Nafarroako lehendakariordeak esan du ikertzen ari direla Tuterako mediku batek salatutako sexu erasoa

Javier Remirezen arabera, «tentuz» hitz egin behar da gaiaren inguruan, argudiatuta prozesu judiziala abian dagoela. Esan du behin-behineko kautelazko neurriak hartu dituztela, gizonak eta biktimak elkarrekin lan egin ez dezaten.

Indarkeria matxistaren aurkako egunean Bilbon egindako manifestazio bat, iazko azaroan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Indarkeria matxistaren aurkako egunean Bilbon egindako manifestazio bat, iazko azaroan. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko otsailaren 25a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako lehendakariorde Javier Remirezek jakinarazi duenez, ikertzen ari dira Tuterako (Nafarroa) Reina Sofia ospitaleko emakumezko mediku batek gizonezko lankide baten kontra salatutako sexu erasoak; are, goizean emandako prentsaurrekoan, esan du «tentuz» hitz egin behar dutela gaiaren inguruan, argudiatuta prozesu judiziala abian dagoela. Hori ebatzi artean, behin-behineko kautelazko neurriak hartu dituzte ustezko erasotzaileak eta biktimak ospitalean elkarrekin lan egin behar izan ez dezaten.

Ospitale horretako BAME barne mediku egoiliar batek beste lankide baten kontrako salaketa aurkeztu zuen, eta esan larrialdietako guardia egiten ari zirela sexu erasoa egin ziola. Cristina Fallarasek eman zuen gertaera horren berri, atzo, sare sozialen bidez, eta salatutako erasoa 2025eko urtarrilean gertatu zela zehaztu. Gehitu zuenez, ordutik hona gizona biktimaren «izen ona zikintzen aritu da, eta lankideek baztertu egin dute» emakumea, salaketa aurkezteagatik.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuan ere aurkeztu zuen salaketa emakumeak, 2025eko azaroan. Fallarasek atzo azaldu zuenez, baina, abenduan zera erantzun zion Tuterako ospitaleko Profesionalen Zerbitzuak: ez zuela auzia sexu erasoen ikerketa batzordera bideratuko, ez baitzegoen «froga nahikorik», eta kasua itxitzat eman zuten.

Remirezek gaur esan duenaren arabera, abian dago ikerketa, eta lekukotzak biltzen ari dira. Nafarroako Osasun Zerbitzuak hartu du ikerketaren ardura. Horrez gain, Remirezek azaldu du orduantxe bertan eskaini zitzaizkiola biktimari Nafarroako Gobernuaren «baliabide guztiak». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.