Zainketa aringarrien talde ibiltariko medikua

Pierre Brillaxis: «Nik aitortuko nuke jadanik heriotzarako laguntza aktibo baratza eskaintzen dugula»

Heriotzarako laguntza aktibo baratz batetik laguntza lasterrago batera pasatzea izanen da aldaketa nagusia, haren ustez. Azpimarratu du biziki garrantzitsua dela «pertsonak berak» eutanasiarako urratsa egiteko aukera izatea.

Pierre Brillaxis Baionako ospitaleko zainketa aringarrien talde ibiltariko medikua. GUILLAUME FAUVEAU
Pierre Brillaxis Baionako ospitaleko zainketa aringarrien talde ibiltariko medikua. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2025eko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Heriotzarako laguntza legearen baimentzea maiatzaren 27an bozkatu zuten Frantziako Asanblea Nazionalean; hori ez ezik, zainketa aringarrietarako bidea hobetzeko legea ere onartu zuten. Pierre Brillaxis (Hiriburu, Lapurdi, 1967) Baionako ospitaleko zainketa aringarrien talde ibiltariko medikua da. Haren ustez, heriotzarako laguntza jadanik ematen da, modu pasiboago batean. Ez dago lege berriaren kontra, ezta alde ere; espero du, gutienez, gaiaren inguruko hipokrisia baretuko duela.

Legea berria da, baina, praktikan, erranen zenuke heriotzarako laguntza jadanik eskaintzen duzula zure egunerokoan?

Denek ez dute ber irakurketa egiten. Zainketa aringarrien munduan, orokorrean, guti dira onartuko dutenak jadanik ematen dela heriotzarako laguntzarik. Jende horiek urraketa antropologiko baten gisara interpretatzen dute lege berria. Nik uste dut ez dela aski onartzen terapia gehiegikeriaren izenean tratamenduak mugatzen, gelditzen edo ematen ez ditugula. Erran daiteke terapia gehiegikeriari uko egitea dela, baina, aldi berean, erran daiteke erabaki horiek ondorioak dituztela bizitzaren luzerari dagokionez. Heriotzarako laguntza nahi duten pertsonendako, kontsidera genezake laguntza pasiboaren erregistroan sartzen dela.

Orain, laguntza aktiboago batez hitz egiten badugu, halakorik ez da existitzen gaur egungo zuzenbidean. Halere, sedazio sakon eta jarraikiaren kasuan —2016ko Leonnetti legeak baimendu zuena—, ezin da erran ez dugula nolabaiteko laguntza aktiborik eskaintzen: arnas arriskuak sortzen ditu eta, beraz, laguntza baratza da, baina laguntza aktiboa hala ere.

Azkenean, zure ustez, hitz kontu bat da.

Erdi hutsa edo erdi betea dagoen basoa bezala da: errealitate bera da, baina batzuek erranen dute erdi hutsa dela, eta besteek, erdi betea. Batzuek erranen dute eriak ahal bezain ongi lasaitzen ari garela, eta besteek, ni barne, aitortuko dugu jadanik heriotzarako laguntza baratz gisa definitu daitekeela. 

Halere, legeak zenbait berritasun ekartzen ditu, bi egintza desberdinduz: suizidio lagundua eta eutanasia.

Suizidio lagunduaren terminoa ez da lege proposamenean sartzen: injekzio hilgarria aipatzen dute, pazienteak berak bere buruari egiten diona. Baina heriotzarako laguntza aktiboa zigorgabetu duten herri guztiek suizidio lagundua deitzen diote. 

Eta, egintza hori beren kabuz egiteko ezintasun fisikoan direnen kasuan, eutanasia izanen da. Salbuespenak izanen dira kasik. Bien kasuan, batez ere, oinaze sendagaitza izanen da irizpide.

«Laguntza aktiboago batez hitz egiten badugu, halakorik ez da existitzen gaur egungo zuzenbidean. Halere, sedazio sakon eta jarraikiaren kasuan ezin da erran ez dugula nolabaiteko laguntza aktiborik ematen»

Irizpide horri jadanik jarraitu behar diozue gaur egungo legearekin, ezta?

Bai, sedazio egokituaren kasuan: zehazkiago, gutieneko sedazioaren edo sedazio nahikoaren kasuan, eriak ez ditzan hainbeste sentitu jasangaitzak zaizkionak. Eritasun aitzinatua duten edo azken urratsean direnek jadanik badute aukera sedazio egokitu horren ukaiteko. Leonetti legeak, bestalde, sedazio sakon eta jarraikirako eskubidea utzi zigun. Epe laburrerako pronostikoa izan behar da, eta oinaze sendagaitza ere bai, honen adierazteko gai diren pertsonen kasuan, gutienez.

Baina sedazio mota hori badakigu ezartzen zaiela gehien-gehienetan gogo horren adierazteko ezintasunean direnei. Egoera horietan, prozedura amankomuna eramaten dugu eriaz arduratu den lantaldearekin eta eriaren hurbileko jendeekin batera. Hurbilekoen rola da erran diezagutela haien ustez zer gogo adierazten ahalko zuen eriak, adierazpen zahar edo ahozkoetatik abiatuta ere, adibidez. Aldiz, pertsonak eginbideak aitzinetik zehaztuak bazituen, horiei jarraiki behar diegu. 

Lege berrirako ere balio dute irizpide horiek?

Beren gogoa adierazteko ezintasunean direnen kasuan, ez, zeren, hala suizidio lagundurako nola eutanasiarako, pertsonaren nahia jaso beharko baitugu. Eztabaida izan da ez ote den aukera uzten ahal, aitzinetik, eutanasiarako nahi horren idazteko. Lege zuzenketak izan dira, baina ez dira atxikiak izan. Eta, harrituko ninduke senatuak zentzu horretan egitea, zeren parlamentua baino kontserbadoreagoa baita, gehienetan.

Orduan, zein dira irizpideak?

Heldua izatea, Frantziako nazionalitatea ukaitea edo bizitzaile egonkorra izatea; infekzio larri edo sendaezin batez eri izatea, fase aitzinatuan edo azken urratsean; oinaze fisiko edo psikologiko sendagaitza jasatea; bere borondatea modu libre eta argituan adieraztea, mediku talde batek baloratuko duena segurtatzeko baldintzak betetzen direla.

Segur aski, medikuon eztabaidagai nagusia oinaze sendagaitzarena izanen da. Baimena ematen ote diot ene buruari pertsona horren oinazea onartzeko? Sufrimendua beti da subjektiboa. Dimentsio anitzekoa izan daiteke: fisikoa, psikologikoa, familiakoa, soziala, oso bakartua edo hurbilekoentzat pisu bat sentitzen denarendako; sufrimendu existentziala ere izan daiteke, etorkizunera proiektatzeko zailtasunak ekartzen dituelako eritasunak, jakinda ez duela hobera eginen.

«Beren gogoa adierazteko ezintasunean direnen kasuan, ez da eginen, zeren, hala suizidio lagundurako nola eutanasiarako, pertsonaren nahia jaso beharko baitugu»

Edozein izanik ere legeak, beti izanen dira egoera batzuk zeinetan zaila izanen zaigun irizpideak baieztatzea. Azkenean, desberdintasuna abiadurarena izanen da: gaur egun testuinguruen arabera zenbait oren edo egunez egiten dena, hogei minutuz egiten ahalko da eutanasiarekin. 

Kontzientzia klausula bat izanen da mediku bakoitzak eginkizun horiek egin ala ez egin hautatzeko. Nola kudeatuko duzu?

Agian aldatuko dut, baina gaur egun, erranen nuke onartuko dudala suizidio lagundurako produktu hilgarriaren manatzea, definitutako baldintzetan. Orduan, oinaze sendagaitza baieztatu beharko da. Ez dut uste gaur egun baino zailtasun gehiago ekarriko dizkidanik. 

Aldiz, eutanasiari dagokionez, CCNE Frantziako etika aholkurako batzordearen 2022ko iritziari jarraikiko natzaio. Horrek erran nahi du eutanasiaren aukera beren kabuz egiteko ezintasun fisikoan direnen kasuan besterik ez dudala onartuko, eta salbuespenak izanen dira, normalean. Garrantzitsua zait pertsonak berak urrats hori egin ahal izatea, autonomiaren eta nork bere gorputzarendako erabakitzeko duen eskubidearen izenean. 

CCNEk 2022an erran zuen: bizitzeko eskubidearen errespetuak ez du erran nahi bizitzeko betebeharra denik. Agerikoa da, baina lehen aldia zen erraten zena. Oinarrizko bi printzipio etiko bateratzeko asmoa bada. Pertsona ahulenekiko elkartasun betebeharra eta pertsonen autonomiaren errespetua. Niri, mediku gisa, iruditzen zait bi printzipio horiek betetzen direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.