Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak kargutik kendu du Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko goi kargudun bat, lankideei sexu jazarpena egitea egotzita. Joan den abenduan, erietxe horretan lan egiten duen emakume batek salaketa bat jarri zuen gizon horren aurka, Osasunbideko Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuan. Horren ostean, ikerketa batzorde bat abiatu zuten, eta horrek ondorioztatu zuen gertakariak delitu izan zitezkeela. Kasua fiskaltzara bidali zuten. Aldi berean, Osasunbideak diziplina prozedura administratiboak hastea erabaki zuen, eta, azkenean, gizona kaleratu dute. Hain zuzen, mediku horrek alegazio idazki bat aurkeztu zuen, «diziplina prozesuaren aurka» zegoela adierazteko.
Gertaerak 2025eko abenduaren 18an atera ziren argitara, Cristina Fallaras kazetariak bere sare sozialetan argitaratu baitzuen salaketa aurkeztu zuen medikuaren testigantza: Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zerbitzuburu batek bere lankideekin izandako jokabide «iraingarriaren» berri ematen zuen salaketak. Fallarasek azaldu zuenez, zerbitzuburu horrek «emakumeak laidotzen, umiliatzen eta gauza bihurtzen» zituen. «Zuzendaritzak badakien arren, ez du ezer egiten», nabarmendu zuen kazetariak.
«Beldurra ematen digu salatzeak, botere handia duelako eta errepresalien beldur garelako», aitortu zuen salaketa jarri zuen medikuak. Salatzaileak adierazi zuen laidoez gain «eraso fisikoren bat edo beste» ere egon zela.

