Duela hiru urte ireki zuen kontua Twitter sare sozialean. Izen erreala jarri beharrean, ezizen baten aldeko hautua egin zuen Daniel Rodriguezek. Sare sozialean argitaratu zituen adierazpen guztiak titulu pertsonalean ez idaztea erabaki zuen; izan ere, kargu esanguratsua zuen garai hartan Rodriguezek: Espainiako Poliziaren burua zen Nafarroan. Goi kargu horrekin, @polientes1612erabiltzailea sortu zuen, testuinguru politikoaren inguruko ikuspuntua ondoriorik gabe eman ahal izateko.
Adierazpen horiek, ordea, ez ziren eraikitzaileak izan. Irainak ziren nagusi argitalpen bakoitzean; ezizen horren atzean zegoen identitatea ezagutarazi zen arte. Identitate bikoitz horren albistearen berri eman zuen Eldiario.es hedabideak. Albistea argitaratu ostean, haren aurkako espedientea ireki zuen Espainiako Poliziak, eta Rodriguezek dimisoa eman zuen. Gaur jakinarazi dituzte espedientearen ondorioak: lanik egin gabe eta soldatarik jaso gabe igaro beharko ditu hogei egun. "Hutsegite larri" gisa izendatu dute Rodriguezen jarduna, batez ere adierazpen horiek egitean zuen kargua aintzat hartuta. Zigorraren aurrean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu du Rodriguezek.
Alderdi ezkertiarretako politikariak eta nazionalistak izan zituen jopuntu argitalpen horietan. "Nazkagarri" hitza erabili ohi zuen sarritan EAJ alderdiko kideei erreferentzia egiteko, Ada Colau Bartzelonako alkatea iraintzeko, edota Podemos alderdiaren Madrilgo idazkari nagusia laidotzeko. Halaber, "Espainiaren traidore" eta "koldar talde nazkagarri" gisa izendatu zituen EAJko politikariak. Izenondoetatik haratago, zenbaiten mina ere desiratu zuen adierazpen horietan: Gabriel Rufian ERC alderdiko diputatuari, esaterako, "ergel patologikoa" deitu zion, eta Iruñeko sanferminetan zezen batek harrapatu zezala desiratu zuen. Irainak ez ezik, hitz politak ere idatzi zituen, besteak beste: Franco diktadorea, Tejero kolpista eta Santiago Abascal VOX alderdiko lehendakaria goraipatzeko.
Azkenean, Rodriguezen adierazpenak ez dira anonimotasunaren esparruan gelditu, eta "hutsegite larria" egiteagatik zigorra bete beharko du.