«Euskaldun puta» dioten mezuak eta svastikak nonahi. Faxismoaren aldeko hainbat aldarri agertu dira Nafarroako zenbait herritan azken orduetan: Lekunberrin, Irurtzunen, Leitzan eta Iruñean —Mendillorri auzoan—, EH Bilduk adierazi du «herri guztiz antifaxista bat» dagoela, «demokraziaren, askatasunaren, berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokaren lehen lerroan». Alderdiaren arabera, eraso koordinatu bat izan da: «Pintaketak ia berdinak dira, eta guztietan nazien ikur eta mehatxu berberak ageri dira».
Horiek horrela, gazteleraz euskaldunen aurkako mezuak —«euskaldunak zulora», esaterako—, eskuin muturrak erabiltzen dituen hainbat ikur eta LGTBI kolektiboaren aurkako aldarriak egin dituzte lau udalerrietan. Pintaketa horiek «eskuin muturraren eta gorroto diskurtsoen gorakadarekin» lotu ditu EH Bilduk. Hortaz, horiek egin izana gaitzesteaz gain, haien aurka jardungo duela adierazi du.