Nafarroako lehen sektoreari buruzko erabakiak lurraldean bertan hartzearen alde egin du Geroa Baik

Nekazari eta abeltzain profesionalen errentei laguntzak lehenetsi, eta gazteak lehen sektorera hurbiltzeko programak indartu nahi dituzte.

Geroa Baiko ordezkariak Iruñeko Takoneran. Erdian, Jose Mari Aierdi eta Mayte Espinosa. GEROA BAI
Geroa Baiko ordezkariak Iruñeko Takoneran. Erdian, Jose Mari Aierdi eta Mayte Espinosa. GEROA BAI
nerea intxausti
2026ko azaroaren 23a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nekazaritza Politika Bateratu (NPB) berri baten beharra aldarrikatu du gaur Geroa Baik, Nafarroako lehen sektorearen ezaugarri eta beharrei erantzungo diena. Horretarako, Nafarroako autogobernuan sakontzeko beharra azpimarratu dute, nekazaritza politika propioa diseinatzeko eta, bereziki, tokiko lehen sektorearen ezaugarriei egokitzeko.

Iruñeko Takonera kalean elkartu dira, eta Mayte Espinosa Geroa Bairen Espainiako Senaturako hautagaiak eta Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak hartu dute hitza. «Geroa Bai ez doa Madrilera inoren ildoa jarraitzera, gure nekazaritza eta abeltzaintza eredu propioa defendatzera baizik eta gure lehen sektoreari etorkizuna eskainiko dion NPBren aldaketa bat eragitera», ziurtatu du Espinosak.

Lurraldeko gainerako alderdiei aurpegiratu die begirada Espainian jartzea, «Nafarroako lehen sektorearen eta landa munduaren errealitate zehatzetik oso urrun»: «NPBren etorkizuna ezin da Madrildik edo Bruselatik Excel batean diseinatu gure lehen sektorearen aniztasuna eta beharrak kontuan hartu gabe». 

Nafarroako lehen sektoreari buruz lurraldean bertan erabakitzearekin batera, beste proposamen batzuk ere azaldu dituzte. Esaterako, lurra lantzen duten nekazari eta abeltzain profesionalen laguntzak lehenetsi nahi dituztela esan du Aierdik, «familia nekazaritza eta tokiko ekoizpen jasangarriaren eredu» baten alde eta latifundio handien azalera eskubideen mesedetan jokatzen duen sistemaren kontra.

Gazteak lehen sektorera hurbiltzeko programak indartzearen alde ere egin du. Horren adibide jarri du Lurberri programa: «Azken deialdian batu diren gazteen bataz bestekoa bikoiztu egin da. 130 gazte baino gehiago batu dira».

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA