euskara

Nafarroako Parlamentuak Noain, Beriain, Galar eta Aranguren euskararen eremu mistora sartzea babestu du

Nafarroa Bai (12 parlamentari), PSN (12) eta IU-NEB (2) alde agertu dira, UPN (22) aurka eta CDN (2) abstenitu egin da. Aldaketa ez da behin betikoa, gaia batzorde batean eztabaidatuko dutelako orain.

2009ko irailaren 24a
15:26
Entzun
Noain, Beriain, Galar eta Aranguren Iruñerriko herriak euskararen eremu mistoan sartzeko proposamenaren alde egin du gaur Nafarroako Parlamentuak, gehiengo osoz. 26 parlamentarik egin dute IU-NEBen proposamenaren alde: Nafarroa Baiko hamabiek, PSNko hamabiek eta IU-NEBko biek. UPNk (22) aurka bozkatu du eta CDNko bi legebiltzarkideak abstenitu egin dira -UPNk eta CDN osatzen dute Nafarroako Gobernua-. EAE-ANVk ez du ordezkaritzarik parlamentuan, Espainiako Justiziak baliogabetu egin zuelako 2007ko foru hauteskundeetarako.

Orain gaia parlamentuko batzorde batean eztabaidatuko dute. Beraz, aldaketa ez da oraindik behin betikoa.

Nahiz eta IU-NEBren proposamenak eremu mistoa bederatzi herrira zabaldu behar dela dioen, PSNk eta CDNk lehen aipatutako lau herriez hitz egiten dute goizeko saioan.

CDN aste honetan IU-NEBen ekimenaren azaldu da, baina hori ez zaio batere gustatu Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariari (UPN), eta horretaz ohartarazi zuen alderdi hura atzo. Hau da, gaur jakinarazi du atzo Jose Andres Burgete CDNko presidentearekin hitz egin zuela gaiaz, eta "gauzak garbi" utzi zizkiola. "CDNk gure botoaren aldean bestelakoa ematen badu, ez du beteko gobernu ituna, eta horrek ondorioak izango ditu. Funtsezko gaietan boto bera eman beharra dugu", esan du Sanzek, parlamentuko bozketa hasi aurretik.

Lehendik datorren kontua

Iragan urteko urrian lau herri horiek eremu mistoan sartzearen aurkako botoa eman zuten PSNk eta CDNk Nafarroako Parlamentuan. Aurrez, maiatzean, aldeko botoa eman zuen PSNk, baina aldaketak ez zuen gehiengoa lortu, NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenez oporretan zelako -boto bakarra falta izan zen proposamena onartzeko-. Bost hilabetean botoa erabat aldatu zuen PSNk, alderdiaren Kongresuan hala erabakita. Orain, atzera berriz ere aldeko botoa emango duela iragarri du. CDNk aurka bozkatu zuen maiatzean eta urrian, UPNrekin batera. Okerrik ezean, ostegunean aterako da aurrera IU-NEBen proposamena, hirugarrenean.

Aldaketaren alde bai, baina udalen gain jarri dute PSNk eta CDNk eremu mistora pasa ahal izateko erabakia.

Herri horiek eremu mistoan sartzeak ekarriko luke umeek D ereduan ikasi ahal izango luketela eskola publikoan herritik atera behar izan gabe, herriko errotulazioa euskaraz ere jartzea eta herritarrek Administrazioko paperak euskaraz eskatu ahal izatea.

Nafarroako Euskararen Legean hiru eremu daude: euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna. 1986an egin zuten legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.