Pastor
Darwin eta gu

Neskatoa, maitasuna eta pilula

2025eko urriaren 4a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitarekin joan da medikuarenera. Aurrean neska bat dago, 25 urtekoa: bere sendagilea, guztiz harrituta. Izan ere, pilula antikontzeptiboa errezetatzeko eskatu dio neskatoak. Hamalau urte besterik ez du. Neska —hau da, medikua— begira geratu zaio umeari. Gorputzean kimika hori sartzeko oso gaztea dela azaldu dio. Bada beste modu bat sexu-harremanak izan eta ez haurduntzeko: mutil-lagunak kondoia erabiltzea. Neskatoak ez du nahi, baina. Pilularekin tematua dago.

Neska gelatik irten eta beste mediku batekin itzuli da. Argudiatzen segitu dute biek: pilula geroago; orain, hain gazte... Neskatoak bereari eutsi dio: maitemindua da; bere bizitzako maitasuna da, betikoa. Hausnartzeko eskatu dio neskak. Datorren urtean mutilarekin egongo da? Ezin jakin. Begitartea ilundu zaio nerabeari. Nola erlatibizatu maitasunaren iraupena sentimendu hori aurkitu duen gazte batekin? Nork ez du ametsik egin hamalau urte zituela —edo geroago— bizi osorako amodioarekin maiteminaren ederrean? Jardun eta jardun ibili dira bi medikuak. Eta azkenean, bai: konbentzitu egin dituzte.

Aitak ez du pentsatu neskatoa gazteegia dela pilula hartzeko? Hori egitea egokiagotzat jotzen du mutil-lagunak kondoia janztea baino? Gizonen arteko ustezko elkartasuna gogokoago du alabaren osasuna baino? Esango nuke ama batek ez lukeela hain erraz onartuko neskaren eskaera. Lehenago, emakume arteko solasaldia izango luke harekin.

Zergatik joan da aita kontsultara? Bereizita egon daitezke gurasoak. Edo, hala izan ez arren, rol tradizionalei segitu gabe banatzen dituzte ardurak. Agian, aitak amak baino hobeto hitz egin dezake alabarekin hilekoari buruz, beste sexu bat izan arren. Eta amak aitak baino askoz lasaiago jakinaraziko dio seme gazteari masturbatzeko metodorik onena zein den, nagusitan eiakulatzaile goiztiarra izan ez dadin, aitatxo bezala. Agian. Halako salbuespenik izan liteke, baina zenbat?

«Aitak ez du pentsatu neskatoa gazteegia dela pilula hartzeko? Hori egitea egokiagotzat jotzen du mutil-lagunak kondoia janztea baino?»

Bestalde, baliteke neskak amarik ez izatea. Nork zer esan dio hilekoa lehen aldiz izateko garaian? Ez da egoera gozoa. Eta ama bizirik egonda ere... Californication seriean Karen eta Hank gurasoak dibortziatuak ditu Beccak. Lehenengoz hilekoa iristen zaionean aitarekin dago neskatila. Gizonak ez daki zer egin. Supermerkatu batera joan dira konpresak erostera eta han emakume batekin liskarra. Alabak lehen hilekoa izan duela esan dio Hankek. Eta orduan andrea errukitu eta Beccari aholkuak ematen hasi zaio, ama balitz bezala.

Neskatoak, printzipioz, ez du pilularik hartuko. Nola erreakzionatuko du mutilak? Zeren eta hark, aitak bezala, bide errazenera jo baitu, hain maitea duen bikotekidearen kaltean bada ere. Eta neskak, maitasun betikoa gogoan, denari amen. Kontuz, baina! Ustezko maitasun-probak era askotarikoak izan daitezke, sexuari lotuak edo ez. Maite banauzu, hau egin. Maite zaitut, bai; egin egingo dut. Adibidez: Suedian gora egiten ari da asfixia erotikoaren praktika gazteen artean. Asfixiatuaren baimen osoz. Izan da heriotzarik horren ondorioz.

Norvegian antzera dabiltza. NRK irrati publikoak hedatu duen ikerketaren arabera, 18-30 urte bitarteko emakume sexualki aktiboen %70 ingururi egin diete asfixia erotikoa larrutan ari ziren bitartean. Gazteenen artean —18-24 urtekoak— hamarretik zortzik gozatu / pairatu dute praktika horrekin. Telebistak adierazi duenez, asfixia erotikoa gero eta ohikoagoa da Pornhub webgune pornografikoan. Lau pelikulatik batek halako eszena bat du. Gehien-gehienetan mutilak heltzen dio lepotik neskari. Bi eskuekin. Errealitatean ere halaxe izaten da: normalean gizonak eusten dio emakumeari samatik.

Hamalau urte eta hamarkadetan 10.000 edo 11.000 pilula hartzeko prest dago. Mutila maite duelako. Beti egongo delako harekin. Amodio betierekoa dutelako. Hori baino maitasun-froga argiagorik? Mutilak ere bazuen bere amodio handia erakustea, baina ez: Pornhuben kondoirik ez. Asfixia erotikorik bai, ordea. Maite nauzu? Bai, betirako. Proba egin nahi duzu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.