Noiz eta nondik igaroko da 24. Korrika?

AEK-k jakinarazi du 24. Korrikaren ibilbidea: 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze inguru izango ditu. Kilometroak otsailaren 1etik aurrera erreserbatu ahal izango dira.

Irati Urdalleta Lete.
2026ko urtarrilaren 8a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atharratzetik Bilbora. Zuberoatik mendebaldera. Euskal Herria bere luze-zabalean josiko du 24. Korrikaren lekukoak: 2.175 kilometro, euskara(z) izateko. Otsailaren 1ean zabalduko dute kilometro horiek erreserbatzeko aukera.

Noiz eta nondik pasatuko da Korrika? Horixe izaten da jakin-nahi handienetarikoa Korrikaren bueltan. Bada, AEK-k gaur jakinarazi ditu 24. Korrikaren ibilbidearen xehetasun guztiak. Hasi, jakina denez, Atharratzen hasiko da, martxoaren 19an. AEK-k azaldu duenez, Korrika ez da ia inoiz pasatu Basaburua eskualdetik, abiatzeko ez bada. Handik lehenengoz eta azkenengoz 1985ean igaro zen, laugarren Korrikan; hura ere Atharratzetik abiatu zen. Gainera, AEK-k emandako datuen argitara, Basaburua da, biztanle kopurua aintzat hartuta, euskal hiztun gehien galdu dituen eskualdea.

Atharratzetik 15:30ean aterako da, eta hortik aurrera marraztuko du lekukoak Euskal Herria, euskararen herria. 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze inguru izango ditu, eta 460 bat herritatik igaroko da, harik eta martxoaren 29an Bilboko Areatzako zubira heldu arte. Inoizko parte hartzaileena izatea dute xede.

Atharratzerik Irurira joko du, eta Ozaze, Zalgize-Doneztebe, Doneztebe, Mendikota eta Gotaine igarota, 16:49an sartuko da Korrika lehen hiriburuan: Maulen. Zuberoa atzean utzita, Behaskanetik sartuko da Nafarroa Beherera; 19:13an iritsiko da, eta bertan egongo da goizaldera arte. Ostiraleko ordu txikietan helduko da hiriburura, Donibane Garazira: 02:53an.

Nafarroarantz egingo du handik, eta lurralde horretan pasatuko du nola ostirala hala asteburu oso-osoa. Arnegitik helduko da, eta, lehenengo, Pirinio inguruan ibiliko dira tipi-tapa korrika: 05:58an, Orreagan; 08:35ean, Abaurregainean; 10:12an, Otsagabian, eta 12:42an, Izaban. Arratsaldean, Zangozerrira joango da: 18:50ean helduko da Irunberrira, eta 20:34an, Zangozara. 

Larunbata, berriz, nagusiki Erriberan igaroko du: 08:57an ailegatuko da Tuterara; 13:10ean, Castejonera; 16:19an, Azagrara... Eta igandean, Iruñean eta inguruetan ibiliko da. Txantreatik sartu-irtena egingo du 11:48an, eta, ondoren, Mendillorritik ailegatuko da hiriburura, 13:03an, eta eguerdia bertan pasatuta, Sanduzelaitik aterako da 16:17an. Arratsaldean, Estellerrian ibiliko da; 21:17rako Lizarran izango da.

Nafarroa atzean utzi, eta Araban ibiliko da Korrika astelehen goizean, Arabako Errioxan, Mendialdean eta Lautadan, eta handik, Ziorditik barna, berriro Nafarroara egingo du. Altsasun izango da, 13:39an; Sakanan igaroko du arratsaldea. 

Astelehen gauean iritsiko da 24. Korrika lehenengoz Gipuzkoara, Lizartzatik, 21:33an, eta han ibiliko da asteartean ordu txikietan: 22:35ean, Tolosan; 00:13an, Andoainen; 03:44an, Irunen. Handik, Bortzirietara egingo du, eta, esaterako, 06:33an Lesakan izango da. Baina asteartearen zatirik handiena Lapurdin egingo du Korrikak, eta hiriburura ere, Baionara, egun horretan bertan helduko da, 20:28an.

Biharamuna ia osorik Gipuzkoan pasatuko du, nagusiki kostaldean. Martxoaren 25ean, asteazkenenean, goizaldean pasatuko ditu, besteak beste, Hondarribia eta Errenteria, eta Herreratik sartuko da Donostiara, 09:20an; hirian igaroko du goiz osoa, eta 12:54an aterako da Lasarte-Oria aldera. Arratsaldean, Urola Kostara egingo du: Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba... Eta Bizkaira iluntzean ailegatuko da, 20:18an, Ondarroatik.

Korrikak Lea-Artibain hasiko du osteguna, Lekeition. Goizean, Busturialdean, Uribe Butroen eta Eskuinaldean ibiliko da: Gorlizen, 09:06an; Leioan, 12:04an; Barakaldon, 13:23an. Arratsaldean, berriz, Ezkerraldean eta Enkarterrin. 

Ostegunetik ostiralerako gauean, berriro Araban sartuko da: Amurriora ailegatuko da 00:47an, eta Laudiora 03:21ean; alta, segituan egingo du berriro Bizkaira, Arakaldotik, 04:14an. Hego Uriben eta Arratian goiza pasata, atzera Arabara egingo du: Ubidetik iritsiko da, 11:42an. Hantxe egingo du arratsaldea: Argantzonen izango da 18:05ean, eta Trebiñun, 19:03an. Hiriburura, Gasteizera, berriz, 20:53an iritsiko da.

Amaitu bezperan, berriz, Gipuzkoa zeharkatuko du euskararen aldeko ekinaldiak. Debagoienetik helduko da, Leintz Gatzagatik, 02:17an, eta goizerako Goierrin izango da: Ormaiztegin, 09:04an; Lazkaon, 11:04an. Eta Tolosaldean ere egingo ditu kilometro batzuk. Handik, Urola Kostarantz joko du berriro, Errezildik, 15:02an, eta Azpeitia, Zestoa eta Azkoitia igarota, Debabarrenera igaroko da Elgoibartik, 19:26an.

Azken eguna, berriz, Bizkaian igaroko du oso-osorik: Durangon 01:31n; Loiun, 06:37an... Bilbon amaituko da 24. Korrika. Enekuritik sartuko dira furgonetak hirira, 07:22an. Azken metroak Abandon egingo dituzte, Areatzako zubian, 12:04an. Eta hortxe argituko dira eskuz esku 2.175 kilometro igaroak izango dituen lekukoaren mezua eta haren egilea. 

Korrikaren aplikazioa

Azken aldietan bezala, aurten ere Korrikak badu aplikazioa. Bertan, martxoaren 19tik 29ra Korrika non dabilen jakiteko aukera egongo da, eta furgonetetako zuzeneko irudiak ere emango dituzte. Gainera, egunero bideo kronika bereziak ikusgai izango dituzte aplikazioko erabiltzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.