Eskolak goizez soilik izan, ala goizez eta arratsaldez. Nafarroan ikastetxeek eta familiek aukera dute erabakitzeko eskola ordutegia zein izango den. Alta, Steailasek azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak foru agindu bat onartu zuen 2023an, zeinak erabakitzeko ahalmen guztia familiei ematen zien. Sindikatuak auzitara jo zuen, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion. Baina Nafarroako Gobernuak kasazio errekurtsoa jarri zion epaiari, eta, horrenbestez, auzia Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi da. Hark zera erabaki du, Steilasen esanetan: errekurtsoa ez onartzea, gaiaren mamia aztertu ere egin gabe. Horrenbestez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2024ko iraileko epaia irmoa da jada, eta baliogabetuta geratu dira eskola jardunaldiei buruzko 106/2023 foru aginduaren 12.7, 13 eta 14.1 artikuluak, baita hirugarren xedapen gehigarria ere. Hori horrela, irakasleek erabakimena izango dute eskola jardunaldiari dagokionez, besteak beste.
Steilasek gaur egin du epaia aztertzeko agerraldia. Bertan azaldu duenez, Hezkuntza Departamenduak «modu maltzurrean» onartu zuen agindua, eta Nafarroako ikastetxeak bozketak egitera «behartu», jardunaldi jarraituarekin —hau da, eskolak goizez soilik ematen— segitu nahi bazuten. Hainbat sindikatuk aginduaren kontra egin zuten, eta Steilasek erabaki zuen auzibidea irekitzea.
2024ko urrian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien, eta, orain, baita Espainiako Auzitegi Gorenak ere. Horrela, Steilasen esanetan, zera lortu dute: irakasleen klaustroak ahotsa izatea eskola antolaketaren «sakoneko aldaketei» buruzko erabakietan; ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseilua organo erabakitzaile nagusia izatea berriro, eta, horrela, eskola komunitate osoa ordezkatuta egotea; eta irakaskuntzako zuzeneko ordu bat gehiago ezartzen zuen xedapen gehigarria baliogabetzea. Are, Steilasek nabarmendu du aukera zabaldu duela 12.7 artikulua berridatz dadin, eta, horrela, nahikoa izan dadin gehiengo soila, boto emaileen errolda osoko bost partaidetatik hiruren aldeko botoak bildu beharrik gabe.
Steilasek «lorpentzat» jo du
Steilasen irudiko, «lorpen bat» izan da azken epaia: «Eskola jardunaldiari buruzko araudietan ezkutatzen diren ordutegi murrizketak geldiaraztea lortu dugu, irakasle klaustroari berriro hitza eta botoa ematea ere bai, eta gogorarazi dugu edozein ikastetxetako Eskola Kontseilua dela, azken batean, organo erabakitzaile gorena, eta hari kontsultatu behar zaiola hezkuntza komunitatearentzat garrantzi berezia duten prozesu oro».
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenori eskatu diote aitortu dezala «egindako bidegabekeria larria», eta, bestela, dimisioa eman dezala.