Nazio Batuen Erakundeak iturri gisa aipatu du Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak euskal presoei buruz egindako azterketa lan bat. Espetxeratuta daudenen eskubideei eta gizarteratzeari buruzko txosten handiago batean jaso du Behatokiaren lana. Zehazki, zigor gogorrak bete ondoren aske geratutakoek izaten dituzten zailtasunak ditu hizpide, eta Harrera elkarteak emandako datuekin osatuta dago.
NBEren Giza Eskubideen Kontseiluaren 60. bilkuran aurkeztu zuten txostena, Genevan (Suitza), irailaren 8tik urriaren 3ra bitartean egindako saioetan. Kontseiluak berak eskatu zion Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bulegoari egin zezala azterlan sakon bat, gomendio praktikoak ere aipatuta, atxilotu ondoren aske utzitakoen eta askatasuna kentzen ez duten neurrien mende daudenen giza eskubideei eta gizarteratzeari buruz.
Txosten hori egiteko, adituen eta biktimen lekukotza zuzenak bildu ditu, baita gizarte zibilaren ekarpenak jaso ere, halakoetan ohikoa duen moduan. Hain zuzen ere, GEBehatokiak aukera hori baliatu zuen bere lana aurkezteko. Txostenak 87 ekarpen ditu guztira, eta horien azterketan oinarritzen da; material hori guztia eskuragarri dago Nazio Batuen webgunean.
GEBehatokiak Osabideak osasun eskubideen aldeko sendagileen eta legelarien elkarteko kideen laguntzarekin eta Harrera elkarteak emandako datuekin osatu zuen bere azterketa lana. Euskal presoek aske geratu ondoren aurre egin beharreko zailtasunak laburbiltzen dira, bai eta askotan 20 urtetik gorako espetxe zigorrak bete ondoren gutxieneko kalitate parametroekin bizitzea erraztu dezakeen erakunde laguntza eskasa ere.
Aitortza eta bultzada
Behatokiak pozez jaso du NBEk aintzat hartu izana, eta adierazi du keinu horrek Osabidea eta Harrera elkarteen lanaren «beharra eta garrantzia» aitortzen duela: «Hain maila handiko txosten batean aipatuak izatea, txosten horren iturrietako bat izanik, kolektibo horren alde egiten den lanaren bultzada handia da».

Txostenean jasotako gomendioetako hiru ere nabarmendu ditu Behatokiak. Izan ere, NBEren txostenean diote, batetik, gizarteratzeak «integrala, iraunkorra, inklusiboa eta indibidualizatua» izan behar duela, eta eragin handiena dutenen beharrei erantzun egin behar zaiela. Bestetik, gizarteratzeko programek «dimentsio anitzeko ikuspegia» izan behar dutela ere esaten dute, eta «berehalako eta epe luzeko beharrei» erantzun behar dietela. Azkenik, gizarteratzea «giza eskubideetan oinarritutako ikuspegiarekin egiteari buruzko orientazioa» behar dela ere adierazi dute, erakundeek gizarte zibilaren esku uzten baitute sarritan, eta askok laguntza karitate gisa ikusten baitute eskubide gisa hartu beharrean.
Gomendio horiek kontuan hartuta, zera azpimarratu du Behatokiak: «Nazio Batuen gomendio horiek berretsi egiten dute Harrera egiten ari den lana, zehazki elkarte horrek kolektibo horri laguntza egokia emateko egiten duen ahalegina, txosten honetan ondorioztatzen den bezala».
«Nazio Batuen gomendioek berretsi egiten dute Harrera egiten ari den lana, zehazki elkarte horrek kolektibo horri laguntza egokia emateko egiten duen ahalegina»
GIZA ESKUBIDEEN EUSKAL HERRIKO BEHATOKIA
Era berean, Behatokiak gogorarazi du aurten hamabost urte beteko direla Aieteko adierazpena egin zenetik, eta nabarmendu du euskal gatazka konpontzeko prozesua Nazio Batuek ezarritako parametroen arabera egin zela, DDB delakoan oinarrituta: Desarmatzea, Desmobilizatzea eta Birgizarteratzea. Are, adierazi du euskal gatazkaren eredua «erreferentzia» dela beste gatazka batzuk konpontzeko ere, Kurdistangoa kasurako.
Edonola ere, behin betiko konponbidea lortze aldera, Behatokiak iritzi dio ezinbestekoa dela erakundeek gehiago parte hartzea. «Guztiz arrakastatsua izan dadin, GEBehatokiak uste du lan hori administrazio publikoen inplikazio handiagoarekin bultzatu eta sustatu beharko litzatekeela, giza eskubideetan oinarritutako ikuspegi zorrotz eta bakarrean oinarrituta, eta birgizarteratze prozesuen erabilera politiko oro alde batera utzita».