Amaitu da Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordearen azterlana, eta taldeek euren ondorioak aurkeztu dituzte. Eskuineko oposizioak ustelkeriaren susmoak antzematen dituen tokian, PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk argi ikusten dute ez dela legez kanpoko ezer egin Acciona eta Servinabarri esleitutako kontratuetan, bereziki Belateko tunelak bikoizteko lanen adjudikazioan. «Batzordean ikertu den guztia aintzat harturik, pozarren eta ziur esan dezakegu Nafarroan gauzak ongi egin direla», azpimarratu du PSNko Javier Lekunberrik. Guztiz kontrako ondorioa atera du UPNko Cristina Ibarrolak: «Ezin esan daiteke ez dela ustelkeriarik egon».
Uztailean abiatu zen ikerketa batzordea, azken hamarkadan Nafarroako Gobernuak Accionari eta Servinabarri esleitutako sei kontratu publikoak aztertzeko asmoz. Urriaren 14tik hona, 43 lagun iragan dira handik, eta parlamentariek orduak eman dituzte bildutako dokumentazioa aztertzen eta pertsonak itauntzen. Alta, ikerketak berak baino garrantzi handiagoa du gizarteak nola bizi izan duen hori guztia, eta, eragin politiko horren jakitun, taldeek beren kontakizuna egin dute.
Gaur amaitzen zen parlamentu talde bakoitzak bere planteamenduak aurkezteko epea. Ekainaren 10eko batzordearen bileran zein hilaren 18ko osoko bilkuran bozkatuko dira. Alde batetik, ikerketa batzordearen ondorioak aztertuko dituzte; bestetik, kontratazio arloko prozedurak hobetzeko neurriak ere eztabaidatuko dituzte. EH Bilduko Adolfo Araizek aipatu duenez, ondorioen atalean akordioa lortu dute PSNrekin eta Geroa Bairekin. Proposamenei begira, berriz, Zurekin Nafarroa gehitu da akordiora. Gehiengo nahikoa izango dute bi bozketak aurrera ateratzeko.
Geroa Bairen ikuspegia
Ikerketa batzordeak Belateko tunelari erreparatu dio batez ere. Agerian geratu da adjudikazio prozesua iskanbilatsua izan zela, kontratazio mahaiko zortzi kideen artean eztabaida biziak izan zituztelako. Era berean, ordea, argi utzi zuten euren erabakietan ez zela politikoki esku hartu. Geroa Baiko Pablo Azkonak hori nabarmendu du: «Gerta liteke desadostasun administratiboak eta juridikoak egotea, eta azpimarragarriak izatea. Baina horiek berez ez dute adierazten jokabide ustelik egon denik edo adjudikazioak norabide baterantz zuzendu nahi izan direnik».
Kontratu publikoen foru legeak esleipen prozesuak arautzen ditu, baina horien gaineko interpretazio desberdinek eragin dute eztabaida Belateko tunelaren esleipenean. Hala, Azkonaren ustez, gertatutakoak agerian utzi du etorkizunean sendotu egin behar direla bermeak eta kontrol neurriak, gardentasun eta gobernu onaren irizpideak nagusitu daitezen. «Proposamenak egingo ditugu, eta nahiko genuke gainerako taldeek bat egin dezatela horietan».
«Batzordean ikertu den guztia aintzat harturik, pozarren eta ziur esan dezakegu Nafarroan gauzak ongi egin direla»
JAVIER LEKUNBERRI PSNko parlamentaria
EH Bilduk ere bere ñabardurak ezarri ditu. Irati Jimenez batzordeburuaren ustez, ikerketa batzordeak «ez du atzeman eta frogatu Nafarroako Gobernuko arduradun politikoek eta funtzionarioek ustelkeriarik egin dutela». Halaber, koalizioaren arabera, ez da egiaztatu enpresek komisiorik ordaindu dutela. Jimenezek zehaztu duenez, «horrek ez du esan nahi ez dela ustelkeriarik izan», baina, haren irudiko, auzitegiei dagokie hori frogatu behar izatea.
Nolanahi ere, Jimenezen iritziz, «gabeziak eta irregulartasunak» izan dira adjudikazioetan, bereziki Belatekoan. Koalizioaren ustez, adjudikazioan «prozedura akatsak» izan ziren. Horri gehitu behar zaio kontratazio mahaiko kide juridikoek zalantzak azaldu eta boto partikularrak eman zituztela. «Dena den, ez da frogatu eragile publikoen eta pribatuen artean legez kanpoko itun bat egon zela». Era berean, nabarmendu du mahai horretako kide guztiek argi utzi zutela ez zutela presio politikorik jaso.
«Ikerketa batzordeak ez du atzeman eta frogatu Nafarroako Gobernuko arduradun politikoek eta funtzionarioek ustelkeriarik egin dutela»
IRATI JIMENEZ EH BILDUko parlamentaria
Ildo beretik jo du PSNko Javier Lekunberrik. Haren irudiko, ez da atzeman ustelkeriaren zantzurik. Lekunberriren ustez, aztertutako sei kontratuen lizitazioan ez da egiaztatu arduradun politiko batek edo enpresaren batek esku hartu duela. «Baina ohartu gara prozedura batzuk hobetu daitezkeela eta administrazio arloko irregulartasunak egon direla».
Gogorrago mintzatu da Zurekin Nafarroa. Carlos Guzmanen ustez, administrazio arloko prozeduretan irregulartasun sorta bat eta praktika txarrak atzeman dira. «Berdintasun eta gardentasun printzipioekin bateraezinak diren zenbait jokabide atzeman ditu ikerketa batzordeak, eta etorkizunari begira zuzendu egin behar ditugu». Haren arabera, «agerian geratu da adjudikazio prozesuan lege eta arau ehundura ez dela nahikoa. Gure ustez, irregulartasunak ez dira izan legedia urratu delako, baizik eta legedi horrek ez dituelako nahikoa bermatzen printzipio horiek».
«Ezinezkoa da norbaitek esatea ez dela deliturik edo ustelkeriarik egon. Fede ekintza bat da, eta ez nintzateke ausartuko hori esatera»
CRISTINA IBARROLA UPNko presidentea
Guztiz bestelako iritzia du UPNko Cristina Ibarrolak. Nahiz eta ez duen ikerketa batzordean parte hartu, UPNko presidenteak uste du ustelkeriaren zantzuak handitu egin dituela batzordeak. «Ezinezkoa da norbaitek esatea ez dela deliturik edo ustelkeriarik egon. Fede ekintza bat da, eta ez nintzateke ausartuko hori esatera. Harrituko nintzateke norbaitek hori esango balu».
Ibarrolak uste du ikerketa batzordeak erantzukizun politikoak eskatu behar dizkiola Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari, Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariari, Bernardo Ziriza kontseilari ohiari, Pedro Lopez Herri Lanen zuzendari nagusi izandakoari eta Jesus Polo kontratazio mahaiko presidente izandakoari. UPNren esanetan, Maria Txibitek «ustelkeria erraztu du», eta «erantzukizun politikoa du, zalantzarik gabe». Gaineratu duenez, Santos Cerdani bere konfiantza politiko eta pertsonala eman zion, eta Nafarroako Jauregiko ateak ireki zizkion. «Ez du nafarren interes orokorraren alde lan egin; soilik bere interes pertsonalen eta alderdikoiei mesedetan aritu da».
PPko Javier Garciaren ustez, ikerketa batzordeak ez ditu susmoak uxatu. «Hor daude oraindik».
Auzi judizialean, fiskalak sei hilabete gehiago eskatu dizkio instrukzio epaileari. Ez du baztertzen epe horretan pertsona gehiago ikertutzat jotzea. «Aztertzeko geratzen den dokumentazioa ikusita, litekeena da ikertzeko ekinaldi gehiago eskatzea, eta ez da baztertzen inputazio gehiago egitea». Hain zuzen ere, hainbat azpiegituratan izandako ustelkeria zantzuak ikertzen ari da fiskala, eta ikertuen artean daude Santos Cerdan eta Jose Luis Abalos PSOEko buruzagi ohiak eta Koldo Garcia Huarteko zinegotzi ohia. UPNk Belateko tunela ikertzeko eskaera ere egin zuen, baina ez dago atal horren inguruko berritasunik.Fiskaltzak sei hilabete gehiago eskatu ditu