Nafarroako Gobernuak eta Laba elkarteak hitzarmena sinatu dute «euskararen erabilera soziala sustatzeko»

Iruñeko euskaltzaleen elkarteak zenbait proiektu garatuko ditu, Euskarabideak diruz lagunduta; besteak beste, migratzaileentzako 'Ongi etorri Iruñera' egitasmoa, Hazitegia bekak eta 'Erupzioa' proiektua.

Laba elkarteko Igor Lopez de Uralde eta Ana Ollo Nafarroako lehendakariorde eta Euskara kontseilaria, gaur, hitzarmena sinatzeko ekitaldian. NAFARROAKO GOBERNUA
Laba elkarteko Igor Lopez de Uralde eta Ana Ollo Nafarroako lehendakariorde eta Euskara kontseilaria, gaur, hitzarmena sinatzeko ekitaldian. NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2025eko ekainaren 16a
16:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Laba elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur, «euskararen erabilera soziala sustatzeko eta zabaltzeko» xedez. Ekitaldian parte hartu dute Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, Euskarabidea institutuko zuzendari-kudeatzaile Jabier Arakamak, eta Labako bi ordezkarik: Igor Lopez de Uraldek eta Yasmine Khris Maansrik.

Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, akordioak 26.000 euroren aurrekontua izanen du, eta indarrean izanen da 2025eko abenduaren 31ra arte. Horren bidez, Labaren zenbait proiektu finantzatuko dituzte, helburutzat hartuta «Iruñeko euskaldun komunitatea saretzea» eta «euskararen erabilera sozialean eragitea».

Ongi etorri Iruñera egitasmoa da hitzarmenean jasotakoetako bat. Iruñera heldu direnei harrera euskaraz egitea eta hizkuntza publiko berrietara hedatzea, horra proiektuaren xede nagusia.

Bestalde, euskararen inguruan ardaztutako proiektuak sortzen lagundu nahi dute, eta, horretarako, Hazitegia bekak sortu dituzte. Horietan «aholkularitza eta laguntza ekonomikoa» eskainiko diote deialdira aurkeztutako proposamenetako bati. Labak berak urtero proposatuko du bekaldiaren esku hartze eremua edo gaia, eta hori izanen da proiektuek izan beharko duten helburu nagusia. Azaldu dutenez, Haztegia beka deialdietan lehentasuna emanen diete gazteek proposaturiko egitasmoei, «gazteen ahalduntzea eta eragiletzaren transmisioa baitira proiektu honen ildoak».

Euskarabidearen eta Labaren arteko lankidetzaren hirugarren fruitua Euskararen dardara izanen da. Proiektu horrek xedetzat izanen du Iruñeko eragileekin harremana bultzatzea eta elikatzea, egitasmo eta proiektu berriak elkarrekin sortzea, eta euskalduntzeari buruzko foroak antolatzea.

Azkenik, hitzarmenean jasotako laugarren puntua Erupzioa proiektua da. Aste kultural bat prestatuko du Labak, auzoetako eragileekin elkarlanean: «Auzoekin harremana hasi, erdigunetik auzoetara eta alderantziz». Hitzarmenari esker, Erupzioa egitasmoaren komunikazio plana diseinatu, euskarriak garatu eta iruditeria eta marka berriak landu ahal izanen ditu Labak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.