Nafarroan 14.886 migrantek egin dute ezohiko erregularizazioaren eskaera

Horietatik 4.465 gizarte segurantzan erregistratuta daudela jakinarazi du Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak. Halere, azaldu du Espainiako Gobernuak ez duela zehaztu denera zenbat eskaera onartu dituzten.

Migrante batzuk ezohiko erregularizazio prozesuko izapideak egiten, artxiboko irudi batean. MARIA AGUILELLA PARDO / EFE
Migrante batzuk ezohiko erregularizazio prozesuko izapideak egiten, artxiboko irudi batean. MARIA AGUILELLA PARDO / EFE
maddi iztueta olano
2026ko irailaren 29a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zailtasunak eta oztopoak gorabehera, Espainiako Gobernuak urte hasieran aurkeztutako eta apirilean abiatutako migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesua «poztekoa» izan dela esan du gaur Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak. Zehaztu duenez, Nafarroan 14.886 migrantek eskatu dute beren egoera administratiboa arautzeko —Espainiako Estatuan, denera, 1.174.978k—, eta horietatik 4.465 gizarte segurantzan erregistratuta daude dagoeneko. Halere, azaldu du oraindik ez dituztela datu guztiak, eta salatu du hori migrazio gaien eskumenaren gabeziaren ondorio dela.

Hain justu, Espainiako Gobernuak kudeatu du migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesua, eta Madrilek ebatzi ditu eskaera guztiak. Hortaz, Alfarok argitu du gaur-gaurkoz ez dela jakina eskaera horietatik guztietatik zenbat onartu dituzten, ezta zenbat baztertu dituzten ere. Halere, esan du Espainiako Gobernua datozen egunetan dela datu hori ematekoa; hain zuzen ere, bihar bukatuko baita, printzipioz, jasotako eskaerak ebazteko epea. «Oldarraldi faxista hazten ari den testuinguru honetan, zaurgarrienen eskubideak areagotzen erantzun beharra dago, oinarri-oinarrizko eskubideak izan ditzaten», gehitu du Alfarok. 

Nafarroan egindako eskaerei dagokienez, halere, badira zenbait xehetasun; esaterako, beren egoera administratiboa arautzeko eskatu duten migratzaileen jatorriaren inguruan: kolonbiarrak dira gehienak; marokoarrak, ondoren; peruarrak, gero; eta aljeriarrak, azkenik. Generoari erreparatuta, berriz, gizonak dira %56, eta emakumeak, aldiz, %43. Eskaera aurkeztu duten migratzaileen erdiak, bestalde, 25 eta 50 urte artean dituzte. Gainera, jakinarazi du eskaera egin duten 2.007 migratzaile Nafarroako enplegu zerbitzuan erregistratu direla; hori bai, «kualifikazio txikiko» enplegutan, hala nola garbitzaile edo eraikuntzaren sektorean.

«Jakitun naiz berriro ere gora egingo duela beren egoera administratiboa arautu gabe duten migratzaileen kopuruak, eta berriro ere aurre egin beharko diogula» 

BEGOÑA ALFARO Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilaria

Espainiako Gobernuak apirilaren 16an ireki zuen eskaerak egiteko epea, eta ekainaren 30ean bukatu zen. Hego Euskal Herrian 30.000 migrante inguru daude egoera irregularrean, eta haietako askok egin dute beren egoera administratiboa arautzeko saiakera. Horretarako, baina, baldintza hauek bete behar izan dituzte: 2025eko abenduaren 31n Hego Euskal Herrian, Katalunian, Galizian edo Espainian egotea, gutxienez bost hilabetez bertan bizi izana, eta aurrekari penalik ez izatea gutxienez azken bost urteotan, ez jatorrizko herrialdean, ezta Espainian, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian ere. Baldintza horiek betetzen dituztela frogatzeko, zenbait dokumentu aurkeztu behar izan dituzte: besteak beste, egonaldia frogatzen duten agiriak eta aurrekari penalen ziurtagiria.

Hain justu, Alfarok aitortu du hainbat migratzailek «arazo handiak» izan dituztela aurkeztu beharreko dokumentu guztiak biltzeko, hala nola aljeriarrek, haietako askok trabak izan baitituzte aurrekari penalen egiaztagiria lortzeko. Horren harira, esan du «egoera berezi eta konplexuak» izan dituztela esku artean. «Jakitun naiz berriro ere gora egingo duela beren egoera administratiboa arautu gabe duten migratzaileen kopuruak, eta berriro ere aurre egin beharko diogula», gaineratu du. 

Dena den, Alfarok goraipatu egin du Nafarroako Gobernuak prozesu osoan izandako jarrera eta eskainitako laguntza. Are, nabarmendu du Nafarroako Gobernua izan dela prozesuan parte hartu duten GKE gobernuz kanpoko erakundeei eta elkarteei diru laguntzak eman dizkien autonomia erkidego bakarra. «Nafarroako Gobernuak hasieratik ulertu zuen lehentasunezkoa zela bere herritarrei eskubideak ematea», esan du. 

«Poza eta kezka»

EH Bilduk eskatuta egin du agerraldia eta eman ditu azalpen horiek Alfarok. Hala, hark hitz egin ondoren, koalizio subiranistako parlamentari Javier Arza mintzatu da, eta aitortu du «poza eta kezka» dituela. Arzak uste du prozesu honek «lasaiago bizitzeko aukera» emango diela Nafarroan bizi diren milaka migranteri; kontrara, iritzi dio agerian utzi duela Nafarroako Gobernuak ez duela ez eskumenik, ez esku hartzerik, migrazio politiketan.

Geroa Baiko Javier Ollok, aldiz, begi onez ikusi du prozesuaren kudeaketa, eta azpimarratu du «egin beharreko» prozesu bat zela, eta «emaitza onak» izan dituela. Antzera mintzatu da PSNko Olga Chueca, eta Nafarroako Gobernuaren jarduna goraipatu du. «Gure helburua migrazio ordenatu, legal eta seguru bat izatea da, eta lanean jarraituko dugu gurekin bizi diren migranteek eskubideak eta betebeharrak izan ditzaten», gehitu du. 

UPNko Cristina Lopezek, berriz, iritzi dio «desinformazio handia» egon dela prozesuan, eta beren egoera administratiboa arautu nahi zuten migratzaile batzuk «zeharo galduta» egon direla azken hilabeteotan. Halaber, Nafarroako PPko Maribel Garciak salatu du ezohiko erregularizazioak Espainiako Gobernuaren akatsak utzi dituela agerian, argudiatuta ez zela halakorik beharko baldin eta erregularizatzeko ohiko bideek ongi funtzionatuko balute. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA