Nafarroako haurtzaindegi pribatuak ez dituzte zabalduko

Argudiatu dute foru gobernuak ezarritako protokoloak ezinezko egiten diela lana.

Haurtzaindegi bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 9a
20:30
Entzun

0 eta 3 urte arteko haurrekin lan egiten duten zentro pribatuek baztertu egin dituzte Nafarroako Gobernuak ezarri dizkien osasun baldintzak, eta haurtzaindegiak ez dituztela zabalduko iragarri dute.

«Protokoloak ez ditu aintzat hartzen alor honen berezitasunak», adierazi dute ohar baten bitartez. Azaldu dutenez, gobernuaren protokoloak ezartzen du haur talde bakoitza hezitzaile batekin bakarrik egon ahalko da egun osoan. «Horrek dakar gure hezitzaileak ezingo direla gelatik atera lanaldi osoan, ez atsedenaldiak egiteko, ez oinarrizko beharrak asetzeko».

Horrez gain, haurtzaindegi pribatuen plataformak adierazi duenez, protokoloak ezartzen du geletako ateak zabalik utzi behar direla une oro. «Horrek behartuko gaitu haurrei fardela lurrean aldatzera, eta haurrak zaintza gabe uztera seaska gelara sartzen garen bakoitzean».

Gaineratu dutenez, gobernuak ezarritako mugek «ekonomikoki bideraezin» bihurtzen dizkiete zentroak. «Bost haur hezitzaile bakoitzeko: horrek ez ditu langilearen kostuak ere ordaintzen, eta, are gutxiago, haurtzaindegia zabaltzeak eragindako beste gastuak».

Salatu dutenez, «baldintza penagarriak» ezarri dituzte, «helburu bakarrarekin»: haien bizkar jartzeko ez irekitzeko erabakiaren erantzukizuna, «horrela geuk egin diezaiogun aurre geure familien ezinegonari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.