50 boto alde, bat bera ere ez kontra. Nafarroako Parlamentuko sei taldeetako parlamentariek txalo egin diote gaur goizean Klima Aldaketaren Legeari. Aurkezpenean, Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak azpimarratu du garai egokian datorrela, «klima larrialdia eta krisi energetikoa» ate joka diren honetan. Azaldu du legealdi hasieratik egindako lanaren emaitza izan dela, eta Europako Batasunaren xedeak bere egin dituela, 2030erako gas isuriak %55 murrizteko.
Gomezek legearen nondik norakoak laburbildu ditu. Haren esanetan, sektore ekonomiko guztietako enpresei eta oro har gizarte osoari eragingo die. Dioenez, lege honen bitartez Nafarroak ekarpen handia egingo du klima aldaketaren aurkako borrokan. Hona legearen eduki nagusia, Orotara, hitzaurreaz gain, 94 lege artikulu ditu, eta 11 xedapen gehigarri.
Bi urte behar izan dituzte Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea lantzeko. Zehazki, parlamentura irailean iritsi zen lege proiektua, eta, batzordeetatik ingurumen eta energia arloko adituak eta sektoreetako ordezkariak pasatu ostean (50 guztira), legearen edukiari hainbat aldaketa egin zaizkio. Zehazki, 340 zuzenketa eztabaidatu dira, eta horietatik 110 onartu. Gaurko osoko bilkuran, ahozko beste 11 zuzenketa onartu dira, atzo EH Bildurekin akordioa lortu ondotik: fiskalitate berderako neurriak jasoko dituen lege egitasmoa aurkeztu beharko du gobernuak bi urteren buruan.
Pozik azaldu dira alderdietako eledunak azken emaitzarekin. EH Bilduko Adolfo Araizek, kasurako, azaldu du batzordeetan onartutako 110 zuzenketatik 72 EH Bildurenak direla. «Gure zuzenketek lorratz sakona utzi dute, ez guk onartuko genukeen legearen parekoa, baina, gure ekarpenik gabe, lege honek ez zuen anbiziorik». Besteak beste, nabarmendu du azken emaitzan helburu zehatzak ezarri direla, energia berriztagarrien proiektuak planifikatzeko zoruen inguruko mapak lantzera behartzen duela, eta fiskalitate berdeari buruzko konpromisoa jaso duela.
Navarra Sumako Elena Lorenteren arabera, «argi-ilunak» ditu proiektuak, eta «anbizioa falta zaio». Kontu positiboen artean, goraipatu du autokontsumorako neurri egokiak jasotzen dituela, baina azpiegitura industrialen aldetik «herren» dagoela deritzo, eta, halaber, ohartarazi du tentsio handiko eta txikiko argindar sarea bultzatu behar dela: «Sarerik gabe ez dago elektrifikaziorik, autokontsumorik eta digitalizaziorik», esan du.
PSNko Javier Lekunberrik goraipatu egin du bi urteetan gobernuak, parlamentuak eta oro har eragileek egin duten lana legea aurrera ateratzeko. «Oso lege konplexua» dela uste du. «Batzuek esango dute urrutiegi joan garela, eta beste batzuek esan digute motz geratu garela, baina oreka bat bilatu dugu». Haren esanetan, legeak gertuko gauzei eragingo die, eta herritarrek nabarituko dute haren eragina. Gogora ekarri du ahulenei kaltea arintzeko eta inor atzean ez uzteko neurriak ere jaso dituela.
Pablo Azkona Geroa Baiko parlamentariak balioetsi egin du akordio politiko baten emaitza izatea legea, eta parlamentu taldeek erabaki izana eztabaida moteltzea. Mugarritzat jo du onarpena, eta uste du «erremintarik egokiena» izango dela etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezen arabera, klima aldaketa egungo gizartearen «erronkarik handiena» da, baina haren aurkako borroka, erronka gisa baino gehiago, «aukera» gisa ikusten du, «etorkizuneko ondorioetara egokitzeko».
Ezkerrako Marisa de Simonek argitu du azkenera arte abstenitzeko asmoa zuela taldeak, eta atzoko akordioarekin baiezkoaren alde egin duela. Simonen irudiko, «legea erabat beharrezkoa» da.