Nafarroako Gobernuak Gizarte Segurantza eta Lan Ikuskaritza eskatu dizkio Espainiakoari

Nafarroako Aldizkariak gaur jaso du AP-68 autobidearen transferentzia. Maria Txibite presidenteak gutuna igorri du Madrilera Gizarte Segurantzaren transferentzia arantzatsua eskatzeko.

Maria Txibite Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maria Txibite Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2025eko abenduaren 29a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek gutun bat bidali dio Angel Victor Torres Espainiako Lurralde politikako ministroari, jakinarazteko Nafarroako Gobernuak tramiteak abiaraz daitezen nahi duela, Gizarte Segurantza eta Lan Ikuskaritzaren eskuduntzak Madrildik Iruñera aldatzeko. Gutun horretan, Txibiteren gobernuak islatu du borondatea baduela transferentzia bi horiek jasotzeko. Biak ala biak eskumen garrantzitsuak dira, eta, orain gutxira arte, negoziazio mahaietatik kanpo egon dira eduki horiek, besteak beste, gizarte segurantzaren kutxa bakarra hautsiko ote den mamua zabaldu baitute Espainian urte askoan bai eskuinak bai ezkerreko zenbait sektorek, esaterako sindikatuek.

Eusko Jaurlaritzak urrats garrantzitsua egin du aurten eskumen hori bereganatzeko, osorik ez bada ere, neurri batean Gasteizera ekartzea lortu baitu. Hala ere, gaur zen eskuduntza horren inguruko azken akordioa gauzatzeko eguna, eta, azkenerako, urtarrilaren 16ra atzeratu du Jaurlaritzak; izan ere, adierazi dutenez, «oztopo tekniko, administratibo eta ekonomiko nabarmenak» antzeman dituzte negoziazioetan. Madrilen eta Gasteizen arteko negoziazioen ostean iritsi da Txibiteren eskaera eduki bera Iruñera ekartzeko.

Autogobernua indartu

«Egin gabe dauden transferentziak egitea oso garrantzitsua da Nafarroarentzat, gure autogobernua berrindartzeko», esan du Txibitek. Geroa Bairekin eta Zurekin koalizioarekin batera gobernatzen du PSNk, eta, batik bat, Geroa Bairentzat oinarrizkoa da autogobernuarekin zerikusia duen guztia. Alderdi horrek Txibite aldiro estu hartzen du transferentziak eska ditzan, eta Cerdan auzia lehertuz geroztik, are gehiago.

Bada, gaur bertan gauzatu da Nafarroak bere esku izango duen beste eduki baten eskumen aldaketa. Izan ere, Nafarroako Aldizkarian jaso dute AP-68 autobidearen Nafarroako zatia Iruñeak kudeatuko duela aurrerantzean. Espainiako Ministro Kontseiluak abenduaren 23an onartu zuen eskuduntza horren eskualdaketa. AP-68aren 39,5 kilometroko zatia da Nafarroako Gobernuaren esku dagoena, gaurdanik.

2025. urtean gauzatu den bigarren transferentzia da hori, Nafarroako Gobernuari dagokionez. Aurretik, martxoan hain zuzen, trafikoaren eskuduntza gauzatu zuten Madrilek eta Iruñeak, EH Bilduk PSOErekin egindako itun baten harira. Ika-mika politiko handia eragindako transferentzia izan da, baina 60 urteren ondoren, Nafarroak trafikoa kudeatzeko eskuduntza berreskuratu du akordio horri esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.