Olatu erreakzionarioak indarra hartu ahala, jokabide eta diskurtso arrazistak eta xenofoboak goraka ari direla nabaritu dute Euskal Herriko eragile sozial anitzek. Egoera horren harira, «erresistentzia antirrazista» aldarrikatuko dute martxoaren 21ean, Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren karietara. Bilbon, Donostian eta Iruñean eginen dituzte protestak larunbat eguerdian; igandean, bestalde, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 29. Martxa eginen dute Pasaia (Gipuzkoa) eta Donostia artean, erroldatzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Bilboko mobilizazioan, «egiturazko arrazakeria» eta «boterearen izaera koloniala» salatuko dituzte larunbatean 12:00etan, Arrazakeriaren gorakadaren aurrean, erresistentzia antirrazista. Ordena kolonialari sua! lelopean. Martxoak 21 batzar antirrazistak egin du manifestaziorako deia. Jesusen Bihotza plazan hasi eta udaletxean amaituko da protesta.
«Gure komunitateek pairatzen duten lan esplotazioaren arrazializazioa eta erromantizazioa salatzen ditugu», adierazi dute Martxoak 21 batzarreko kideek, Bilbon eginiko agerraldian: «Pandemiatik hona esan izan digute funtsezkoak izan garela gizarte zahartu eta pribilegiatu hau sostengatzeko». Horrez gain, salatu dute talde «neonazi eta supremazistek» zigorrik gabe jarduten dutela, «hala migrazioa nola ijito herria kriminalizatzen dituzten diskurtsoak normalizatu, eta islamofobia, estigmatizazioa eta pertsona migratu ez-zurien aurkako gorrotoa indartu Euskal Herrian». Hori dela eta, formakuntza «antirrazista eta kulturartekoa» galdegin dute haur arrazializatuekin lan egiten duten guztientzat, «haur horien ongizate fisikoa eta psikologikoa eta identitatearen eraikuntza askea bermatze aldera».
Neurri zehatzak ere galdegin dizkiete hala Eusko Jaurlaritzari nola Espainiako Gobernuari. Horrela, Jaurlaritzari «berme errealak» eskatu dizkiote migratzaileen erregularizazio prozesuan, paperak lortzeko bidean espedienteak azkarrago aurkeztu ahal izateko eta «traba administratiboak arintzeko». Espainiako Gobernuari galdegin diote homologazio akademikoa lortzeko eskaerei baiezkoa eman diezaiela ahalik eta lasterren, «lanaren arrazializazioaren aurkako presazko neurri gisa».
Diskriminazioa, «egunero»
Iruñean, Arrazakeriaren Aurkako Plataformak egin du mobilizaziorako deialdia. Manifestariak 12:00etan aterako dira Merindadeen plazatik, eta, Alde Zaharreko eta Zabalguneko kaleak zeharkatuta, Gazteluko plazaraino eginen dute protesta.
Gaurko agerraldian, plataforma osatzen duten erakundeek adierazi dute arrazakeria ez dela iraganeko fenomeno bat, «baizik eta gure gizartean oraindik ere presente dagoen errealitate bat». Adierazi dute Nafarroan, esate baterako, arrazaren ondoriozko diskriminazioa «egunero» azaleratzen dela hainbat esparrutan: «Etxebizitzaren alorrean, adibidez, migratzaile eta herritar arrazializatu askok alokatzeko oztopoak dituzte, prezio garestiagoa edo baldintza eskasagoak jartzen baitizkiete». Lan esparruan ere jarri dute begirada, uste baitute hor nabari dela argien egiturazko arrazakeria: «Errealitate hori argi ikus daiteke etxeko eta zaintzako lan feminizatuetan, emakume migratuen bizkar gelditzen baita batez ere».
Horrez gain, gorroto diskurtsoek eta narratiba arrazistek gora egin dutela uste dute plataformako kideek. «Diskurtso horiek jopuntuan jartzen dituzte pertsona migratuak, arrazializatuak eta ijitoak, segurtasun gabeziaren eta baliabide publikoen kolapsoaren pertzepzioak elikatuz». Era berean, salatu dute azken urteetan ugaritu egin direla «profil etnikoaren araberako identifikazio polizialak eta kanporatze prozesuak abiaraz ditzaketen zitazioak».
Bi deialdi Gipuzkoan
Gipuzkoan, gizarte eragileek bi deialdi egin dituzte Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren karietara. Alde batetik, M21 Plataforma Antirrazistak hainbat protesta ekintza antolatu ditu larunbaterako: Komunitate antirrazista eraikitzen lelopean, hainbat jarduera eginen dituzte Donostiako Bulebarrean, 11:00etan hasita: «Egunero pairatzen ditugun indarkeria arrazista askotarikoak salatuko ditugu, salaketa ekintzen, memoriaren, haurrentzako jardueren, zuzeneko irratiaren eta elkarretaratzearen bidez», iragarri dute.
Igandean, berriz, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 29. Martxa eginen dute Pasaiako Trintxerpeko azokatik abiatuta Donostiako Alderdi Eder parkeraino. Urtero bezala, SOS Arrazakeriak, Medicus Mundik eta EAEko GGKE koordinakundeak antolatu dute martxa, eta aurten, erroldatzeko eskubidea aldarrikatuko dute, Erroldarik gabe izaterik ez lelopean. «Egun, udal errolda oztopo gaindiezina bihurtu da milaka bizilagunentzat, eta oinarrizko eskubideak eskuratzea eragozten die. Administrazioarentzat ikusezinak diren bizilagun horien inguruan hitz egin nahi dugu», adierazi dute martxaren aurkezpenean. Gogorarazi dute 2025. urtean Eudelek irizpide komun eta homogeneoak proposatu zituela baztertuta dauden herritarrei errolda erregulazioa errazteko: «Euskadi osoan irizpide horiek ezar ditzatela eskatzen dugu».