Nafarroatik Euskal Herrirako proiektu politiko berria aurkeztu dute EAk eta HGk

Mehatxuek ez dituztela kikilduko azaldu dute Bakartxo Ruizek eta Maiorga Ramirezek, Lizarrako Remontibal frontoian«Lizarra Garaziko akordioa arnasberritzeko ahaleginari» ekin nahi diotela aipatu dute

Atzoko azken hitzaldia Maiorga Ramirezek eta Bakartxo Ruizek eman zuten, EAko zein Herritarron Garaiko kideak atzean zituztela. JAGOBA MANTEROLA  / ARP.
joxerra senar
Lizarra
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Oraindik ez du izenik. Eusko Alkartasunak eta Herritarron Garaia agiriaren sinatzaileek onartu dute oraindik edukiak zehazteko eta bidea egiteko dutela, baina hurrengo hauteskundeei begira sortutako eskaintza politiko berriak lehen pausoa eman zuen atzo Lizarrako Remontibal frontoian. Helburu garbia du, gainera: «Agerikoa da bestelako Nafarroa eraikitzeko gai izanen den hauteskunde eskaintzaren premia dagoela», azaldu zuen Bakartxo Ruiz Herritarron Garaia agiriaren sinatzaileetako batek. Maiorga Ramirez EAko Nafarroako koordinatzaileak gaineratu zuen sektore abertzale eta aurrerakoien arteko elkarlanaren oinarriak jartzeko ordua iritsi dela. «Nafarroatik Euskal Herri osora zabaltzen dugu hauteskunde eskaintza», azaldu zuten biek.

EAko ordezkariak eta Herritarron Garaia agiriaren sinatzaileak atzean zituztela, hala hasi zenberez atzoko ekitaldi politikoaren amaiera izan zen Bakartxo Ruizen eta Maiorga Ramirezen hitzaldia. Han ziren baita EAEko lehendakari ohi Carlos Garaikoetxea eta Rafa Larreina EAko zuzendaritzako kidea ere. Frontoia jendez lepo zegoen, eta txalo artean hartu zituzten proiektuaren sustatzaile guztiak.

Hitzaldian, hala Ruizek nola Ramirezek proiektuarekin bat egitera dei egin zuten: «Bagara batzuk bildu garenak, baina erronka handia dugu oraindik», gogorarazi zuen Bakartxo Ruizek, eta modu aktiboan parte hartzera dei egin zien.

Maiorga Ramirezek argi utzi nahi izan zuen «betoak eta kalkulu politikoak» alde batera uzteko konpromisoa dutela proiektuarekin bat egin duten guztiek. «Bada oztopoak jartzen saiatu denik eta epe motzeko estrategia alderdikoi hutsei erantzunez aukera hau iragaten utzi duenik. Guk ez dugu aukera hori alferrik galdu nahi», esan zuen Maiorga Ramirezek, besteak beste, Aralar gogoan. Erreferentzia bakarra izan zen hura.

Mehatxuz eta espekulazioz beteriko giroaren erdian ekin dio bere bideari proiektuak. Oraindik zerrendak osatu gabe badituzte ere, zuzenean zein zeharka gertutik zainduko dituzten ohartarazpenak jaso dituzte egunotan. Atzo bertan, ekitaldia zaintzeko agindu zuen Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak.

«Ez izan zalantzarik, ez gaituzte kikilduko», erantzun zuen Bakartxo Ruizek. Sorturen inguruan Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak «defizit demokratiko larria» erakusten duela eta mehatxuek proiektua «intoxikatzea» bilatzen dutela uste du: «Ez gara euren jokoan sartuko».

Ramirezen aburuz, beldurra baino ez dute islatzen mehatxuek: «Are indar handiagoa ematen digu, eta bide egokian goazela berresten digu». EAko kideak «are beldur handiagoa» izango dutela ohartarazi die, «bereziki maiatzaren 22an, 22:00etan».

Ramirezek aipatu zuen egungo «errealitate instituzionalak» ez duela Nafarroa ofiziala islatzen, eta arrazoitu zuen aldaketa jada ez dela bi alderdien arteko botere aldaketa bat. «Esparru politiko juridikoaren aldaketa da, jada esparru horrek ez baitu gehiagorako ematen». «Guri dagokigu, inolako indarkeriarik gabe, demokratikoki, Euskal Herria eraikitzea, XXI. mendean dagokion tokia izan dezan», gaineratu zuen Bakartxo Ruizek.

Ekitaldiak ikusmin handia sortu zuen komunikabideen artean, besteak beste eskaintzaren izen berria jakiteko irrikaz baitzeuden. Pantaila erraldoian Bagoaz hizki erraldoiez idatzita egon arren, Ramirezek ukatu egin zuen hori dela marka politikoa. «Ez dugu marka politikorik iragarriko», adierazi zuen ekitaldiaren hasieran aurkezleak.

Lizarra, nahita aukeratuta

Marka politikoaren iragarpena beste baterako izango da. Atzo, proiektu politiko horren lehen urratsa eszenifikatu nahi izan zuten, eta horretarako espresuki hautatu zuten Lizarra. «Ez, ez da halabeharraren emaitza izan», oroitarazi zuen Aitziber Sarasola Herritarron Garaiko kideak, eta gogora ekarri zuen Euskal Herriko historia garaikidean «mugarri» izan diren gertaerak jazo zirela bertan. Azkena, 1998an. «Orain Lizarra Garaziko akordioa arnasberritzeko ahaleginari ekin nahi diogu».

Koldo Amezketa EAko buruzagiak, berriz, azpimarratu zuen egun Euskal Herriak ezin duela 500 kilometrotara hartzen diren erabakien menpe bizi, eta nazio eraikuntza herritar ororen bizi baldintzak hobetzeko dela aldarrikatu zuen. Eva Aranguren EAko kideari eta Arantxa Izurdiagari egokitu zitzaien proiektuaren izaera sozial eta aurrerakoiaren oinarriak aurkeztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.