Gaur goizean egindako agerraldian jakinarazi du Navarra Sumako bozeramaile Javier Esparzak Nafarroako Parlamentuan Ikurren Lege berri bat onartzeko proposamena aurkeztuko dutela. Irailaren 2tik aurrera Nafarroako Parlamentuan abiatuko den urte politikoan aurkeztuko dituen egitasmoen berri emateko egin du agerraldia koalizioko buruak. Esparzak espero du proposamenak PSNren babesa izango duela, eta "hauteskundeei begira hartutako konpromisoen tamainako jarrera" izateko eskatu dio PSNri.
2003ko apirilaren 11n UPNren eta PSNren babesarekin indarrean sartu zen foru legea da Ikurren Legea, eta Nafarroako udaletxeetan ikurrina jartzea galarazi zuten. Hala ere, aurreko legealdian indargabetu zuten 2003ko foru legea Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren babesarekin. Orain, berriro ere, indarrean jarri nahi du lege hori Navarra Sumak.
Era berean, Esparzak agerraldian adierazi du Nafarroako Tokiko Mapa aldatu berri duen legea baliogabetzeko eskatuko duela, eta auzi horretan ere PSNren babesa jasotzea espero du Navarra Sumak.
Uharten, ikusteke
"Laster ikusiko dugu ze gertatuko den", adierazi du Esparzak Uharteko alkatetzaren inguruan, eta horren harira aurreratu du ez dutela PSNrekin hitz egin. Uharteko alkate Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne Kontseilaritzako zuzendari nagusi izendatu zutenetik, ez dago alkaterik Uharten. Alkate berria aukeratzeko osoko bilkura atzo izatekoa bazen ere, epea atzeratu dute.
Maiatzeko hauteskundeetan, EH Bildu izan zen Uharteko lehen alderdia, bost zinegotzi lortuta. Ondoren, GIH taldeak lau lortu zituen, eta Navarra Sumak, bi. Azkenik, zinegotzi bakarra lortu zuten Geroa Baik eta PSNk.