Jesus Berjon Reyero kardiologo eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari izandakoa iragan asteartean zendu zen, mendiko istripu batean. Gilbo gailurrean gertatu zen ezbeharra, Riaño herritik gertu (Leon, Espainia): mendi ibilaldi bat egiten ari zela, hamar metrotik amildu zen. Asturiasko eta Leongo larrialdi zerbitzuek parte hartu zuten amildutako gizona bilatzeko operazioan, baina hilotz topatu zuten, asteazken arratsaldean.
Berjonek 69 urte zituen. Leongoa zen sortzez, baina Nafarroan bizi zen duela berrogei urte. Ibilbide profesional osoa Nafarroan egin zuen: erreferente izan zen kardiologiaren esparruan, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari izan zen zenbait urtez.