Gure Esku-ko bozeramailea

Josu Etxaburu: «Nazio bat garela pentsatzen duenak bere lekua du larunbatean, Bilbon»

'Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki' lelopean mobilizazioa egingo dute larunbatean, Gure Esku-k deituta. «Jauzia egiteko garaia» dela sinetsita dago Etxaburu.

Josu Etxaburu Gure Esku-ko eleduna. GORKA RUBIO / FOKU
Josu Etxaburu Gure Esku-ko eleduna. GORKA RUBIO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
Irun
2025eko ekainaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Josu Etxaburu (Ondarroa, Bizkaia, 1961) Katalunian Omnium Culturaleko ordezkariekin elkartu ostean iritsi da konferentzia subiranistara, Irunera (Gipuzkoa). Konferentzia hasterako, nekaezin, «pazientzia aktiborako» deia egin du, eta larunbatean Bilbora joatekoa, «ereindako hori loratu» egingo dela uste baitu.

Azaroaren 16ko Bagara adierazpena izan zen aurtengo dinamikaren abiapuntua. Herri batzordeak aktibatu ziren, eta larunbatean bide baten geltoki bat izango da, ezta? 

Lehenengo abiapuntua izan zen azaroaren 16a, baina deia ez zen bakarrik Gure Esku-k egindakoa. Euskal Herrian erreferente diren ehunka pertsonek herritarrei egindako dei bat izan zen, ekainaren 7an Bilbora joatekoa, Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki lelopean.

Nola joan dira hilabeteok?

Guri tokatzen zitzaigun ekimen herritar moduan herrietara jaistea. Aurkezpen sorta bat egin genuen dozenaka tokitan. Fase bizia izan da, baina uste dut emaitzak ekarriko dituela bai ekainaren 7ra begira bai aurrera begira, ekainaren 7an ez baita ezer amaituko.

Zer mezu landu da azken hilabeteetan?

Landu dena da ekainaren 7ak zer itxura hartuko duen, eta zer eta zergatik egingo dugun.

Zer itxura hartuko du?

Zazpi lurraldeetako euskal herritarrok herri agerraldi bat egingo dugu Bilbon. Iruditzen zaigulako badagoela herri sentimendu bat eta herri harrotasun bat, eta badago herri behar bat ere. 

Eta zergatik orain?

Uste dugu larunbateko mobilizazioak lagunduko duela lurralde diferentetan estatutuen inguruan dauden eztabaidak indartzen.

Nola sentiarazi litezke herritarrak prozesu horien parte? Izan ere, neurri handi batean alderdietan edo erakundeetan abiarazten ari diren prozesuak dira, ezta?

Dei bat egin behar da hau ez dadin izan soilik politikoek bulegoetan egiten duten prozesu bat. Gure ustez, garrantzitsua da jauzi kualitatibo bat egitea, eta iritsiko da momentu bat zeinetan herritarrek parte hartu beharko dugun prozesu horretan, modu aktiboan. Bestalde, uste dut beste mezu bat ere indartu behar dela: erantzukizun partekatuarena. Herri gisa hartu beharreko erabakietan ordezkari politikoek aintzat hartu beharko luketen aldagaia da, herritarren babesa beharko baita edozein akordio iraunarazteko.

Eragileekin ere aritu zarete. Besteak beste, euskalgintzan eta kulturgintzan erreferente diren pertsonek bat egin dute deialdiarekin, baita sindikatu nagusiek ere. Zer eman dute bilerek?

Lehenik balioa emango nioke hitz egiteari berari, zeren garai aldrebesak bizi ditugu. Elkarri entzun gabe gabiltza, nor bere txanda noiz iritsiko, eta uste dut mahai gainean jarri behar dela elkarri entzun diogula. Giro onean egin dira, hamabi urtetako ibilbidea ez da alferrik izan. Are gehiago poztu gaitu hitz egiten jarraitu behar dugula izateak azken ondorioa. 

Alderdiekin ere elkartu zarete?

Bai: EH Bai, EH Bildu, EAJ, Podemos, Sumar, Geroa Bai eta Zurekin alderdiekin, bai. Lurralde diferentetan erabakitze eskubidearen aldeko jarrera izan dezaketen alderdiekin egon gara, bidea egin dugu, eta besteekin beste horrenbeste egiten segitu beharko dugu. 

«Jauzi bat egiteko garaia dela pentsatzen dugunok egon behar dugu Bilbon, herri honi motz geratu baitzaizkio dituen tresna juridiko politikoak»

Gure Esku-k hamabi urteko bidea egin du. Atzera begira, zer ondorio ateratzen dituzu?

Burujabetza prozesuak luze xamarrak izaten dira. Nahiko genuke azkarrago joatea, baina alde horretatik, beraz, hamabi urte ez dira asko. Erabakitze eskubidearen aldeko pedagogia egin dugu etengabe. Gure Esku-k funtzio bat betetzen du, eta sinetsita nago gizarte honetan norbaitek egin behar duela funtzio hori: hainbat joeratako eragileei lekua eskaintzea erabakitzeko eskubidearen orube horren gainean.

Mugarri batzuk jarri ditu; giza katea egin zutenekoa edo estadioak bete zituztenekoa, kasu, baina izan dira indar erakustaldi apalagoa izan duten deialdiak ere. Zer iritzi duzu gorabehera horien inguruan?

Ematen du hedabideetan agertzen ez bazara desagertu egin zarela, baina ez da egia. Zaila da hori helaraztea. Gure Esku-k baditu bi lerro: unean-unean deiak egitea herritarrei trinkotzeko, ahalduntze kolektibo batera deitzeko. Baina badugu beste lerro bat, ekin eta ekin isilean egin behar dena, desberdin pentsatzen dugunon artean zubiak eraikitzeko, konfiantzak eraikitzeko. Uste dut bide oparoa egin dugula, eta oraindik asko dugula egiteko. 

Unean uneko dei horietako bat da larunbatekoa.

Bai. Nazio bat garela pentsatzen duen edonork bere lekua du larunbatean, Bilbon. Erabakitze eskubidea euskal herritar guztiona dela eta eskubidea demokratikoa dela pentsatzen dugun guztiok dugu lekua. Jauzi bat egiteko garaia dela pentsatzen dugunok egon behar dugu Bilbon, herri honi motz geratu baitzaizkio dituen tresna juridiko politikoak. Gure lurraldeetan burujabetzarako jauziak egiteko bidelagun izango garela adierazteko eguna ere izango da. Izan ere, lurralde bakoitzean aurrera egiten den bakoitzean, hori elikagaia da beste lurraldeentzat. 

«Agintean daudenek ikusi behar dute badagoela erabakitze eskubidearen aldeko gihar garrantzitsu bat, eta, diskurtso batzuk diotenaren kontra, erabakitze eskubidea badela garrantzitsua euskal herritarrontzat»

Zergatik?

Agintean daudenek ikusi behar dute badagoela erabakitze eskubidearen aldeko gihar garrantzitsu bat, eta, diskurtso batzuk diotenaren kontra, erabakitze eskubidea badela garrantzitsua euskal herritarrontzat. Esaten denean eskumen gehiago behar ditugula, eta galdetzen digutenean, 'zertarako?', bada, Euskal herritarron bizi baldintzak hobetu daitezen. Galde diezaiogun jendeari ea gutxieneko soldata hemen erabaki nahi duen edo beste norbaitek gure partez erabakitzea nahi duen. Ea pentsioak hemen erabaki behar diren, edo beste nonbaiten. Zein uste duzu izango dela erantzuna? Erantzuna izango da hemen erabakitzea hobea izango dela. 

Zergatik irtengo zarete La Casillatik?

La Casillak badu bere lekua iruditerian. 17:30ean La Casillara ahalik eta gehien gerturatzea nahi genuke. Gure ikurrak nabaritu daitezen saiatuko gara. Giza katean 150.000 pertsona elkartzeko gai izan ginen, pultsio hori hor dago, jende hori hor dago; batu gaitezen berriro. Ulertuta burujabetza prozesuak luze joaten direla, baina elkarri eskua emanda urrun irits gaitezkeela sinetsita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.