «haien eskaerak aztertzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.