Nafarroaren eta Pirinio Atlantikoen arteko kohesioa indartzeko konpromisoa berretsi dute

Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak beste hiru urtez berritu dute lankidetza hitzarmena. 25 urte bete ditu hitzarmen horrek, eta bi lurraldeetako biztanleen ongizatea hobetzea eta harremana indartzea ditu helburu.

Ana Ollok eta Jean Jacques Lasserrek sinatu dute hitzarmena, gaur, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Ana Ollok eta Jean Jacques Lasserrek sinatu dute hitzarmena, gaur, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
kristina martin
2025eko abenduaren 30a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 2001etik indarrean duten lankidetzarako hitzarmena berritu dute gaur, 2028ra arte. Hitzarmen horretan konpromisoa berretsi dute hobekuntzak egiteko honako arlo hauetan: mugikortasuna, turismoa, trantsizio ekologikoa eta eleaniztasuna. Ana Ollo Nafarroako bigarren lehendakariordeak eta Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren Kontseiluko presidenteak parte hartu dute Nafarroako Jauregian egindako ekitaldi instituzionalean. Esan dutenez, bi lurraldeetako biztanleen ongizatea hobetzea eta kohesioa indartzea dira hitzarmenaren helburuak.

Nafarroako Gobernua eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela iritzi diote arlo jakin batzuetan. Zehazki, mugikortasuna, ingurumena, garapen jasangarria eta berrikuntza soziala jorratzen dituzte elkarrekin. Lankidetza horrekin lotutako neurri batzuk aipatu dituzte, hala nola nekazaritza arloan belaunaldien erreleboa bermatzea eta «bi lurraldeenak diren» kultura eta hizkuntza indartzea. Alde horretatik, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko guneak, Eusguneak izenekoak, eta Hezhi programak indartzeko asmoa berretsi dute instituzioetako ordezkariek.

Horrekin batera, mugikortasun jasangarriari dagokionez, abian dauden zenbait proiektu —Mugaziklo eta Atlanticombike— aurrerantzean ere sustatzeko asmoa azaldu dute, baita Donejakue Bidearen ibilbideak egokitu eta seinaleztatzekoa ere. Segurtasunaren inguruan ere Safer eta Alertpyr proiektuak indartuko dituzte. Halaber, bi lurraldeen artean dagoen Larhun mendiarekin lotutako proiektuak garatzeko konpromisoa agertu dute.

Populazioari eusteko neurriak

Deskarbonizaziorantz ere urratsak egin nahi dituzte. Horretarako, energia berriztagarrien tokiko ekoizpenarekin lotutako egitasmoak garatuko dituzte, eta, horrekin lotuta, hidrogeno berriztagarriaren sustapena nabarmendu dute. Agripower proiektua ere jasotzen du hitzarmen berrituak; egitasmo horretan teknologiaren bi erabilera uztartu nahi dituzte, nekazaritzarako, eta eguzki energia sortzeko. Horretaz gain, nekazaritza eremuetan populazioari eusteko neurriak ere ezarri nahi dituzte, esaterako, formakuntza eta laneratze programak sustatuta eta osasun profesionalak erakartzeko pizgarriak jarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.