Nafarroako kazetariek prentsaren aurka Gazan egindako erasoak salatu dituzte

Sanferminen bezperan oroitu dituzte Gazan, Zisjordanian eta Libanon hil dituzten 300dik gora kazetariak. Ernest Hemingwayren estatuan egin dute ekitaldia.

Nafarroako kazetarien omenaldia Gazan, Zisjordanian eta Libanon hildako kazetariei, gaur, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako kazetarien omenaldia Gazan, Zisjordanian eta Libanon hildako kazetariei, gaur, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko uztailaren 5a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sanferminek nazioarteko begirada asko Iruñean jartzen dituztela baliatuta, Nafarroako kazetariek prentsaren aurka Gazan izandako erasoak gaitzetsi dituzte. Salatu dute gatazka oldartu zenetik 300 kazetari baino gehiago hil dituztela Gazan, Zisjordanian eta Libanon, eta gogorarazi nazioarteko legediaren arabera kazetariak gizarte zibila direla, eta babestuak izan behar dutela.

Ekitaldia Ernest Hemingway kazetari eta idazle estatubatuarraren estatuaren ondoan egin dute, aurten bete baitira ehun urte Fiesta. Eguzkia jaikitzen da eleberri ezaguna idatzi zuenetik. Eleberri hark lagundu zuen Iruñeko Sanferminak nazioartean ezagun egiten.

Gaur, Isabel Egiguren kazetarien bozeramaileak nabarmendu du Hemingwayren ibilbidean eragin handia izan zutela Lehen Mundu Gerrak eta 36ko Gerrak, eta haren jarduna gaur egun Gazan dauden kazetariek egiten dutenarekin alderatu du.

Israeli gerra krimenak egitea egotzi die, eta Europako estatuei kazetariak babesteko inplikazio handiagoa exijitu.

Egigurenek azpimarratu du Gazan ez dagoela nazioarteko kazetaririk, Palestinako kazetariak direla «gure begiak eta gure belarriak eskualdean», eta, horregatik, ezinbestekoa dela haien lana babestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA