Berrogei urte joan dira Hego Euskal Herriak NATOn egoteari ezezkoa eman zionetik. Lehendik ere, Ipar Atlantikoko itunaren eraginpean ziren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa —Frantziaren kontrolpeko lurralde oro bezala—, Parisek 1946. urtean sinatu baitzuen ituna. Espainia, berriz, 1982an sartu zen NATOn, eta lau urte geroago, bertan jarraitu ala ez bozkatzeko aukera eman zuen Madrilek. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, emaitzek ez zuten zalantzarako tarterik utzi: 436.333 boto NATOn sartzearen alde —lau herrialdeotan zenbatutako boto guztien %34,4—, eta 831.367 kontra (%65,6). Hiru bozkatzailetik bik zurian beltz adierazi zuten ez zutela aliantza atlantikoan egon nahi.
Lau hamarkada igarota, NATOren inguruko eztabaida ez da amatatu. Aitzitik, hauspoa hartu du azkenaldian, AEB Ameriketako Estatu Batuek jokaleku geopolitikoa astindu baitute, eta herrestan eraman nahi dituzte NATOko kideak. Horiek horrela, Ipar Atlantikoko itunaren aurkako manifestazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko hainbat gizarte eragilek. Horien izenean hitz egin dute Askapenako kide Lucia Etxeberriak (Goizueta, Nafarroa, 1997) eta Zabaldi elkarteko Oihana Barriosek (Iruñea, 1980). Larunbat honetan eginen dute protesta, 12:30ean, Iruñeko Baluarte auditoriumaren paretik abiatuta.
NATOri ez! aldarria aise aditzen zen 1986an. Balio al du 2026an?
OIHANA BARRIOS: Hori da aldarrikatu nahi duguna, duela berrogei urte Euskal Herriak ezetz esan ziola NATOri, eta gaur egun inoiz baino motibo gehiago ditugula ezetz esaten segitzeko.
LUCIA ETXEBERRIA: Euskal Herrian, erreferendum hark berekin ekarri zuen aktibazio politiko oso handi bat. Gaur egun, NATOren esku hartzeak inoiz baino ugariagoak diren honetan, behar-beharrezkoa dugu aktibazio eta antolakuntza politiko hori. Euskal Herrian jar dezakegu bide horren lehen harria, NATOren aurkako mugimendu antiinperialista bat sortuz. Larunbateko manifestazioa urrats bat izan daiteke horretarako, eragile asko batu baikara, eta hasiak gara antolatzen.
Mobilizazio sozialek indarra galdu dute berrogei urte hauetan?
BARRIOS: Herri mugimenduaren desmobilizazioa nabaria da, baina ez da oraingo kontua. Badaramatzagu zenbait urte horrela. Gure egitekoa da berraktibatzea, eta eragileen artean esparru komunak topatzea; gaur egun kolektibo bakoitza murgilduta baitago bere dinamika politiko propioetan: lurraren defentsan aritzen direnak alde batetik, etxebizitzaren esparruan dabiltzanak bestetik... Egoerak zera eskatzen digu: bakoitza bere esparrutik ateratzea, elkarguneak topatzea eta internazionalismoa eta antiinperialismoa berraktibatzea. Funtsean, NATOren erroan sistema oso bat dago. Ezin da zatitu. Sistema horren beso bakoitzak beste guztietan eragiten du, eta NATO da interes kapitalista eta inperialista horien guztien beso armatua.
Hortaz, asmoa duzue larunbateko manifestazioaz harago ere elkarlanari eusteko?
BARRIOS: Bai, manifestazioa antolatu eta babestu dugun eragileok hiru hilabete baino gehiago daramatzagu elkarrekin gogoeta egiten, egoera aztertzen, erronkak identifikatzen... Faxismoaz hitz egiten dugunean, adibidez, zertaz ari gara zehazki? Zeren gaur egungo faxismoa ez da lehendik ezagun genuen hori... Faxistizazio prozesu berri baten lekuko gara, eta, horren aurrean, begirada zorroztu beharra dago, eta indarrak batu. Guretzat, Iruñeko manifestazioa abiapuntu bat izan daiteke, eta itxaropena dugu aurrerantzean ere elkarlanean jarraituko dugula, etorriko denari ere indarrez aurre egiteko.
ETXEBERRIA: Garrantzitsua iruditzen zaigu NATOren aurpegi guztiak ikusaraztea. Zer rol jokatzen duen, ez soilik militarki. Testuingurua eman nahi dugu. Funtsean, krisi ekonomiko betean gaude, eta AEBek —Europako Batasuna bidelagun dutela— beren hegemonia eta boterea mantendu nahi dute mundu osoan. Horretarako, ezinbesteko dute gerrak sustatzea. Horregatik ezin ditugu bereizi gerra militarra, gerra ekonomikoa, gerra soziala...
«Euskal Herrian, azken hogei urteotan, hirukoiztu egin da armagintza industrian inbertitzen duten enpresen kopurua: CAF, Sapa, Sidenor... Eta hortxe dugu Bardeako tiro eremua ere»
LUCIA ETXEBERRIA Askapenako kidea
Zeintzuk dira gerra sustatzearen ondorioak Euskal Herrian?
ETXEBERRIA: Euskal Herrian, azken hogei urteotan, hirukoiztu egin da armagintza industrian inbertitzen duten enpresen kopurua. Adibide zehatz ugari ditugu: CAF, Sapa, Sidenor, Lauak... Bestalde, bertan dugu Bardeako tiro eremua ere. Eta horrekin guztiarekin batera, gerra kognitiboaren esparruan sartuta, azpimarratzekoa da Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera, militarizazioaren goranzkoa sustatuz, eta gizartea nola ari den bere egiten diskurtso belizista horiek. Orain, esate baterako, Errusia seinalatzen digute etsai amorratu eta arriskutsu gisa, eta, diskurtso horien eraginez, normal-normal ikusten dugu gero eta diru publiko gehiago inbertitzea NATOn eta gastu militarrean, xahutze horrek pobretzea eta bizi baldintzen okertzea ekarriko badigu ere.
BARRIOS: Klaseen arteko arrakala ere areagotu egin da hala Euskal Herrian nola mundu osoan, eta beste ondorio batzuk ere badira: herri libreen zapalkuntza, subiranotasuna suntsitzea, hizkuntza txikiagotuak baztertzea... Autoritarismoa gero eta presenteago dugu egunerokoan, baina, tamalez, gero eta onartuagoa dago: ohikotzat dauzkagu diskurtso belizistak, bortitzak eta iraingarriak. Are, zilegitasuna ere ematen diegu. Presidente bat bahitzen dute gure begien aurrean, eta ez da ezer gertatzen; genozidio bat ari gara egunero ikusten telebistan, eta txintik ere ez. Barneratu egin ditugu bortizkeria eta krudeltasuna.
«Izugarri areagotu da kriminalizazioa, eta argi ikusi dugu hori Palestinaren aldeko mobilizazioetan. Erresistentzia ito nahi dute»
OIHANA BARRIOS Zabaldiko kidea
Agintariek disimulatzeko beharrik ere ez dutela, alegia.
BARRIOS: Hori da. Duela zenbait urte, aitzakiak jartzeko eta gezurrak esateko beharra zuten sikiera. Irakeko gerra hasteko, adibidez, zenbat gezur eta zenbat buelta, iritzi publikoa kontra jar ez zedin. Orain, berriz, zer? Lasai asko esaten dizute Venezuela bonbardatu dutela petrolioa ebasteko, eta kito. Horraino heldu gara, eta beldurgarria da.
ETXEBERRIA: Maskarak erori dira, bai. Dena den, komeniko litzateke auzia gehiegi ez pertsonalizatzea. Trump burutik jota dagoela, zoro bat dela edo ez dakit zer dela... Inportantea da nabarmentzea oraingo joerak ez direla fenomeno puntualak: herrialdeak suntsitzea, lehengaiak ebastea eta kaosa eragitea, hori guztia lehendik ere bazegoen, baina orain areagotu egin da.
Denborak arrazoia eman die duela 40 urte NATOren aurka zeudenei?
ETXEBERRIA: Bai, orain argi adierazten dute batzuek, eta hori ere bada aitortza moduko bat. Baina kapitalismoaren garaipenetako bat ere bada jendeak egoera asimilatu izana. Onartzea ez dagoela beste aukerarik eta gauzak horrelaxe direla. Horregatik da hain inportantea aktibatzea, kalera ateratzea eta gure artean antolatzea, ikuspegi horri aurre egiteko.
BARRIOS: Era berean, kriminalizazioa izugarri areagotu da azken urteetan. Argi ikusi dugu Palestinaren aldeko mobilizazioetan. Elkartasun eta erresistentzia keinu oro kriminalizatu dute, eta ekintzaile asko epailearen aurretik pasatu dira horregatik, edo isun handiak ordaindu dituzte. Kalte handia eragiten die horrek eragileei, eta herri mugimenduari oro har. Ito egin nahi dute elkartasuna.
MANIFESTAZIOAREKIN BAT EGIN DUTEN eragileAk
El Hadji gunea
Elgoibarko Gazte Asanblada
Enbata gaztetxea
Enkarterrin Makroeolikorik Ez
Errekaleor Bizirik
Eskozap
Etxeluze gaztetxea
Euskal Herria Bizirik
Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitea
Euskal Herrian Euskaraz
EHko Bilgune Feminista
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea
Euskal Herriko Gazte Feministak
Ezkerraldea Antifaxista
Gasteiz Txiki auzo elkartea
GTA Gipuzkoako Trans Asanblada
Harrera sarea
Hernaniko Gazte Asanblada
Herrizoma
Hondarpe
Groseko Auzo Elkartea
Indar Nafarroa
Iruñeko Alde Zaharreko Gazte Mugimendua
Jardun koordinakundea
Khalas
Kinka
Nafarroako AHT Gelditu
Arabako Haranetako AHTrik Ez
Lautadako AHTrik Ez
Aiaraldeko Mendiak Aske
Antixena gaztetxea
Antzuolako gaztetxea
Araba Bizirik
Arabako Mendiak Aske
Aramaixo Bizirik
Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanblada
Arraio irratia
Artea-Sarea
Askapena
Atximurka
Bardea Orain
Basajaun elkartea
Basoa – Defendatzaileon Etxea
Andoaingo BDZ
Biharko Lautada
Bloke Askea
Bor Bor Hausnarketa Kolektiborako Plaza
Bultza (EHM-L)
Donostiako Asanblada Transmarikabolloa
Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanblada – Guardetxea
Eguzkiola kultura elkartea
EHGAM
EHKS
Komite Internazionalistak
Lakelo gaztetxea
Letaman gaztetxea
Lumagorri
Lurra
Makatzak Arratiako Ekologistak elkartea
Meatzaldea Hintxak
Mendillorriko Gazte Asanblada
Mugak Zabalduz
Oarso Musika
Oinharri Eskola
Olaztiko Gazte Asanblada – Maisuenea gaztetxea
Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak
Orioko Etxeluze gaztetxea
OTAN Ez plataforma
Piztu Lezo
Proiektu Honi Ez
Sakana Bizirik
Samidoun Euskadi
Sare Antifaxista
Sastraka gaztetxea
SOS Margarita
Ttattola gaztetxea
Txantxarreka gaztetxea
Txerrimuño
Urumeako Mendiak Bizirik
Uztailak 14 kolektiboa
Zabaldi
Zintzilik irratia