NBEk Espainiari galdetu dio ea zergatik ez duen prozedurarik abiatu jasotako 5.379 tortura kasuak ikertzeko

Tortura, Sekretu Ofizialen Legea eta 1977ko Amnistia Legea izan dituzte hizpide, besteak beste, NBEren Giza Eskubideen Batzordean. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren txostenean oinarrituta, batzordekideek galderak egin dizkiote Espainiari.

URIZAR
Egiari Zor eta GEBeko ordezkariak Iratxe Sorzabalen auziari buruzko agerraldian. AITOR KARASATORRE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko uztailaren 4a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

NBEko Giza Eskubideen Batzordean tortura, Sekretu Ofizialen Legea eta 1977ko Amnistia Legea izan dituzte hizpide, Genevan. GEB Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiko ordezkariek xehe azaldu die han bildutakoei gauzak zertan diren, eta Espainiako Gobernuak zer jardunbide izan dituen auzi horietan. Besteak beste, NBEren Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako ordezkaritzari galdetu dio zergatik ez den prozedura bat bera ere abiatu Istanbulgo protokoloari jarraituz jasotako 5.379 tortura kasuengatik. 

Espainia Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala betetzen duten nazioarteko estatuen artean dagoenez, NBEren Giza Eskubideen Batzordeak itun hori zenbateraino betetzen den zaintzen du, eta azterketa moduko bat egiten dio herrialde horri, betetzea zenbaterainokoa den egiaztatzeko. 2015ean egin zuten azken azterketa, eta, hamar urteren buruan, aztergai izatea egokitu zaio berriz ere Espainiari. Espainiak igorri dio jada bere txostena NBEren batzordeari, baina, astelehenean eta asteartean, NBEren batzordea Euskal Herriko eta Kataluniako gobernuz kanpoko zenbait erakunderekin batzartu zen, haien txostenen berri izateko, eta tartean zen GEB taldearen txostena. Gero, asteazkenean eta ostegunean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak batzordearen galderei erantzun behar izan zien.

GEB taldeak azaldu zuen zer-nolakoa izan den Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko biktimak eta torturarenak aitortzeko egindako bidea, eta, horrekin lotuta, esan zuen Espainiako Gobernuak ez duela batere urratsik egin. Are gehiago, Iratxe Sorzabalen kasua ere azaleratu zuten. Lehen aldiz, Espainiako Auzitegi Nazionalak epai batean jaso zuen torturatua izan zela, eta baliogabetzat jo zituen inkomunikazio aldian egindako aitortzak. 

NBEko batzordeko kide batek «harrituta» galdetu zion Espainiari zergatik ez duen indargabetu tortura delituen preskripzioa: «Zergatik ez da bat egiten nazioarteko araudiarekin eta delitua zergatik ez da preskribaezina? Zer oztopo daude preskripzio hori kentzeko?». Are gehiago, atxiloketa inkomunikatuari zergatik eusten dion ere galdetu zioten.

Desagerpen behartuen inguruko ikerketak ere izan zituzten hizpide, tartean Naparraren kasua.

Nazioarteko egoera ere izan zuten hizpide, eta ohartarazi zuten balitekeela Nazio Batuen giza eskubideen defentsarako mekanismoak arriskuan egotea AEBetako presidente Donald Trumpen politika berrien ondorioz.

GEB TALDEAREN Gomendioak

  1. Nazioarteko konpromisoei men eginez, Espainiako Gobernuak ikerketa egokiak egin behar ditu 5.379 tortura kasu jasotzen dituen txostenari buruz —Torturaren Aurkako Batzordeak eskatua dio jada azterketa egiteko—, eta ikerketa horien emaitza NBEren Giza Eskubideen Batzordeari helarazi.

  2. 16/2019 legearen eta 12/2016 legearen emaitza izan diren lege ekinaldi autonomikoei jarraituz, estatuak berak ere —eta are gehiago erasotzaile goren gisa— lege ekinaldiak hartu behar ditu estatuaren indarkeriaren biktimak aitortzeko.

  3. Espainiako Prozedura Kriminalaren Legearen 509. artikulua indargabetzea, atxiloketa inkomunikatuari bide ematen dionez gero. Atxiloketa mota hori askotan kritikatu dute giza eskubideen aldeko erakunde eta organismoek, eta, gainera, agerian geratu da atxiloketa horiek lotura estua dutela torturarekin eta atxilotuen aurkako tratu txarrekin. Aldaketa horrek berriro halakorik ez gertatzeko printzipioari erantzungo lioke.

  4. Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 legeak ezarritako betebeharrei jarraikiz, ikertu ditzala  exekuzio estrajudizialen, desagertze behartuen eta torturaren kasuak, kontuan hartuta gizadiaren aurkako krimenak direla. Bereziki, 1978 baino lehenagoko tortura  salaketen kasu guztiak.

  5. Zigorra berrikusi behar zaio tortura ekintzen bidez lortutako frogetan oinarrituta espetxean dauden dozenaka lagunei.

  6. Estatu terrorismoaren apologia egitea eragotzi behar da. Erasotzaileen zigorgabetasuna amaitzea, eta estatuak egindako giza eskubideen urraketen legitimazio publikoa bertan behera uztea.

  7. Eskatzea tortura delituaren preskribaezintasuna berariaz jaso dadila nazioarteko betebehar eta konpromiso gisa, estatuek nahitaez bete beharrekoa izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.