Udal eta foru hauteskundeen harira, hiru asteko kanpaina jarri dute martxan fracking-aren aurkako taldeek. Haustura hidraulikoaren aurkako borrokan indarrak batzen segitu nahi dute. Bide horretan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan eta foru aldundietan hautagai izango direnei begira egin dute kanpaina hau. Agiri bat prestatu dute hautagaiek hura sinatuta fracking-aren aurkako konpromisoa erakuts dezaten.
Hainbat arrazoirengatik abiarazi du kanpaina Fracking Ez plataformak. Batetik, uste du hurrengo agintaldia "erabakigarria" izango dela haustura hidraulikoaren gaian. Hori dela eta, "garrantzitsutzat" jo du botoa eman behar duten herritarrek jakitea alderdi bakoitzaren jarrera zein den. Bestalde, gogorarazi du herri ekinaldi legegilea martxan dagoela, baina ebatzi gabe oraindik. Hori horrela, kanpainaren bultzatzaileek uste dute udalerriek eta aldundiek Eusko Jaurlaritzari presioa egiten jarraitu behar dutela, behin betiko debekua ezar dezan.
Maiatzaren 6an bukatutzat emango dute kanpaina, eta, datu guztiak batu ondoren, emaitzak aztertzeko prentsaurreko informatibo bat egingo dute maiatzaren 12an. Horrez gain, udalerri bakoitzean lortutako emaitzen berri herriz herri emango dute, bertako alkategaiek fracking-aren inguruan zer pentsatzen duten jakinda hautesleek bere botoa eman dezaten.