Nafarroako Gobernuak beste zazpi torturatu aitortu ditu

Nafarroako Gobernuaren Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak emandako aitortzak 1980tik 2011ra arteko zazpi kasu jaso ditu azken balorazioetan. Guztira 94k lortu dute bost urtean.

NAFARROAKO GOBERNUAREN EKITALDIA
Nafarroako Gobernuak indarkeria politikoaren biktimak aitortzeko egin zuen lehen ekitaldi ofiziala, maiatzean. IÑIGO URIZ / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko azaroaren 20a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Giza eskubideen urraketa larria» jasan zutela aitortu die Nafarroako Gobernuaren Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak zazpi nafarri, 16/2019 legearen anparoan. 1980 eta 2011 artean atxilotu zituzten zazpiak, eta haien tortura kasuen aitortza egiten du azken ebazpenak.

Polentzi Goikoetxea Barandiaran 1980an birritan torturatu zutela ebatzi du, lehenik Guardia Zibilak eta gero Brigada Politiko Sozialak. Jose Maria Aleman Zabaleta 1982an Guardia Zibilak torturatu zuela ebatzi du. 1997an eta 2011n Patxi Arratibel Garziandia Guardia Zibilak torturatu zuela jaso du. 2001ean Leire Markina Rey Espainiako Poliziak 1999an jipoitu zuela aitortu du, eta 2001ean Guardia Zibilak torturatu zuela. Luis Goñi 2008an Guardia Zibilak torturatu zuela onartu du. Urte berean Espainiako Poliziak Araitz Amatria Jimenez ere torturatu zuela jaso du txostenak, eta, azkenik, 2009an Ainara Bakedano Cuaresma Guardia Zibilak torturatu zuela ere ebatzi du. Guztira, indarkeria politikoa jasan eta orain arte aitortza ofizialik ez zuten 94 pertsonak lortu dute gobernuak aintzatestea jasandako giza eskubideen urraketa. Halakorik pairatu eta oraindik eskaera aurkeztu ez dutenak aurkeztera animatu ditu torturatuen sareak.

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek abiatutako Egiaren garaia da dinamikak ontzat jo ditu ebazpen horiek, eta estatu indarkeriak azaleratzeko lanetan sakontzera deitu du, «estatu indarkeriari lotutako inpunitatea amaitzeko». Bost urte badira bide horri ekin ziotela, eta baliagarritzat jo dute orain arte egindako lana.

«Ebatzitako kasu berri hauek adierazten dute konstituzio aroan ere inpunitate osoz torturatu zela»

NAFARROAKO TORTURATUEN SAREA ETA EGIARI ZOR 

Frankismoaz haragoko inpunitatea

Oharrean aipamena egin diote Francoren heriotzaren 50. urtemugari. «Argi geratzen da torturak diktaduraren eta trantsizioaren testuingurua gainditu zuela. Ebatzitako kasu berri hauek adierazten dute konstituzio aroan ere inpunitate osoz torturatu zela, eta estatuak mekanismo sistematiko oso bat martxan izan zuen euskal herritarren aurka, XXI. mendeko bigarren hamarkada arte».

Gogoetarako deia egin dute, bi zentzutan: batetik, zergatik Poliziak sistematikoki erabili zuen auzi batzuetan tortura; bestetik, zergatik ireki zen bidea hori egiteko erabateko inpunitatea egon zedin. Hain zuzen, horren bidez lortu nahi dutena da berriz ez gertatzeko bermeak jartzea.

Nafarroako torturatuen sareak dei egin die estatuaren indarkeria jasan zutenei aitortza eskaerak aurkez ditzaten. 2027ko uztailera arte dago epea zabalik, eta sarean prest daude laguntza emateko, prozedura nola den azaltzeko eta bidelagun izateko.

aitortuak

94

Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak aitortu du, orain artean, 94 pertsonak pairatu zituztela estatuko polizia indarrek eragindako giza eskubideen urraketa larriak. Horietatik sei dira hildakoak, 61 torturatuak, 19 kalte fisiko eta psikologikoak izandakoak, bi kalte materialak pairatutakoak, beste bat torturez gain lesio fisikoak eta kalte materialak sufritutakoa, beste bat torturaz gain kalte materialak ere pairatutakoa, eta beste lauk lesio fisikoak eta kalte materialak jasan zituzten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.