Gobernuaren izenean, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Javier Remirez Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak sinatu dute aurrekontu akordioa. EH Bilduren izenean, Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz parlamentariek. Saizen esanetan, akordioa «pauso irmo bat» da «aurrekontu sozial» batzuk onartzeko bidean. Kontseilariak adierazi du berdintasun eta trantsizio energetikorako legeetan eta lan eta pentsio politiketan izango duela eragina akordioak, besteak beste. Halere, Saizek nabarmendu du horiek guztiak jada «lehen mailako» auziak zirela gobernuarentzat.
Ogasun kontseilariak jakinarazi du otsailaren 3an onartuko dutela gastu muga; iazkoa 16,7 milioi igoko dute. Akordioa sinatuta, otsailaren 27an aurrekontuen bozketa aurrera aterako da Nafarroako Parlamentuan. Itunak hainbat konpromiso jasotzen ditu, eta zuzenketa partzialen bidez txertatuko dituzte aurrekontu proiektuan.
Akordioaren ondorioz, pentsio duinen aldeko xedapen bat jasoko dute aurrekontuetan, pentsio osagarriak 1.080 eurora igotzeko aukerak aztertzeko. Nafarroan gutxieneko soldata 1.200 euroan ezartzeko konpromisoa ere baieztatu dute. Hezkuntza arloan, 0-3 urteko hezkuntza zikloa duintzeko konpromisoa sinatu dute, lan baldintzak hobetuz eta ratioak jaitsiz. 2021ean Nafarroako Finantza Institutua sortuko dutela ere aurreratu dute. Gainera, despopulazioaren aurkako plan bat garatuko dute.
Bi aldeak pozik azaldu dira akordioarekin, eta, «negoziazio giro egokia» sortu dela onartu arren, azpimarratu dute akordioak aurtengo aurrekontuei bakarrik eragiten diela. Hau da, ez da legealdi osoko ituna. Adolfo Araizek azaldu du «akordio politikoaren balorea» azpimarratu behar dela, asteetako negoziazioen ostean. EH Bildu «pozik» dagoela esan du, eskuin eta ezker aukeratzeko orduan Nafarroako Gobernuak ezkerraren aldeko hautua egin duelako.
Akordioan zehaztutakoaren arabera, aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketa guztien kontra bozkatuko du EH Bilduk, eta proiektuaren bideragarritasuna bermatuko du. Era berean, itunaren sinatzaileek bere egin dute eurek aurkeztutako zuzenketa partzial guztien alde bozkatzeko.
Honako hauek dira gaur sinatutako akordioaren konpromiso garrantzitsuenetako batzuk:
Despopulazioaren aurkako plana
Gastu muga handitzearen ondorioz erabilgarri dagoen diru kopurutik bost milioi euro erabiliko dituzte despopulazioaren aurkako plan bat garatzeko. 10.000 biztanletik beherako udalerriei laguntza emanen die plan horrek: 2.000 biztanletik beherako udalerri bakoitzak 15.000 euro jasoko ditu; 2.000 eta 2.999 biztanle artekoek, 20.000 euro; eta 3.000 eta 9.999 biztanle artekoek, 31.892 euro. Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu planaren garapenerako baldintzak.
Hamabi milioi, zuzenketak finantzatzeko
Despopulazioaren aurkako planaren finantzaketa kenduta, gainerako 11.745.000 euroak erabiliko dituzte PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk, Ezkerrak eta EH Bilduk aurrekontuei aurkeztuko dizkieten zuzenketa partzialak finantzatzeko; «lehentasun sozialak lehenetsita», eta gobernuari eusten dioten taldeek sinatutako itun programatikoan nahiz EH Bilduren eta gobernuaren arteko akordioan ezarritako konpromisoak oinarri gisa hartuta.
Pentsio duinagoak
Sei hilabeteren buruan, Nafarroako Gobernuak txosten bat prestatu beharko du, pentsioen eta osagarrien zenbatekoari buruz. Horren gainean, pentsio txikienak osatzeko neurriak aztertuko dituzte: lehenbizi lanbide arteko batez besteko soldatarekin parekatzeko xedez, eta bigarren fasean 1.080 euroraino igoko lituzkete.
Gutxieneko soldata, gora
Nafarroako Gobernuak konpromisoa «irmo eta publikoa» hartu du, estatuko araudia aintzat hartuta, Nafarroan «1.200 euroko gutxieneko soldata sustatzeko».
0-3 hezkuntzako baldintzak hobetzeko neurriak
2020tik aurrera, 0-3 hezkuntza zikloak zerbitzu propioa izanen du Hezkuntza Departamentuaren barruan. Horren bidez, departamentuen arteko lana sustatu nahi dute, auzian zeresana duten eragileek hezkuntza ziklo horren azpiegitura, lantaldea, jantokia eta bestelako gaiak jorratzeko aukera izan dezaten. Gaur egun Eskubide Sozialen Departamentuaren esku dauden haur eskolak Hezkuntza Departamentura pasatzeko prozesua ere abiatuko dute. Tokiko administrazioekin elkarlana sustatuko dute, haur eskola guztien kudeaketa hobetu eta ikuspegiak bateratzeko.
Langileen lan baldintzak «substantzialki hobetu» nahi dituzte legealdiak aurrera egin ahala, 0-3 zikloko udal hezitzaileen baldintzak Nafarroako Gobernuko ikastetxeetako hezitzaileekin parekatzeko. Ratioak murrizteko konpromisoa ere hartu dute, eta 0-3 eskola guztietan «gutxieneko baldintzak» ezarri.
Nafarroako Finantza Institutua
Erakunde berria sortuko du gobernuak: Nafarroako Finantza Institutua. Garai batean Nafarroako Kutxak betetzen zuen finantzaketa publikoaren funtzioari eutsiko lioke erakunde berri horrek: proiektu estrategikoak diruz laguntzea, parte-hartze maileguak, abalak... Akordioaren arabera, helburua da «Nafarroako garapena sustatzea».
Trantsizio ekologikoa
Nafarroako Funts Klimatikoa sortuko dute, gas kutsakorren isuriak gelditzeko helburua duten neurriak finantzatzeko eta isuri horiek osasunean eta ingurumenean eragindako kalteei aurre egiteko. Klima Aldaketaren Foru Legea legealdi honetan onartuko balitz, Nafarroako Gobernuak 300.000 euro bideratuko lituzke funts horretara. Gardentasuna bermatze aldera, azterketa eta ebaluazio mekanismoak ere ezarriko dituzte.
Ustelkeriari aurre egiteko bulegoa
2020ko lehen seihilekoan, abian jarriko dute Ustelkeriaren Aurkako eta Praktika Egokien Bulegoa. Nafarroako Legebiltzarrean adostu eta izendatuko dute bulego horren burua.
Pribatizazioen aurkako konpromisoa
Zerbitzu publikoen aldeko konpromisoa sinatu du Nafarroako Gobernuak, eta, horri jarraikiz, Osasun Departamentuak ezinen ditu osasun zerbitzuak pribatizatu. Egun indarrean diren itunak eta azpikontratuak berrikusiko dituzte. Salbuespentzat jo dute landa eremuko errehabilitazio zerbitzua. Zerbitzu horiek lizitatu ahalko dira, denbora jakin batez, inguruko enpresa edo profesionalen bidez.
Nafarroako Gobernuak neurriak hartuko ditu itxaron zerrenden kudeaketa «eraginkorra eta gardena» izan dadin. Bestalde, osasun zentro pribatuekin sinatutako hitzarmenetan eginiko gastua «murrizteko» konpromisoa ere hartu dute.
Trafiko eskuduntzak
Trafiko eskuduntzak Foruzaingoaren esku utzita, zerbitzu hori eman ahal izateko, lantaldea handituko dute. Lanaldiak eta soldatak ere berrikusiko dituzte.