Nazioarteko foro bat udazkenerako

Parte hartzeari eta erabakitzeko eskubideari buruzko nazioarteko foro bat egitea Donostian, gazteek antolatua, gazteentzat, era parte hartzailean. Horra Gazteak Togetherren aurtengo erronka nagusia.

Hodei Iruretagoiena.
Baiona
2017ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Hitzaldi ziklo batekin ekin diote Gazteak Together egitasmoari, baina bestelako erronkak ere badituzte esku artean. Udazkenerako, esaterako, parte hartzeari eta erabakitzeko eskubideari buruzko nazioarteko foro bat antolatzen ari dira, Lander Iruinek eta Pauline Guellek kontatu dutenez. Bi egunetan egitea aurreikusi dute, Donostian. Parte hartzeari buruz aritu nahi dute lehenengo egunean, eta erabakitzeko eskubidearen inguruan bigarrenean.

Genevara eta Bruselara egindako bidaietan hasi ziren harreman batzuk egiten, eta foroa antolatzeko ere baliatu nahi dituzte. Guelle: «Nazioarteko jendeak nahi ditugu, baina, bereziki, gazteak. Hori izan zen gure azken hausnarketa: erabakitzeko eskubideari eta parte hartzeari buruz hitz egiteko badira hainbat jende, denok ezagutzen ditugunak. Baina zer ekarriko dugu, [Artur] Mas bat, edo? Gazteentzat egiten badugu, egin dezagun gazteekin».

Gaitasuna badute gazteek, izan ere, egoerari buruzko analisiak egin eta eztabaida bultzatzeko. Hala nabarmendu du Iruinek, eta, gainera, halako foro batek fokua Euskal Herrian jartzeko ere balio dezakeela uste dute. «Beti gaude kanpora begira, baina etxean ere zerbait egin beharko dugu. Ni oso gogotsu nago, iruditzen zait sekulako aukera dela. Bai guretzat, talde gisa, eta baita gazte eragileentzat ere».

Gaiei ez ezik, formatuari ere garrantzia ematen diote gazteek. Gustatu zitzaien Genevako konferentzian ikusitakoa. Herrialde ugaritako ordezkariek hartu zuten parte, eta eragile sozialek ere izan zuten tokia. «Foroa bera zen prozesu parte hartzaile bat. Hizlariak botatzen zuen berea, baina gero hitza hartzen zuten nahi zuten herrialdeek, haien iritzia ematen zuten, galderak, proposamenak... Parte hartze nahiko zabala zegoen», azaldu du Iruinek.

Elkarrekin, indartsuago

Zehaztasunak erabakitzeko dituzte oraindik, baina argi dute bide horretatik jo nahi dutela. «Zerbait parte hartzailea egin nahi badugu, geuk behar ditugu sortu momentu parte hartzaileak. Bestenaz, ez du zentzurik», oroitarazi du Guellek. Haren esanetan, Gazteak Together taldea osatu dutenek badute esperientzia parte hartzean, bakoitzak bere esparruan: «Jadanik parte hartze prozesuetan ari gara, eskala txikian, gauza ezberdinetan. Baina, elkarrekin egitearekin, indar gehiago ematen diogu, nazio ikuspegitik, elkarlan bat egiteko».

Talde gisa, bestelako proposamenak jasotzen ere ari dira. Eusko Ikaskuntzak, esaterako, maiatzean egin asmo dituen tailer batzuetan parte hartzeko gonbita egin die, euskal gizarteari buruzko diagnosi bat egiteko.

Ideiak eta lanerako gogoa ez zaizkie falta, eta helburua ere argi dute. Iruin: «Orain arte, erabakitze eskubidearen inguruan hitz egitean, bakoitzak bere bidea egin du. Ematen du ezinezkoa dela sortzea gune bat ikuspuntu ezberdin horien artean, puntu komun batekin. Xede horrekin elkartu gara: erabakitzeko eskubidearen inguruan gune bat proposatzeko, elkarrekin lan egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.