NAFARROA

Navarra Sumak osoko zuzenketa aurkeztuko die aurrekontuei: «Barkosen eta Araizen kontuak dirudite»

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurreakordioa «iruzur bat» dela uste du Javier Esparzak

Javier Esparza, Nafarroako Legebiltzarrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko urtarrilaren 21a
14:03
Entzun

Haserre dago Javier Esparza. Navarra Sumaren buruak txarretsi egin du Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk atzo iragarritako aurreakordioa, eta iragarri du koalizio espainiazaleak osoko zuzenketa aurkeztuko diola 2020ko aurrekontu proiektuari. Esparzak nabarmendu du Maria Txibite lehendakariak EH Bildu «normalizatzeko estrategia» onartu duela, aurrekontuetarako ituna sinatuta.

Aurrekontuen edukiari dagokionez, berriz, proiektu «kontinuista» dela esan du Navarra Sumako eledunak, «lauko gobernuak aurreko legealdian egin zituen politika guztiei eusteaz gain, indartu eginen dituelako». Areago: Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarritako aurrekontu proiektuak «Uxue Barkosek eta Adolfo Araizek aurkeztua» dirudiela azpimarratu du.

Zehazki, Esparzak zerga politikaren kontra hitz egin du: «Hau ez da Nafarroak behar duen zerga politika, dirua biltzea baitu xede bakar. Txibitek ahaztu du zergek balio behar dutela hazkunde ekonomikoa eta inbertsioa ahalbidetuko dituzten pizgarriak sortzeko». Gastuen atalari buruz, Navarra Sumako buruak onartu du diru gehiago izanen dutela inbertsioak egiteko, baina inbertsio horiek ez direla hark nahi lituzkeenak: «Ez dago inbertsiorik Nafarroa erakargarriago egiteko. Ez da antzematen lehiakortasunaren aldeko apusturik, ezta etorkizunerako begiradarik ere».

Esparza kexu azaldu da, bestalde, lehendakariak ez dituelako aurrekontuak Navarra Sumarekin adostu, eta, horren ordez, akordio bat lehenetsi duelako abertzaleekin: «PSNk hautu argia egin du: Bildu zuritu, eta Navarra Suma baztertu». UPNko presidenteak aitortu du, hala ere, atzoko akordioak ez zituela ezustean harrapatu: «Gobernua osatzeko negoziazioak hasi zirenetik, argi izan dugu EH Bildu dela gobernuaren lehentasunezko solaskidea. Gu ez gaituzte deitu ere egin aurrekontuetarako akordioa negoziatzeko. Hesi bat jarri dute Navarra Sumaren inguruan, euren helburua baita konfiantza eman ziguten 127.000 nafar horiek bakartuta uztea».

Hori dela eta, Esparzak iruzurtzat jo du Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurreakordioa: «Aurrekontu hauen bidez egiaztatuko da PSNk iruzur egin diola Nafarroako gizarteari. Ez dute beteko hauteskunde kanpainan esandakoa, eta zuzendu beharreko ezer ez dute zuzenduko». Hori dela eta, Navarra Sumako bozeramaileak uste du  Nafarroako Gobernua abertzaleen esku dagoela "de facto": «Lehendakaritza PSNren eskuetan dago, baina EAJk agintzen du, eta EH Bilduk erabakitzen du Nafarroaren etorkizuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.