«Nola da posible euskaraz ikasteko eskubidea etapa batzuetan bermatzea, baina Lanbide Heziketan ez?». Oinarrizko galderak mahai gainean jarri dituzte gaur, Bizkaiko hainbat Lanbide Heziketako zentrotako normalizazio arduradunek Bilbon egindako agerraldi batean. «Lanbide Heziketako ikasleek zer aukera dute benetan euskaraz ikasten jarraitzeko?». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari egotzi diote euskarazko irakaskuntza behar bezala ez sustatzea. Datuak eman dituzte erakusteko gainerako zikloekin alderatuta euskararen presentzia oso urria dela Lanbide Heziketan. «D ereduan matrikulatzen dira DBHn ikasleen %73,1; Batxilergoan, %68; Lanbide Heziketan, %29,4».
Horren atzean Hezkuntza Sailak ezartzen dituen «irizpideak» daudela esan dute. «DBHko eredu eskaintza eskariaren araberakoa da; Lanbide Heziketan, berriz, aldez aurretik planifikatua egon ezean, ez da D eredurik eskaintzen», salatu dute. «Ondorioa argia da: lan mundura bideratutako ikasle askorentzat euskarazko ikaskuntza eten egiten da, nahiz eta aurreko etapa guztietan euskaraz ikasi». Lan mundua euskalduntzeko premia agerikoa da, eta esan dute gogoan hartu behar direla gazteak euskaraz ez hezteak dakartzan zailtasunak. «Milaka ikaslek ez dute euskaraz lan arloko hizkera, tresna eta ohiturak garatzeko aukerarik. Are gehiago, mezu okerra zabaltzen da: euskara ikastea baliagarria da etapa batzuetan, baina ez lanerako».
Euskara indartzeko «bide orri bat» eskatu dute. Egitasmo serio bat izatea nahi dute: «Helburu zehatzak dituena, eta epe jakin batzuetara mugatua». Gaurko agerraldian parte hartu duten ordezkariek ELA, LAB eta Steilas sindikatuen sostengua izan dute.