Lanbide Heziketako irakasleek bultzatutako ekinbide bat da. 933 irakasleren babesa du; Nafarroako sare publikoko irakasleen %84rena, alegia. Hamazazpi ikastetxe daude sare horretan, eta horietako hamabostek erreklamazio bateratuak plazaratu dituzte. Lanbide Heziketaren «egiturazko arazoak» erakustea da asmoa, irakasleen aburuz inoiz baino larriagoak baitira horiek, eta Lanbide Heziketa dualaren «ezarpen kaotikoak» inoiz baino ageriago jarri ditu. Gogora ekarri dute taldean batuta —Lanbide Heziketako Irakasleen Asanblada dira— ikasturte hasieratik ari direla mobilizatzen, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamendura usu jo dutela konponbide eske. Salatu dutenez, baina, «isiltasuna eta desantolaketa» izan dira erantzun bakarra. Horiek horrela, kalera irteteko deia egin dute; manifestazio bat egingo dute larunbatean Iruñean, Hezkuntza Departamendutik abiatuta, 12:00etan.
«Lanbide Heziketa publikoko irakasleek Hezkuntza Departamenduari eskatzen diote hezkuntza komunitatearen ahotsa entzun dezala», azaldu dute protestarako deia egiteko atera duten oharrean. «Izan ere, irakasleak dira Lanbide Heziketa egunerokoan, ikasleekin ikasgelan, benetan gauzatzen dutenak». Horregatik, elkarrizketa «lotesleak» nahi dituzte foru gobernuarekin. «Hezkuntza Departamenduak ezin du baztertu hain babes zabala duen eskaera bat», esan dute.
Manifestaziorako deia egin dute ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuekin batera. Beren-beregi Lanbide Heziketa duala salatzeko ahalegina egin nahi dute. «Uste dugu, ezarri den moduan, irizpide pedagogikoei bainoago merkatu irizpideei erantzuten diela», salatu dute. Horren ondorioz abian jarri den dinamikak «hezkuntza kalitatea» arriskuan jarri duelakoan daude.