Kontseiluak elkarretaratzea egin eta hiru egunera, Maria Txibite Nafarroako lehendakariak euskararen dekretuari buruzko erabakia jakinarazi du: gobernuak ez dio helegiterik jarriko dekretuaren kontrako sententziari. Kontseiluak eskari hori egin zion larunbatean, bai eta gobernuko bazkideek ere —Geroa Baik eta Ezkerrak zehazki eskatu zuten helegitea jartzeko, eta Ahal Dugu-k “lotsagarritzat” jo zuen epaia—. EH Bilduk ere horren aldeko jarrera zuen. Azkenean, ordea, PSNren irizpidea nagusitu da: gobernuak ez du joko sententziaren aurka. Txibitek “segurtasun juridikoa” eman du argudiotzat.
Kontseiluak premiazko balorazioa egin nahi izan du Nafarroako Gobernuaren erabakiaz, eta erabakia "birpentsatzeko" galdegin dio lehendakariari: “Gobernuak kasazio helegitea jarri behar du, baldin eta epai horrekin desadostasuna agertu nahi badu. Horrela egin ezean, ondoriozta liteke epaiak jasotakoekin bat egiten duela”, esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Haren esanetan, “helegitearen aukera baztertuta, uler daiteke ez dagoela arrazoirik epaiak agertzen dituen tesi murriztaileei aurre egiteko, eta zinez uste dugu epaiak juridikoki badituela urradura batzuk, eta gobernuak aukera guztiak baliatu behar dituela epaiak jasotzen duen legezkotasuna auzitan jartzeko". Kontseiluko idazkari nagusiak gaineratu du neurri bateragarriak direla beste araudi bat prestatzea eta helegitea aurkeztea: “Gobernuak dekretua defendatu behar du tresna guztiak baliatuz. Beste dekretu bat prestatzeak ez du baztertzen epaiari helegitea jartzea”.
Sententziak zer dioen
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak urriaren 1ean kaleratu zuen 103/2017 foru dekretuaren gaineko lehen epaia, eta hurrengo egunean, bigarrena. Bietan, epaimahaiak uko egin zion dekretu osoa atzera botatzeari, baina, funtsean, arrazoia eman zien salaketa aurkeztu zuten sindikatuei —UGT, SPA, Satse eta Sindikatu Medikua—, eta edukiz hustu zuten dekretua.
Sententziak bi esparru nagusiri eragiten die: bat, eremu mistoko eta ez-euskalduneko lan deialdiei —merezimendu lehiaketei, hain zuzen—; eta bi, paisaia linguistikoari nahiz seinaletikari. 2017ko dekretuak agintzen zuen, besteak beste, euskara meritu gisa aintzat hartu behar zela eremu ez-euskaldunean eta mistoan. Auzitegiaren arabera, berriz, euskara meritutzat jo edo ez deialdi bakoitzean erabaki beharko da, "deialdiaren nolakotasunaren arabera". Derrigortasuna kenduta, beraz, magistratuek unean uneko nahiz tokian tokiko administrazioen esku utzi zuten euskarak merezimendu lehiaketetan izanen duen pisua.
Sententziak, bestalde, "inposiziotzat" jotzen zuen administrazioa derrigortzea eremu misto edo ez-euskalduneko bide seinale eta errotulazioak gaztelaniaz eta euskaraz idaztera.
PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek ontzat jo zuen epaia, eta nabarmendu zuen bere alderdiak "betidanik esan izan duenari arrazoia eman diola". Hori dela eta, PSNren izenean eskatu zion Maria Txibite lehendakariari ez zezala helegiterik aurkeztu.
Geroa Baiko eledun Uxue Barkosek eta Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, berriz, txarretsi egin zuten sententzia, eta balizko helegite baten alde azaldu ziren. Are: Ollok berretsi zuen, epaiak epai 2017ko euskararen dekretua "bizirik" dagoela, eta iragarri Nafarroako Auzitegi Nagusiak kolokan utzitako artikuluei "sostengu juridikoa" emateko lanean ari zirela.
Kezka Euskarabidean
Iritzi bertsua agertu zuen Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik, joan den igandeko BERRIAn argitaratutako elkarrizketan. Besteak beste, nabarmendu zuen sententziaren zenbait pasarte "kontraesanezkoak" direla: "Nola idatzi behar ditugu Nafarroako Ospitaleko seinaleak, adibidez? Kartel elebidunak jartzea izanen litzateke herritar guztien eskubideak bermatzeko modu bakarra; baina epaileek pasarte batean diote ezin dela administrazioa horretara behartu. Hortaz, gobernuak kartel guztiak gaztelania hutsean jarriko balitu, epaiak ontzat joko luke, herritarren hizkuntz eskubideak urratu arren? Ez du zentzurik".
Arregik, berriz, azpimarratu zuen "airean" gera litezkeela euskara aintzat hartzen ez duten lan deialdi publikoak ere: "Nafarroako Gobernuak ingelesa edo alemana meritu gisa aintzat hartuko balitu, edozeinek helegitea aurkez lezake, irizpide bertsuekin [...] Erabateko ziurgabetasun juridikoan [utzi gaitu epaiak]. Merezimendu lehiaketen eredua bera jarri du kolokan, 2009tik ezarria baitzegoen Funtzio Publikoaren Araudian. Aurrerantzean, norbaitek lehiaketa bati helegitea jarriko balio, administrazioak ezin izanen luke ziurtatu postua lortu dutenen segurtasun juridikoa".
Nafarroako Gobernua "arau sorta bat" prestatzen ari da lan deialdiei segurtasuna emateko eta euskararen presentzia bermatzeko. Lantalde bat osatu dute horretarako.