Nitazenoen kontsumoarekin zerikusia duen heriotza baten berri eman dute Nafarroan

21 urteko gazte bat hil zen 2024ko abuztuaren 2an, hainbat substantzia kontsumitu ostean. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak orain egiaztatu du nitazenoek eragindako heriotza izan zela. Opioide sintetiko horri lotutako lehen heriotza da Euskal Herrian.

Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietako ataria, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietako ataria, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2026ko apirilaren 7a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen aldiz, nitazenoen kontsumoari lotutako heriotza bat erregistratu dute Euskal Herrian. Kasua 2024koa da, baina osasun arduradunek orain egiaztatu dute heriotzaren jatorria. Zehazki, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Larrialdi Zerbitzuko Toxikologia Klinikoko taldeak aztertu du kasua, Nitazenos: una amenaza cada vez más próxima txostenean (Nitazenoak: gero eta hurbilago dagoen mehatxu bat), eta El País egunkariak eman du horren berri.

2024ko uztailaren 28an, 21 urteko gazte bat artatu zuten Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko larrialdi zerbitzuan. Konorterik gabe zegoen, hainbat substantzia kontsumitu ostean. Anbulantzian, larrialdietako mediku taldeak hiru Naloxona dosi eman behar izan zizkion —opioideen gaindosi kasuetan ematen den botika ohikoena—, «arnasbideetako depresio akutua eta iraunkorra» zuelako, eta ospitalean, beste zenbait dosi eman behar izan zizkioten gaztea bere onera ekartzeko. Heriotza arriskua igarota, gazteak sendagiria eskatu zuen, eta bere kabuz atera zen ospitaletik. Handik bost egunera, abuztuaren 2an, hilik topatu zuten bere etxean. Analisiek detektatu zuten beste zenbait droga ere kontsumitu zituela.

Nitazenoena opioideen familia bat da, eta azken urteetan kezka piztu du AEBetako eta Europako osasun erakundeen artean, substantzia horiek duten arriskuagatik. The Lancet aldizkari espezializatuak duela bi urte argitaratutako artikulu baten arabera, nitazeno mota gogorrenen eragina fentaniloarena baino 40 bider handiagoa da. Horrexegatik, ez dira inoiz klinikarako onartuak izan, dosi seguru baten eta gaindosiaren arteko tartea oso-oso txikia baita. Opioide horien kontsumoa handitzen ari da AEBetan, eta, era berean, baita gaindosiek eragindako heriotzak ere. Europako zenbait herrialdetan ere sumatu dute goranzko joera; besteak beste, Estonian eta Erresuma Batuan.

Hala ere, nitazenoaren arriskurik handiena beste droga batzuekin nahastea da: heroinarekin, fentaniloarekin eta benzodiazepinekin, besteak beste. Izan ere, kontsumitzaileak sarritan ez daki zer ari den hartzen, eta, nitazenoa beste substantziak baino dezente indartsuagoa izanik, oso erraza da dosi segurua gainditzea. Horrez gain, opioideen kontsumitzaileentzat garatutako tratamenduak ez dira hain eraginkorrak opioide sintetikoekin, eta zaila da nitazenoaren gisakoak ohiko analisietan detektatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA