Nafarroako hamabi udaletan kudeaketarako batzordeak jarriko dituzte

Igandean, udal eta kontzejuetako hauteskundeak egin zituzten 38 udalerritan eta 72 kontzejutan. Nafarroako Gobernuak batzordeak osatuko ditu hautagairik izan ez den, boto zuriak izan diren edo botorik izan ez den herrietan.

Hautentsontzia
joxerra senar
2023ko azaroaren 27a
14:50
Entzun

Amaitu da aurtengo hauteskunde zikloa Euskal Herrian. Igandean, udal eta kontzejuetako hauteskundeak errepikatu ziren Nafarroako 38 udalerritan eta 72 kontzejutan. Aldez aurretik, jakina zen zortzi udalerritan eta 39 kontzejutan ez zela hautagairik aurkeztuko berriro ere.

Nafarroako Gobernuak esku hartu beharko du. Orotara, hamabi udaletan kudeaketarako batzordeak antolatu beharko ditu. Zehazki, Hiriberrin, Itzaltzun, Sartzen, Bargotan, Etaiun, Lezaunen, Nabaskozen eta Orisoainen ez zen hautagairik aurkeztu. Orain, Urroz, Areso, Atetz eta Muruzabal gehitu zaizkie zortzi udal horiei. Udal horietan ez da nahikoa botorik izan. 

Lau herri horietako emaitzak zerikusia du Aulki Zuriak plataformarekin. Zehazki, hamabi herritan aurkeztu da, eta, aipatutako udalerri horietan hautagaitza bakarra izan denez, horietan ere esku hartu beharko du gobernuak. Plataforma horren asmoa da udalbatzetako eserlekuak hutsik uztea. Mugimendua Bartzelonan sortu zen, 2010. urtearen inguruan. Nafarroan udalerri anitzetan zerrendak osatzeko zailtasunak daudela aprobetxatu nahi izan dute, euren zerrendak aurkezteko.

Zortzi kontzeju desagertuko dira

Tokiko administrazioaren egituran, herri txikien kasuan, udalek ibarretako herriak biltzen dituzte maiz, eta herri mailakoak kontzejuak izan ohi dira. Hala, kontzejuen kasuan, arazoa handiagoa da. Hautagairik aurkeztu ez den 39 kontzeju horietatik gehienetan batzordeak eratu beharko dira, kontzeju irekien kasuetan izan ezik —50 biztanle baino gehiago ez dituzten kontzejuak dira horiek—.

Dena den, zortzi kontzeju desagertu egingo dira. 2019an Nafarroako Parlamentuak aurrera ateratako Udal Maparen Erreformaren legeak zehazten duenez, bi hauteskunde ziklotan hautagaitzarik aurkeztu ez duten kontzejuak desagertu egingo dira. 2019an eta 2023an, kontzeju hauek bete dute baldintza hori: Antxoritzek, Ardanatzek, Azantzak, Bearinek, Igarik, Iturgoienek, Nabaskozek, Narbartek eta Olaitzek.

Hauteskundeak egin diren gainerako 26 udalerrietan, alkateak jada aukeratu dituzte. Adibidez, Arantzan EH Bilduko Xatur Larralde izango da alkate, erroldako 474 botoetatik 325 eskuratuta. Auritzen, Unai Irigarai Aranandi taldeko hautagaiak botoen erdiak lortu ditu (104). Barasoainen, Silvia Arrastiak lortu ditu boto guztiak, bat izan ezik (274). Ezkarozen ere, ia boto gehienak (122) EH Bilduk lortu ditu, eta haren hautagai Pablo Mikeleiz izango da alkate.

Sakanan, Iturmendin, Kai Galartza izango da alkate: Herri Elkarlana bere taldeak 160 boto lortu ditu.

Pirinioetan, hainbat udaletan egin dira bozak: Izaban, Garbisa elkarteko Carlos Anaut izango da alkate, 137 boto lortuta. Orbaizetan, Ander Goikoa Txantxalan elkarteko hautagaia izango da alkate, 56 botorekin. Burgin, Flavien Paget izango da alkate, 65 botorekin.

Bozak egin diren kontzejuetatik hamahirutan hautagai bakarra egon da: Aizpurgin, Arbontzen, Esnotzen, Girgillaon, Iribasen, Labeaga, Metauten, Otsakar, Suarbe, Urralegi, Zenborain eta Zuhatzu.

Kontzejurik handienetan honela geratu dira emaitzak: Aratzurin, erroldako 320 botoetatik 117 lortu ditu Alicia Garciak, eta hura izango da kontseiluko buru; Arren, Arre Alde taldeko Eduardo Lekunberrik 208 boto eskuratu ditu; Berriogoitin, Blanca Merinok 74 boto eskuratu ditu; Olatzen, Ricardo Oskarizek 180 boto bildu ditu; Tebasen, 143 boto eskuratu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.