Netanyahu epailearen aurrera eramateko eskaera babestu dute hainbat abokatuk

Giza eskubideen aldeko Palestinako hiru erakundek salaketa aurkeztu zuten azaroan Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrean. Euskal Herritik eragiteko, hainbat abokatuk jarraipen talde bat eratu dute.

Gernika-Palestinaren prentsaurrekoa
Gernika-Palestinak eta hainbat abokatuk Bilbon egindako agerraldia, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko otsailaren 14a
15:40
Entzun

Israelek Gazaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik, hainbat ekintza antolatu ditu Gernika-Palestina herri ekimenak. Besteak beste, urte amaieran Elkartasun Aktiboa kanpaina jarri zuen martxan. Ekintzaren helburuetako bat da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa nazioarteko epaitegien aurrera eramatea. «Israel egiten ari den genozidioa salatzeko, Netanyahu nazioarteko justizia auzitara eraman behar da, Palestinatik bultzatutako auzia modu aktiboan babestuz», azaldu du gaur Ane Mezo bozeramaileak, Bilbon egindako agerraldian. Hainbat abokatuk Mezok esandakoa berretsi dute.

Iazko azaroan, PCHR Palestinako Giza Eskubideen Erakundeak, Al Hacq-ek eta Al Mezak salaketa jarri zuten Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrean. «Giza eskubideen aldeko Palestinako hiru erakundek ikerketarekin jarraitzeko eskatu zuten, Palestinan eman daitezkeen nazioarteko krimen larriak aztertzeko», gogoratu du Urko Aiartza abokatuak. Izan ere, 2018an, Palestinak Zigor Auzitegiari eskatu zion Palestinan gertatzen ari ziren «balizko gizateriaren aurkako krimenak» ikertzeko. Urtebete geroago jarri zuten martxan ikerketa.

«2021ean, fiskalak esan zuen balizko elementuak bazeudela gizateriaren aurkako krimenak ematen ari zirela aitortzeko», ohartarazi du Aiartzak. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du hiru erakundeek jarritako eskaera babestea, eta ikerketarekin jarrai dezatela eskatzea. «Ikerketa honetan, gainera, prozedura bat ireki behar da, pertsona indibidualen aurka», aipatu du.

Palestinako erakundeez gain, Aiartzak nabarmendu du beste erakunde batzuek ere Palestinako auziari buruzko informazioa helarazi diotela Zigor Auzitegiari; esaterako, Tunisiako eta Aljeriako abokatuen elkargoek. Beste hainbat herrialdek ere bideratu dute informazioa: «Hala nola Hegoafrikak, Bangladeshek, Boliviak eta Djibutik, besteak beste».

Jarraipen taldea

Euskal Herritik eragiteko, hainbat abokatuk jarraipen talde bat sortu dute. «Egunero genozidioa gertatzen ari da gure aurrean; hori dela eta, arlo juridikoko ekimen hori babestu behar dugu», azaldu du Carlos Alberto Ruiz Socha abokatu eta Mundubat gobernuz kanpoko erakundeko kideak (Palestinako hainbat elkarterekin egiten du lan Mundubatek). Ruizez gain, taldearen parte dira Nazario Oleaga, Joseba Crespo, Amaia Izko, Aitzol Asla eta Iratxe Urizar abokatuak.

Taldekideek konpromisoa hartu dute giza eskubideen aldeko beste hainbat talderekin harremanak egiteko, baita «Israelek egindako krimenak» aztertzeko dokumentazioa duten erakundeekin ere. «Gure konpromisoa da hemendik eragitea, entzutea eta aztertzea ea nola bultza ditzakegun beste ekintza batzuk», gehitu du Ruizek. «Genozidioaren erantzuna ezin da zigorgabetasuna izan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.