Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Iruñeko Alde Zaharreko Maisonave hoteleko kafetegian egin du hitzordua. Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentari ohia (Iruñea, 1977) kanpoaldean zerbait hartzen ari den bitartean, Kale Berriaren luze-zabalean udaletxetik dator Cristina Ibarrola UPNko presidentea. Bi alderdiak antipoda politikoetan badaude ere, elkar agurtu dute adeitsuki. Ruizek duela bi urte utzi zuen legebiltzarra, eta irakasle gisa zer moduz doakion galdetu dio Ibarrolak. Galdera itzultzean «buru-belarri» dabiltzala ihardetsi dio UPNko buruak, Cerdan auziari erreferentzia eginez. Behin hark alde eginda, umorez esan du Ruizek: «Begira, baduzu sarrera».
Kostatu egin al zitzaizun agur esatea?
Hartzen duzun ardura politikoak, batzuetan, eramaten zaitu behar baino gehiago luzatzera, eta hori izan zen nire kasua. Nik lau urte lehenago uzteko asmoa nuen, eta ontzat eman nuen beste lau urte jarraitzea. Zortzi urte jarri nuen helmuga gisa.
Eta zure zortzigarren urtea beteta, zerrendaburu izan zinen.
Joan naiz bigarren, joan naiz laugarren, joan naiz lehenengo. Momentu bakoitzean eskatu zaidan ardura hartu dut. Egia da lau urte lehenago utziko nukeela, baina erabakiak modu kolektiboan hartzen, dira eta hori ere asumitu behar da. Beti esan dut konbentzimendu osoz denok garela beharrezko, baina ez dagoela inor ezinbesteko. EH Bilduk akatsak izango ditu, baina balio nagusietakoa da oso korala dela eta pertsonalismoetatik urruntzen den indar politiko bat dela. Joateko orduan errazagoa da, badakizulako badagoela talde baten babesa. Horrek ere zama kentzen dizu.
Ezker abertzalea legez kanpo zegoen garaian, Hamaika Bil Gaitezen herri plataforman hasi zinen. Orduan imajinatzen al zenuen politikan hamabi urte emango zenituela?
Ez. Oso momentu berezia zen, eta, konfiantzazko hainbat pertsonak bultzatuta, plataforma horretan hasi nintzen, konbentzimendu osoz. Egoera politikoak behar zuen astintze bat, ilegalizazioak baldintzatu zituelako hainbat eta hainbat urtez Euskal Herriko politika instituzionaleko gehiengoak.
«EH Bilduk akatsak izango ditu, baina balio nagusietakoa da oso korala dela eta pertsonalismoetatik urruntzen den indar politiko bat dela»
Nafarroako plataforma izan zen.
Bai, eta hasiera batean ez nuen lotzen gero etorriko zenarekin. Ez nuen uste horrek horrela amaituko zuela. Handik gutxira ikusi nuen neure burua parlamentuko zerrendetan.
Bilduren lehen kanpaina olatu handi bat izan zen, baina gero urak bere onera etorri ziren. 2011koa egoera berezi bat izan zela ikasi behar izan zenuten?
Bai. Politikan berehala ikasten duzu joera goranzkoan egon daitekeen modu berean beheranzkoan ere egon daitekeela.
Burua hotz izan behar al da?
Bai, begirada luzea behar da joerak ulertzeko, momentu batean goi-goian egon zaitezkeela eta besteetan gauzak alda daitezkeela. Horretarako, heldutasun politikoa behar da.
Hasi berria zinen; zer parlamentu aurkitu zenuen?
Parlamentuan sartu, eta ez nekien nola funtzionatzen zuen, zer egiten zen egunerokoan. Pertsonalki, ikaste prozesua izugarria izan zen. Alde batetik, erresistentzia handiak topatu genituen. Bildu instituzioetan sartzeak halako oldarraldi bat eragin zuen. Maiorga Ramirez edo Koldo Amezketa aurretik ere parlamentarioak ziren, baina hasieran UPNko inork ez zigun aurpegira begiratzen, bereziki sartu berri ginenoi. Halako errezelo batez begiratzen ziguten. Tokia egin behar izan genuen, eta harrotasunez adierazi herritarrek eman zigutela bertan egoteko zilegitasuna. Uste dut horrela hasi nuela Barcinaren inbestidurako hitzaldia.
Barcinaren legealdian murrizketak izan ziren, grebak, CAN auzia, zentsura mozioa, gobernu haustura... Atzera begira, zer duzu bereziki gogoan?
Kaleko dinamika. Legegintzaldi hori oso konbultsoa eta intentsoa izan zen. Batzuetan hainbat faktorek bat egiteak emaitza bat dauka, eta kasu horretan oso argia izan zen. PSN eta UPNren gobernua apurtzearekin batera, aukera bat ireki zen arlo instituzionalean gehiengo berriak osa zitezen. Era berean, kaleko bultzada horrek eraman gintuen 2015eko aldaketa politikora. Hori guztia 2011-2015eko legealdian egosi zen, eta ni harro nago hainbat jendek arlo instituzionalean egin genuen lanaz, eta oso harro hainbat eta hainbat jendek eta sektorek kalean egindakoaz. Horrek izan zuen eragina.

Aldaketak hamar urte bete ditu. Kaleko presio hori nabaritu zenuten. Zer balantze egiten duzu?
Batzuk sinetsita geunden hori posible izango zela. Baina perspektibaz begiratuta, UPNren eta PSNren beharrik gabeko alternatiba bat eraikitzeak ezinezkoa zirudien Nafarroako historia politiko modernoan. 2015eko maiatzaren 24ko gau hark irudikatu zuen ezinezkoa dena posible bilaka daitekeela, nondik norakoak aproposak badira. Faktore askok bat egin zuten, eta hori posible egin zuten. Gau hartaz geroztik, UPN ez da gobernura itzuli. Aldaketa deitu dugun horrek hamar urte bete baditu, beste fase batean gaude, baina ez dezagun ahaztu nondik gatozen.
Ciudadanos oso gutxigatik ez zen sartu parlamentuan. Pentsatu duzu inoiz zer gertatuko zen sartu eta berdinketa izan balitz?
Politika fikzioa egitea da, baina segur aski alderdi sozialista ez zen prest egongo gero hartu dituen erabaki batzuk hartzeko. 2015eko emaitzek baldintzatu egin zituzten PSNk gerora hartu dituen beste erabaki batzuk. Bestela, agian PSNk UPNren makulu izaten jarraituko zuen. Egoera hori haientzat ez zen hain deserosoa. Ikusi zutenean beraiek ez zirela hain beharrezkoak, orduan hasi ziren beren planteamendu politikoak aldatzen, gutxienez gehiengoak eratzeko.
Zauriak ere sendatu behar izan ziren, Nafarroa Bairen hausturak zauriak eragin baitzituen.
Historia guztiak badu bere intrahistoria. Guztiak egon ginen egoerak eskatzen zuen mailan. 2015ean, une hartan, Adolfo Araiz gure hautagai izan zenak etengabe adierazten zuen ados jartzen ez baginen Nafarroako jendartea atzean izango genuela, joka. Adostasunak lortzeko heldutasun politikoa erakutsi genuen, zailtasunak zailtasun. Guztiok ditugu gure arantzak.
Orduan hasi zen Nafarroan politika egiteko modu bat, elkarrizketa bidezkoa. Ez da dirudien bezain erraza?
Ez dirudi erraza, eta ez da erraza. Gobernua eratzeko 2015eko negoziazioetan, eztabaida sutsuak izan genituen, baina niretzat gogorrena euskararena izan zen. Benetan sinetsita nengoen lortuko genuela Euskararen Legea aldatzea, zonifikazioa bertan behera uztea. Ikusi nuenean negoziazio haietan ezinezkoa zela, bilera hartatik negarrez atera nintzen.
«2015eko emaitzek baldintzatu egin zituzten PSNk gerora hartu dituen beste erabaki batzuk. Bestela, agian PSNk UPNren makulu izaten jarraituko zuen»
Legealdi hartan, Ahal Dugu-k eta batik bat Ezkerrak oztopoak jarri zituzten.
Bai, eta beste batzuek [Geroa Bai] uste zuten edo esaten zuten dekretu bidez aurrera egin zitekeela. Gero, auzitegiek erakutsi zuten 2019an dekretu bidez ezin zela aurrera egin. Nik daukadan arantza euskara da, egiturazko aldaketarik egin ezean oldarraldi judizialak epaitegietan jarraituko baitu. Botere faktiko batzuek horrekin tematuta jarraitzen dute, eta ez dugu helduleku legal egiturazkorik.
Oposizioak, hasieratik, euskara erabili zuen kontra egiteko. Egiten zena egiten zela etorriko ziren kritikak. Zergatik kostatzen da urrats txikiak eta handiak egitea?
Oraindik ere beren burua aurrerakoitzat daukaten askorentzat estatu auzia direlako euskara eta hizkuntza eskubideak. Euskaldunak badatoz lelo hori oso errotua dagoelako hainbat kultura politikotan. Jendartearen aurrean lanpostuekin eta inportanteak diren gauzekin jokatzen da. Gezurrezko mantra horiek urteetan landu dira, eta, tamalez, sektore batzuetan errotu ere egin dira. Adostasun berri batzuk behar dira, eta konpromiso irmoak behar dira hizkuntz eskubideen arloan.
Denborak erakutsi du 2015eko gehiengo hura egonkortzea oso zaila zela. Aldaketa soziologiko bat izan da, baina agian ez hainbesterainokoa?
Datuak hor daude. Podemosek 2015ean emaitza oso onak izan zituen, eta 2019an hondoratu zen neurrian hanka horrek huts egin zuen nagusiki, gehiengo horiek berrosatzeari begira. Beste fase bat hasi zen. 2015etik egindako bideak ahalbidetu zuen beste fase bat irekitzea, eta PSNk beste modu batean jokatzea.
2019an, bosgarren indar izateari utzi eta bigarren indar bihurtu zen PSN, eta negoziazioetatik kanpo geratu zineten. Dena bazter uzteko nahia ekarri zuen horrek? Nola izan zen eztabaida hura?
Erabakia konplexua izan zen. Prozesuari ematen diot balioa, emaitza ere horren ondorioz izan zelako. Bi hilabete eman genituen herriz herri batzarrak egiten, gure oinarri sozialarekin hizketan, eztabaidan.
Jendea haserre al zegoen?
Kezkatuta zegoen, eta zalantza asko mahaigaineratzen ziren. Eta, horrekin batera, heldutasun politiko handia erakusten zuten denek, hartutako erabakiarekin bat zetozenek eta ez zetozenek ere bai. Ez dut ikusi beste alderdirik halako prozesu bat egiten. Gero, guk ireki genuen halako erabaki konplexu bat hartzeko kontsulta. 2.000 lagunek parte hartu zuten. Bestela ezingo zen halako erabaki sendorik hartu. Konplexutasun guztiarekin, aurrera egitea erabaki genuen.
«[2019an] UPN eta PSN ententea berrosatzea zen alternatiba. Guk hori garbi ikusten genuen»
Zer ekarri du erabaki estrategiko horrek? Garrantzitsua izan da?
Bai, UPN eta PSN ententea berrosatzea baitzen alternatiba. Guk hori garbi ikusten genuen. Bai, bai. Segur aski, erabaki hori hartu izan ez bagenu, egoera politikoa aldatu egingo zen agian.
Aldaketaren ondareetako bat eskuina gobernutik at uztea izan dela aipatu duzu. Zure ustez, jada ez da aski horrekin?
Ezinbestekoa da, baina, era berean, ez da aski. Horrek ondorioak izan behar ditu egiten den politikan, eta politika egiteko moduan. Ondorioak izan behar ditu herritarren beharrei begirako politiketan: bai etxebizitzaren arloan, bai arlo sozialean, bai osasungintzan, bai hezkuntzan, bai eta jendeak hautemateko moduan ere. Beti ikusi behar ditugu instituzioek dituzten mugak, eta hasieratik berehala ikusi nituen horiek. Zer motela den dena eta zer zaila den batzuetan ezberdinen artean adostasunak lortzea eta haratago joatea, eta anbizio handiagoz jokatzea. Urratsak egin dira urte hauetan, ukaezinak dira, baina asko dago egiteko. Jarraitu behar da lanean, jarraitu behar da presio egiten, lantzeko gelditzen diren hainbat kontu eta onartzeko dauden hainbat lege aurrera ateratzeko.
EH Bilduk asmatu al du?
Frantziako Tourrean bezala, gu etapaz etapa ondo ari garela uste dut. Hauteskunde emaitzek hala esaten dute. Udaletan egiten dugun lanak laguntzen digu, herritarrek gertuen ikusten duten politika hori baita, eta jendearen konfiantza horri eusten laguntzen baitu. Dena likidoa den garaian, heldutasunak eta herritarrekin hartzen diren konpromisoak ahal den neurrian betetzeak badauka emaitzarik: hori da, nire ustez, gakoa.
Beste etapa bat Iruñeko zentsura mozioa izan zen. Nola bizi izan zenuen?
Hori ere nork esango zigun... Bartzelonan nengoen oporretan, abenduaren 28an, Inozente egunean. Egindako bide baten emaitza izan zen. Emozio handiz bizi izan nuen, eta nork esango zigun hamar urte lehenago hori posible izango zenik. EH Bilduk Iruñeko alkatetza bigarren aldiz izateak oso ongi irudikatzen du fase politiko hau.
Bakartxo RUiz jaso
Euskal Filologia ikasi zuen 1999ra arte, Gasteizen, eta amaitutakoan ordezkapen bat egiten hasi zen San Fermin ikastolan, Zizur Txikian. Hamabi urte egin zituen bertan, baina 2010 amaieran legez kanporatzeak salatzeko Hamaika Bil Gaitezen herri plataforman parte hartu zuen. Udaberri hartan, foru hauteskundeetan Bilduren zerrendatan aurkeztu zen, independente gisa, bigarren postuan. Ordutik hamabi urte egin ditu politikaren lehen lerroan. 2015eko akordio programatikoaren negoziazioetan buru-belarri ibili zen. 2019an, berriz, EH Bilduko zerrendaburu aurkeztu zen. 2022an iragarri zuen 2023ko foru hauteskundeetan ez zela aurkeztuko eta, hortaz, politikaren lehen lerroa utziko zuela. Azken hilabete horietan, EH Bilduko Mahai Politikoko eledun izan zen, Unai Urruzunorekin batera. 2023-2024ko ikasturtean San Fermin ikastolara itzuli zen euskara eta literatura eskolak ematera. «Izan daitekeen lanbiderik politena», dio X sareko soslaian.