TORTURA

Nafarroako Torturatuen Sarea parlamentuko presidentearekin bildu da

Unai Uhalde prest azaldu da bidea emateko 1960 eta 2014 artean Nafarroan salatutako tortura kasuei buruzko ikerketari

Nafarroako Torturatuen Sareko ordezkariak, parlamentuko presidente Unai Uhalderekin, gaur. NAFARROAKO TORTURATUEN SAREA
Ion Orzaiz.
2020ko martxoaren 10a
17:37
Entzun

Zurian beltz jarri nahi dituzte Nafarroako tortura kasuak. Ikerketa «zientifiko, profesional eta independente bat», urteetako opakutasunari aurre egiteko. Nafarroako Torturatuen Sareak eskaera zuzena egin die herrialdeko erakundeetako agintariei: iragan otsailaren 13an, bilera ofiziala eskatu zion Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidenteari eta Maria Txibite lehendakariari. Lehenak baiezkoa eman du; bigarrenak ez du erantzun, oraingoz.

Gaur batzartu dira Uhalderekin, parlamentuan. Oihan Ataun, Marilo Gorostiaga eta Iker Araguasek hartu dute hitza, Nafarroako Torturatuen Sarearen izenean. Parlamentuko buruari esan diote erakundeek «zor handi bat» dutela tortura sufritu duten milatik gora nafarrekin eta beren senide nahiz lagunekin. «Egia, aitortza eta ordaina behar ditugu; gertatu dena argitzea  zor diegu hurrengo belaunaldiei».

Zehazki, 1960 eta 1978 urteen arteko tortura eta tratu txarrei buruz Kriminologiaren Euskal Institutuak eginiko ikerketa proiektuan azaltzen diren ondorio eta gomendioak aintzat hartzeko galdegin dute Ataunek, Gorostiagak eta Araguasek. Are: ikerketa hori osatu eta 2014. urte arteko kasu guztiak aintzat hartzeko eskatu diote Uhalderi.

Bitartekaritza eta lan saioa

Nafarroako Torturatuen Sareko kideak «pozik» atera dira bileratik, eta nabarmendu dute parlamentuko presidenteak bere egin dituela «hainbat konpromiso»; besteak beste, «1960 eta 2014 urteen arteko tortura kasuak argitzeko ikerketa proiektuari bultzada ematea» eta «bitartekari lana» egitea Maria Txibite lehendakariarekin, torturatuen sareak otsailean eginiko bilera eskaerari erantzun bat eman diezaion.

Bi neurri zehatz ere hartuko ditu parlamentuak, datozen hilabeteetan: batetik, lan saio bat eginen dute Nafarroako Torturatuen Sarearekin ekainean; bestalde, adierazpen instituzionala aurkeztu eta eztabaidatuko dute, «tortura kasu guztiak argitzeko beharra» azpimarratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.