Florian M. poliziak Nahel Merzouk 17 urteko gaztea tiroz hil zuen duela bi urte, 2023ko ekainaren 27an, Nanterren (Frantzia). Libération kazetak agertu duenaz, badira zenbait hilabete berriz hasia dela lanean, eta atzo arratsean jakinarazi zuten Euskal Herrian ukana duela postua, berak «gogo zuen» bezala. Hainbat militante talde antifaxistak leku aldaketa hori salatu dute sareetan.
Justiziari dagokionez, epailearen zaintzapean dago Florian M., eta akusaziopean ere ezarria dute krimen auzitegian, erailketagatik. Halere, lanean segitu dezake, baldintza bakar batzuen pean: ezin du armarik eraman, eremu publikoan ezin da egon, baina publikoarekin harremanetan bai. Orduan, pentsatzekoa da Euskal Herrian eman dioten postuak baldintza horiek bete behar dituela.
Ezin da Frantziatik atera eta ezin du harremanik ukan defentsakoekin, ezta erailketaren egunean harekin bikotea osatzen zuen lankidearekin ere.
Libération kazetak agertu duenez betiere, aldi baterako langabetu zuten garaian lansaria jaso zuen; abokatu gastuak eta bermea, bestalde, enplegatzaileak ordaindu dizkio, 15.000 eurotan. Erraterako, diru publikoak ditu ordaindu, Parisko polizia prefeturak eman baitio dirua, eta estatuari baitagokio, Barne Ministerioari, hain zuzen ere.